Estatutuak editorialetan: bertuteak eta sakondu beharreko proposamenak

Horrela, Jon Eskisabelek, Berriako Hizpidean, atzoko adierazpenak “astindu politikoa” eragin duela dio: “Antolakunde horrek legeztatzea lortze aldera indarkeria adierazpen oro, ETArena barne, errefusatuko duela modu argi, sendo eta irmo batez adierazteak eta ezker abertzalearen iraganeko antolaketarekiko «haustura» ekarriko duela ziurtatzeak ustekabean harrapatu ditu alderdi gehienak, uste zuten baino harago joan delako ezker abertzalea, eta seguruenik baita ezker abertzalearen botoemaile eta militante asko ere. Erabaki historiko bat da, ETAren su-etenaren tamainakoa.”

Garak ere, bere aldetik, editorialean, alderdi berriak Gernikako akordioarekin hartutako konpromisoa erabatekoa eta atzera bueltarik gabekoa dela dio. Ez dagoela taktika edo testuinguruen menpe, alegia. Baina horrezaz gainera, Garako editorialgileak, atzoko agerraldiak “errealitate berriaren aurrean, norbera den bezala erretratatzeko eta maskarak kentzeko bertutea du.” Aurrerantzean, Gararen iritziz, milaka herritar bere ideiengatik praktika demokratikoetatik baztertzea ezingo da justifikatu, ez bada eta “kalkulu elektoralengatik”. Donostiako Igara auzoan egiten den egunkariak, Espainiako Gobernuari neurria eman eta kudeaketa positiboa egin dezala eskatzen dio. Era berean, legalizazioa ez dela ezker abertzaleari egiten zaio kontzesio bat, baizik eta izatekotan, konponbiderako bidean ematen den urratsa dela ere badio. Bukatzeko, editorialaren azken aldera ezker abertzaleari egiten dio erreferentzia, esaldi borobil batekin amaitzeko: “abertzaleak mugitzen badira, denak mugituko dira.”

Adierazgarria da, beste zentzu batean, Vocento taldearen editoriala. Ezker Abertzale berria titulua eman dio eta, bertan dio, Ezker Abertzaleak konfidantza boto bat eskatzen duela bide baketsu eta demokratikoetatik joateko erakutsitako konpromezua erakusteko. Horrek, Vocento taldearen iritziz, herritarrek Ezker Abertzalearekiko duten deskonfidantzari erantzuten dio. Hala eta guztiz ere, El Correok eta Diario Vascok, Etxeberria eta Iruinen saiakera hankamotz ikusten dute, besteak beste, su-etenak atzera bueltarik ez duen arren, helburu berberei eusteko konpromezua erakutsi zutelako Ezker Abertzaleko lider historikoek. Horregatik, adierazgarria da pasarte honetan editorialak dioena (bere horretan gaztelaniaz emana): “Dos empeños imposibles de conciliar, puesto que la integración democrática de la izquierda abertzale depende de que rompa con su pasado, evitando toda reivindicación exitosa del mismo.” Ulertu behar ote da berekin, Ezker Abertzaleak uko egin behar diela bere helburuei, Sortu alderdi berriak legala izateko? ETAren ekintzak ez ezik, ETAren izaera bera salatu eta kondenatu beharra ere garrantzitsutzat jotzen ditu, El Mundok egingo duenaren bidetik, Vocento taldeak. Editorialgileak, atzo hartutako erabakian ez geratzeko eta sakontzeko eskatzen dio, finean, Ezker Abertzaleari: “Los matices que ha de añadir a sus manifestaciones de ayer deben abundar no en el sostenimiento de su horizonte independentista sino en su compromiso con la libertad y sus normas; no en la renuncia genérica del uso de la violencia sino en el reconocimiento del daño causado por el terrorismo; no en el pronóstico sobre la irreversiblidad del proceso sino en la explícita llamada a ETA para que abandone las armas de una vez y para siempre. Independientemente de las resoluciones que adopten los tribunales, estas son las demandas que los partidos, las instituciones y la mayoría de los ciudadanos trasladan a la izquierda abertzale para reconocerla como nueva.”

Argiak, Xabier Letonaren irakurketan, Ezker Abertzaleak emandako urratsaren ausardia azpimarratzen du: “Bilbon egindako agerpenak ez du inor hotz utzi eta ezker abertzalearen azken bi urteetako bidean hartutako erabaki sendo eta ausartenetakoa da. Gero eta gehiago ari da bistaratzen ezker abertzalearen prozesu honek ez duela atzera bueltarik.” Atzo idatzia dagoela jakinik, Letonak asmatu egiten du Espainiako Gobernuaren jokaerarekin, honek justiziaren esku utziko dituela estatutuak iragarriz. Letonaren ustez, estatutuei begiratuta, legeztatu egin beharko lukete alderdia, “hauek gaur egun Espainian dauden dozenaka alderdiren gisakoak direlako eta indarkeriari dagokionez, horietako gehienak baino zehatzagoak. Azkenean, ezker abertzaleak berriz ere argi adierazi du helburu politikoak lortzeko bortxaren erabilera baztertzen duela, ETAren bortxa espreski eta argi aipatuz.” Behin errekurtsoen katramilan sartuta baina, Estrasburgoko epaitegiak eman dezakeen erantzunaren mamua hor egonik ere, Argiako zuzendariarentzat eztabaida ez da juridikoa, politikoa baizik: ETA jardunean zelarik ere, Iniciativa Internacionalistak nahikoa izan zuen biolentzia modu orokor batean gaitzestea Europako hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Baina ETAren historiako su-eten indartsuenean izatea eta ezker abertzaleak biolentziaren –ETArena barne– arbuiatze historikoa egitea, ez da nahiko alderdi berria legeztatzeko eta etengabeko baldintzak jartzen zaizkio beste alderdiak bezala aritu ahal izateko: berrogeialdia pasa behar duela, denbora luzean arbuiatu behar duela ETA, harengatik bereizi behar dela edo argiki gaitzetsi… Iniciativa Internacionalistarekin nola jokatu zuen ikusita, hala ere, logikoena litzateke Konstituzionalak oraingoan ezker abertzalearen alderdi berria legeztatzea.”

El Paisek Sorturen legalizazioa justiziak ebatzi behar duela uste du. Editoriala idatzi duenaren ustetan, pentsaezina litzateke estatutuetan esaten dena duela zenbait hilabete, baina hutsuneak ere ikusi dizkio proposamen berriari. Besteak beste, iraganeko gertakariak ez salatzea dago, adibidez. El Paisen ustetan, iraganeko bortxa ez salatzeak sinesgarritasuna kentzen dio proposamenari. Vocento taldeak egin bezala, pilota Ezker Abertzaleko buruzagien teilatuan jartzen du berriz El Paisek, atzo Euskaldunan agertu ondoren ere.

Azkenik, Noticias taldeko egunkarien editorialean, ASB ilegalizatzeko aintzat hartzen ziren hiru arrazoiak bete zituela atzo Ezker Abertzaleak dio. Tartean ETAren biolentzia salatzea dagoelarik, Noticias taldeko editoriala idatzi duenarentzat, hau 1977tik Ezker Abertzaleak hartutako ildo estrategikoaren autokritika egitea ere bada, zentzu batean. Legalizazioa auzitegien eskuetan jartzeak, bestetik, Espainiako Gobernuari prozesuaren tenpusarekin jokatzeko aukera ematen diola uste du.

 




Sortu alderdi berria sortu du Ezker Abertzaleak

Irudia | Sortu alderdi berria sortu du Ezker Abertzaleak | Kalea | LGPL

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Estatutuak editorialetan: bertuteak eta sakondu beharreko proposamenak”-ri buruz