Independentisten fabrika
Independentisten fabrika
Bartzelonan bizi den lagun bat ama izan berri da, eta azken egunotako lurrikara politikoa nola bizitzen ari den galdetuta urruti bizi duela diost, indiferentziaz. Jaiotzek eta heriotzek bultzatzen gaituzte lur hartu eta inportantea den horri lehentasuna ematera: bizitza bera, zernahi dela ere horrek esan nahi duena.
Jaiotza edo heriotza bat hurbil tokatu bitartean, ordea, ahaztu egiten zaizkigu une horietako errebelazio eta sakonkeriak. Eta hala, txikikeriek osatzen dute gure egonaldia lurrean. Txikikeria oso oso garrantzitsuek. Historia liburuak betetzeko adina.
Kataluniako thriller politikoa aho bete hortz jarraitu bitartean, hor erdian nire lagun hau irudikatzen dut. Erditze goiztiarra izan du eta jaioberria arnasgailuz, kablez, kirurgia-orbainez josita dauka. Haurraren garapen egokia ez den guztiak bost axola dio. Bere inguruan sekulakoak gertatzen ari dira, Historia™ (ikustekoa dago zertan geratuko den guztia season finale-an) bere protagonista, antagonista eta korapiloekin, eta hor tartean daude baita ere, ez hotz ez bero, istorioan ezer esatekorik ez dutenak: extrak. Horietako batzuk, nire laguna bezala, bizitza bera zaintzen lanpetuta.
Bizitzaren zaintza ez dator ordea ez historia liburuetan, ez komunikabideen editorialetan, ezta hilabete bukaerako nominan ere. Ematen duenez, besterik gabe, bada; grabitatea edo autodeterminazio eskubidea bezala.
Nire lagunaren semea ez dakit ze motatako estatu edo distopiatako hiritar izango den urte batzuk barru, baina badakit bere ongizatea ez duela gorbatadun gizon batek bermatuko. Independentistak ez ditu Rajoyk sortzen; andre anonimoek produzitu eta zaintzen dituzte, musu-truk (=“maitasunaren izenean”). Noizbehinka komeni da begien bistakoa dena gogoratzea, uste baino gehiagotan ahazten zaigunean batez ere.
Bertolt Brechten Langile baten galderak liburu baten aurrean poema datorkit burura, eta galdera asko falta direla otutzen zait. “Emakume baten galderak liburu baten aurrean galderak egiten dabilen langile baten aurrean” idazteke daukagu oraindik.
Zenbat historia, hainbat galdera.
.