Inkesten gerra lehertu da Eskozian
Eskoziako erreferenduma deitu zenetik lehenbiziko aldiz aurretik dira independentziaren aldekoak: %44 estatu eskoziarraren alde, %43 aurka, %13 zalantzan. SNPk enkargatutako inkesta batek dio hori. Justu kontrakoa dio YouGov-ek egin eta STV telebista kateak zabaldutakoak. Horren arabera, eskoziarren %59 estatuaren aurkakoa da, eta %29 besterik ez aldekoa. Inoizko alde handiena erakusten du azken inkesta honek. Ondorio asko atera daitezke inkestetatik, baina bakarra da segurua: iritzi publikoa baldintzatu nahi duten inkesten gerra lehertu da Eskozian. Auziak 2014ko irailaren 18ra arte iraungo du, alegia, “Eskozia herrialde independentea izatearekin ados al zaude?” bozkatu arte.
Independentistak aurrenekoz garaile
2011ko abuztutik ez zen horrelakorik ageri. Independentistak aurretik dira inkesta batean, %1eko aldeagatik bada ere. 2011 urteko inkestaren unean ez bezala, kasu honetan erreferendumaren galdera eta data erabakita daude. Inkesta hau egin duen etxe berak uztailean Erresuma Batuan mantetzearen aldekoei ematen zien garaipena, %46 %37ren aurka. Oraingoan %44 dago alde, zazpi puntu gehiago, eta %43 aurka, hiru puntu gutxiago. Zer bozkatu ez dakitenen kopurua %17tik %13ra jaitsi da. Zalantzatik erabakira pasa diren horiek guztiak, antza, independentistak egin dira.
Scottish National Party: “Erreferendumerako urte bete falta denean inkestek erakusten dute Yes kanpaina gizartearen iruditerian txertatzen ari dela, eta aldiz No kanpaina, “Beldurraren proiektua”, indar gabe gelditzen ari dela”. (Inkestaren harira SNPk argitaratutako oharra)
(Irailaren 2an argitaratutako inkesta. Abuztuaren 23tik 28ra egin zen galdeketa. Laginak 1.043 lagun jaso ditu, 18 urtetik gorakoak. SNPk enkargatu dio inkesta, Panelbase-ri)
Ikusi Panelbase-ren inkestaren emaitzak xehe-xehe.
Erresuma Batuan mantentzearen aldekoak inoiz baino gehiago
Inoizko alde handiena dute estatuaren aurkakoek, %30ekoa. Independentistak %29 dira, unionistak %59, zalantzan daudenak %10. Inkestako beste datu batzuen arabera, DevoPlus aukera da herritarren gogokoena (%41), eta ondoren datoz orain arteko estatusa (%29) eta independentzia (%21). 2014ko erreferendumak ez du DevoPlus aukera aintzat hartuko.
Scottish National Party: “Edozein kasutan, DevoPlus aukera ez da eskainiko dena. Argi gelditzen ari da gero eta jende gehiagorentzat baiezko botoa dela botere propioa bermatzeko aukera bakarra”. (Inkestaren harira SNPko kide batzuen adierazpenak)
Better Together: “Hau Better Together kanpainarentzako berri ona da. Lehenbizi, zalantzan daudenak independentziaren kanpainari bizkarra eman diotelako. Bigarrenik, erakusten duelako baiezkoaren aldekoengana heltzen ari garela mezu positibo batekin, zeinak itzultzearen politikan sakonduko duen”. (Inkestaren harira Better Together-eko kide batzuen adierazpenak)
(Irailaren 1ean egin eta argitaratutako inkesta. Laginak 1.171 lagun jaso ditu, 18 urtetik gorakoak. DevoPlus taldeak enkargatu dio inkesta, YouGov-eri)
Ez dituzte argitaratu inkestaren emaitzak xehe-xehe: STV News-ek jasotako datuak.
Albiste hauek euskal abertzale independentistengan ilusioa besterik ez dute sortzen. Eskozia eta Euskal Herria ezin dira konparatu.