Ingurunea ezagutuz, emaitza hobeak eta arrisku gutxiago
Komunikazio prozesua hasi baino lehen ezinbestekoa da, batetik, gure ingurumena ezagutzea, baita bestetik, gurekin harremanetan arituko denaren ingurumena ere. Bestela erranda, ezinbestekoa da jakitea zer mundutan bizi garen, gure parekoa zer mundutan bizi den, zein diren bere beharrak, nahiak, kezkak, iritziak, usteak… Hots ezinbestekoa da ikerketa bat egitea.
Gehienetan edo askotan behintzat, urrats hori baztertzen da aurrekonturik ez dagoelako edo presaka gabiltzalako. Baina kontutan hartu behar da, neurri handi batean, komunikazio planaren eta komunikazio akzioen arrakasta horren araberakoa izanen dela. Aurre ikerketan ikusiko dira gabeziak, indar-guneak, aukerak eta mehatxuak. Gainera, ikerketa egiten joan ahala, ingurumena ezagutuko dugu.
Aurre ikerketarik gabe komunikazio plan edo akzioak egin daitezkeela? Bai. Baina arrisku handia hartuko dugu ziurrenik norabide gabe arituko garelako. Ikerketarik gabe komunikazio plana edo akzioak arrakastatsuak izan daitezke? Bai. Baina suerte kontua izanen da neurri handi batean. Ikerketa bat egiteko denbora hartzeak eta horretarako aurrekontu bat izateak arriskua murriztuko du. Eta arriskua murrizten duen heinean, balizko akatsak edo gaizki eginak zuzentzen dirua aurreztuko dugu, baita denbora ere.
Horren harira, ezinbestekoa da kontutan hartzea gizarteak izan duen aldaketa. Modernitatetik post modernitatera pasatu gara, edo bestela erranda, industriaren gizartetik informazioaren gizartera. Industriaren gizartean, merkatua estatukoa zen, orain berriz, informazioaren gizartean, globala da. Erosten ditugun produktuak ez dira gehiago tokikoak, eta ekoizten ditugunak ez dira tokiko merkaturako. Mugak desagertu egin dira, eta produktuak diodanean izan daitezke produktu fisikoak, baina baita zerbitzuak ere.
Bi gizarte horien arteko balore nagusia ere aldatu da. Lehenago lana edo beharra zen balore nagusia, orain berriz, kontsumitzea. Industriaren gizartean lanak erakusten zuen norberaren nortasuna, orain berriz kontsumismoak, kontsumitzeko gaitasunak eta produktua hautatzeko gaitasunak. Hori erranda, kontutan hartu behar da ez dela zientifikoa, eta agian, zuetariko asko ez zarete horrekin ados izanen. Baina joera bat da, eta nire ustez, ezin da ukatu gizartea bere osotasunean hartuz.
Bi gizarte horien ezaugarri asko aldatu dira modernitatetik post modernitatera pasatzean ondoko taulak erakusten duen bezala. Ez duzue bat eginen kasu guztiekin, baina apustua egiten dizuet erdiarekin behintzat bat eginen duzuela.
MODERNITATEA | POST MODERNITATEA |
Utopia nagusi | Pragmatismoa nagusi |
Iragana, oraina eta etorkizuna kezka iturri dira | Berehalakoa da lehentasuna. Memoria gutxiago dago |
Sakratuarekin bizitzen da | Mitoak galdu egin dira |
Arrazonamenduz bizitzen da | Emozioekin bizitzen da |
Eginbeharrak lehenik | Plazerra lehenik |
Giza taldearen beharra | Norbera eta pribatutasuna |
Etika | Estetika |
Zerbait ekarri dizuedalakoan, datorren astean gehiago…
Aupa Xan!
Ados nago idatzitakoarekin. Hala ere, ezkorra naiz gure enpresen komunikazio jardunekin. Iruditzen zait oraindik ere askok modernitatearen garaia urruti dutela, eta ez dut nahi imaginatu post-modernitatera noiz iritsiko ote diren.
Euskal Herrian behintzat oso enpresa gutxik dute benetako komunikazio kultura. Orain arte produktua saldu nahi izan dute, ez marka, eta ezta beraien benetako jarduna ere.
Gure enpresek ez dute komunikazio prozesurik garatu. Egin dituzten gauza apurrak zentzurik gabe egin dituzte, inolako estrategiarik gabe, zerbait egitearren. Akats larria!
Fabrikazio prozesuek beren pausuak dituzten moduan, komunikaziokoek ere badituzte egin edo jarraitu beharreko urrats batzuk.
Hori barneratu ala hil; hori izango da, seguruenik, gure enpresei gertatuko zaiena.
Kaixo Unai!
Hori da preseski blog honekin egin nahiko nukeen ekarpena. Hau ez da komunikazio arloko profesionalentzat egindako bloga, baizik eta enpresa, elkarte eta erakundeak ohartzeko asko irabazi dezaketela komunikazioa behar den bezala landuz. Agian erronka handiegia bota diot nire buruari, baina saiatzeagatik….
Gaurko hau ikaragarri guztatu zaidak, Xan.
Ados niok, gehienean.
Hurrengo batean, hasieran dioken komunikazio lanaren eraginkortasunerako aurrez egindako ikerketek emaitzaren onerako nola lagundu dezaketen azaltzen deken parte horretan sakontzea eskertuko nikek…
Bigarrenari buruz… aspaldi honetan Jon Sarasua esan eta erran eta esan ari denaz zerbait entzun al dek? Urrutira gabe hik dioken bide horretatik zabilek hura ere.
Beno ondoloin eta ongi bizi
Jakoba
Milesker Jakoba,
Kontutan hartzen dut zure eskaera, eta ondoko batean saiatuko naiz aurre ikerketak emaitzetan nola eragiten duen zehatzago azaltzen, agian, kasu konkretu batzuk emanez.
Jon Sarasuarena, ordea, ez dizut ongi ulertu.
Xan
Xan, Gilles Lipovetskyren arabera, are urrunduagoak gaudek: modernitatea>posmodernitatea>hipermodernitatea http://alua.mundua.com/2007/01/11/hipermodernoak-gara/
Ondo segi
Oso interesgarria Hasier. Milesker.