Euskaldunak katalanez (11 kantu)

Euskaldunak katalanez (11 kantu)

Mundua Kataluniara begira dagoen honetan, bertan jarriko dugu arreta geuk ere, musikaren bitartez. Eta zergatik? Xabier Letek esandakoarekin bat egiten dugulako.

.

“Zoritxarrez, herri anaiak, Euskal Herria eta Katalunia, elkarrengandik urrutiegi bizi gara, ez dugu elkar ezagutzen”, dio Letek, eta musika herri baten kulturara hurbiltzeko modu paregabea denez, hamaika kantu dakartzagu sarrera honetara. Ez dute zertan kantu alaiak izan, borroka kantuak, batzuk hala diren arren. Euskal musikariek katalanez abestu dituztelako dakartzagu, besterik gabe, gehienak.

.
1 Xabier Lete “Corrandes d´exili” (Joan Oliver, Lluis Llach)
2 Jabier Muguruza “Tan petita” (Maria Mercé Marçal)
3 Ken Zazpi “La lluna”
4 Rafa Rueda “En deute amb les fotografies”
5 Betagarri “Un poble viu”
6 Lax´n´Busto “T´Estimo molt” (Pirritx eta Porrotx)
7 La Pegatina “Vull viure” (Esne Beltza)
8 Berri Txarrak “Sols el poble salva al poble” (Kop)
9 Trikizio “Jo eta Ke” (Su Ta Gar)
10 Josu Bergara (eta Paul Alabajos) “Una paraula”
11 Mikel Laboa “Assentiré de Grat (Kataluniaren omenez)”
+ Juan de Diego TRAKAS “Calçotsalda”

.

 

Elkarlanak eta itzulpenak

Soinu bidaia Xabier Lete berarekin hasiko dugu, “Canço a Catalunya” entzungo ez dugun arren. Lehendik ere katalan musikarien kantak jotakoa zen Lete, Raimonenak eta, baina honakoan “Corrandes d´exili” jotzen du, Lluis Llachek musikatu zuen Joan Oliverren poema. Gerra galdu ostean Frantziara erbesteratu zirenetakoa zen poeta, eta bertan idatzi zuen “Erbesteko kalejira tristea”; 1999an Errenterian zuzenean jaso -irailak 29 zituela!- eta oiartzuarra zendu eta gero argitaratu zen diskoak gordetzen duen kantua.

Kataluniarekin harreman sendoa dute Muguruza anaiek ere. Jabierren kasuan, gainera, Mediterraneo ertzean gurean baino harrera hobea duelakoan gaude. Anaietan zaharrenak Maria Mercé Marçal poetaren “Tan petita” kantatu zuen Barnasants jaialdian 2015ean, Mikel Azpirozen teklatuak eta Meritxell Gené, Feliu Ventura eta Mariona Castilloren ahotsak lagun zituela; zuzenean grabatutako emanaldia hau ere, Leterena bezala, eta Ara egunkari katalanak banatua.

Doinu ezagunagoa izango da, entzule gehienontzako, “La lluna”, Ken Zazpi taldearen “Ilargia” kantuaren itzulpena baino ez da eta, Eñaut Elorrietak berak katalanez kantatua. Bizkaitarrek beste zenbait abesti ere itzuli izan dituzte, “Poema dels oprimits”, “A Gernika”, “Compta-hi”…

Ken Zazpiren bide bera hartu izan du Rafa Rueda mungiarrak ere -kasu, lan berria argitaratzear da-, eta “Zuhaitz okerretan gora noa” diskoan, bi kantu eman zituen katalanez, “En deute amb les fotografies” bata, argazkiekin zorretan.

Orain gutxi agur esan digun Betagarrik ere egina zuen bertsio bat katalanez, “L’estaca”. Gorka Knörrek ere aspaldi grabatu zuen Lluis Llachen kantua –“Agure zaharra” izenburuarekin-, Bilbon Gure Esku Dagok hilabete hasieran deitu zuen manifestazio bukaeran elkarri bizkarretik helduta kantatu genuena, eta oraintsu euskal musikari batzuk elebidun bihurtu dutena. “Hamaika gara” diskoan, ordea, propio katalanez sortu zituzten bi abestietako bat; “Un poble viu” bata, bizirik den herria.

Norabidea aldatu eta bi talde katalan jarriko ditugu jarraian kantari, gure kantuak itzulita. Baga, Lax´n´Busto taldea, euskal doinu ezin ezagunago bat “T´Estimo molt” bihurtu zuena. Euskaldunok behin ausartuko ozen eta jendaurrean “maite zaitut” esatera eta… hara!

Biga, La Pegatina, Esne Beltzakeko lagunekin batera euskal kantu bat katalanez eman zuena; nahi dut “Vull viure” bihurtzen da haien ahotsean -gaur eta etzi Bartzelonako Apolon jotzen dute-, nola guk euskaraz haiek katalanez bizi nahi dute-eta.

Berri Txarrak taldean, Gorka Urbizuk ere kantatu izan du katalanez, KOP taldearen “Nostrat” diskorako egindako “Sols el poble salva al poble” abestian -Afrikak ere parte hartu zuen lan horretan, baina euskaraz kantatu zuen “Izotza”-.

Katalanez abestu duten euskal musikariez mintzo garela, arreta berezia jarri behar dugu Trikizio taldearengan, “Euscat” egitasmoan horixe egin baitzuten, Lluis Llach edo Inadaptats euskarara ekarri eta Hertzainak edo Su ta Gar katalanez eman; “Jo eta Ke”!

Elkarlanetara itzulita, Josu Bergarak ere kantatu zuen katalanez 2012ko “Katiuska gorriak” bere hirugarren lanean, oso lagun duen Paul Alabajos kantautore katalanarekin batera; “Una paraula” kantua, hitz bat, askatasuna.

Bukatzeko, nola ez, Mikel Laboaren “Assentiré de Grat (Kataluniaren omenez)”, 1966 bueltan sortu arren 1994an grabatu zuena lehenengoz, “14” lanerako, eta Salvador Spriu poetaren hitzak oinarri zituela.

Eta gainera, azkenburuko modura, Juan de Diegoren kantu bat, “Calçotsalda”, Kataluniari gorazarre gastronomiko. Jazz tronpeta joleak duela asko jo zuen Bartzelonara, eta musikari legez bizi ahal izateko erbesteratua, anaia Victor eta Gorka Benitez saxofoi joleak bezala, bertan bizi da -orduan ez zegoen Musikenerik gurean-. Bizkaitarrak gidatzen duen Trakas taldearen “Erbestea” lan liriko zoragarria ixten duen kantan, calçot-ak “euskal erara” kozinatzeko errezeta ematen digu.

Jakingo duzuenez, kataluniako gastronomian oso plater tipikoa da calçot, Tarragonakoa batez ere; tipularekin egin eta neguan jaten da.

Euskaldunak katalanez  Euskaldunak katalanez Euskaldunak katalanez  Euskaldunak katalanez,,Euskaldunak katalanez
Euskaldunak katalanez (11 kantu)