«Ijitoak, zergatik kezkatzen da Europa?»

MzI5Ng==

Frantzian ijitoak sistematikoki kanporatzeko politika ezartzea erabaki izanak ez ditu zalantza moralak bakarrik sortzen. Europako zuzenbidearekiko bateragarritasun arazoak ere sortzen ditu, are gehiago kontuan izanda Lisboako Ituna indarrean sartzea Europako herritartasunerako aurrerapausotzat jo dela eta, zentzu zabalagoan, oinarrizko eskubideen arlokotzat. Denbora luzea ez dela, Frantzia Oinarrizko Eskubideen Ituna Europar Batasuneko zuzenbidean sartzearen aldeko sutsuenetako bat zen eta gogora dezagun azken itun hori Frantzia EBko lehendakaritzan zegoela onartu zela, Nizan, 2000. urtean.  

Hasteko, gauza sinple bat nabarmendu behar da: herritar errumaniar batek, Europar Batasuneko herritar gisa, Lisboako Itunak bermatutako zirkulazio askerako eskubidea dauka. Zehazki, nortasun agiri bat baldin badauka, EBko hogeita zazpi herrialdeetan ibil daiteke. EBko edozein herrialdetan hiru hilabetez gera daiteke, inolako baldintzarik gabe. Hortik aurrera, ez da zaila konturatzea EBko herritarrak multzo handitan kanporatzeak interes praktiko eskasa daukala! Eta gaineratu dezakegu arauak gogortzeko ideia barrokoa, hainbat aldiz aipatua, EBko herritar guztiei aplikatu beharko litzaiekeela, imajinatzen ditugun ondorioekin… 

  Egia da, ez dugu ukatuko EBko herritarren zirkulazio askeak zailtasun praktikoak eragin ditzakeela, bereziki gizarte babeserako sistemez baliatzeari edo lan merkatuan sartzeari dagokienez. Horregatik, EBko 2004/38/EE Zuzentarauak EBko beste herrialde batean hiru hilabete baino gehiagoan bizi nahi duten europarrei bere beharrak asetzeko gai dela frogatzeko eskatzen die, baita osasun estaldura daukatela ere. Europako Batzordeak estatu kideei zuzendutako gida batean, 2009ko uztailean argitaratua, nabarmendu du oinarrizko eskubideetarako muga bat denez, estatu kideek beren baldintzak eskuzabaltasunez aplikatu behar dituztela. Izatez, EBn libreki zirkulatzeko eskubidea EBko herritar aberatsenei bakarrik aplikatzen bazaie, eragin oso mugatua izango du, mundu osoan libreki finkatzeko askatasunak aberatsei ez baitie arazorik sortzen.

Oinarrizko Eskubideen Itunak 45. artikuluan aldarrikatutako eskubide honen errealitatea ebaluatzeko aukera ematen digun benetako adierazlea zera da: baliabide mugatuak dituzten herritar europarrak EBko edozein herrialdetan libreki finka daitezkeen. Ildo horretan, EBren eraikuntzak sortzen duen zailtasun handienetako batekin topo egiten dugu: askotan, herritar europarren pertzepzioak askatasun ekonomikoetara mugatzen dituela itunak bermatutako askatasunak. Europa boluntarista bat, enpresei lanera etortzeko eta prezioak suntsitzeko aukera emateari dagokionez, baina uzkurragoa askatasun indibidualei dagokienez. Beraz, Oinarrizko Eskubideetako komisario Vivianne Redingen jarrera eskertzekoa da.     Hondamendia Frantziak Europan eta munduan daukan irudirako  

Baina zalantza juridikoak ez dira hor bukatzen. Frantzia da Europako Kontseiluaren Gutxiengoen Eskubideei buruzko Konbentzioa ez sinatu, ez berretsi ez duen kide bakarretakoa. Orain arte, Frantziak argudiatzen zuen bere lurraldean ez dagoela gutxiengorik eta bere printzipio konstituzionalak nahikoak zirela lurraldeko herritar guztien berdintasuna babesteko. Alabaina, ijitoei lotuta ezarritako politikak arrazoibide hori auzitan jartzen du.  

Gutxiengo baten bazterketa? Kanporatze uholdearen motibazioa legez kanpoko kanpalekuak desegitea da, baina, hain zuzen ere, legez kanpoko egoera hori lurzorurik eskuratu ahal ez izateak eragin duenez… hau da, Frantziako legearen urraketa batek, nola ez ondorioztatu nomadei Frantzian finkatzea ukatzeko asmoa dagoela? Modu berean, baliabideen baldintzetan populazio horien egoera kontuan ez hartzeak berak bazterketa eragiten du.

Eska ahal diezaiekegu ijitoei leku batean modu iraunkorrean finkatzeko Frantzian bizitzeko baimena emateko? Gainera, ez dago errepikatu beharrik politika hori zalantzarik gabe baztertzailea dela; izan ere, populazio horien ustezko kriminaltasunean oinarritzen da, Europako Kontseiluko Giza Eskubideetako komisarioak nabarmendu duen bezala.   Jomuga populazio nomaden berezko bizimodua denez, gutxiengo baten aurkako eraso argi baten aurrean gaude; gutxiengo horrek egindako hautu kulturalengatik egindako erasoa ere. Berriz ere, Oinarrizko Eskubideen Ituneko 21. artikuluak argi adierazten du: «Gutxiengo nazional bateko kide izatean oinarritutako bazterketa oro debekatuta dago».   Ijitoei lotuta ezarritako politika barregarria ondorio praktikoei dagokienez, ahula arlo juridikoan, dramatikoa bere eraginpean dauden populazioentzat eta hondamendia Frantziak Europan eta munduan daukan irudirako.

Jatorrizko artikulua.

Irudia | Ijitoak | Wikimedia | Creative Commons By SA

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

2 pentsamendu “«Ijitoak, zergatik kezkatzen da Europa?»”-ri buruz

  • Eskerrik itzulpenagatik. Inmigrazioa krisi garaiotan arazo bat bezala ikusten da.

  • ba ez luke hala izan behar. Inmigrazioa, betidanik, gizakiaren bizimoduko konstante bat izan da. Beti bizimodua hobea izango dela uste den tokira joanez. Beti libre. Inmigrazioari buruzko lege oro, gizakiaren izaera propioa ukatzen duen legea da