Txapela buruan, ibili munduan (2)
Txapela buruan, ibili munduan (2) –
Gogoetaren lehen partean mugikortasunaren arazoa aztertua izan da ibiltzearen ikuspondutik. Bigarren zati honetan mugikortasunaren izenean eguneroko bizian inposatzen diren bizimoldeak aztertuak dira. Zein den lasterka horren zentzua, galdatuz.
60, 70 eta 80 hamarkadetan, modelo ideal tipikoa zen estatuto sozial iraunkor bat lortzea bizi guzirako atxikitzeko gisan. Nolabait rutina batean instalatzea piramida sozial “normalizatu” baten bitartez. Gauregun gauza jakina da alde batetik piramida sozial horrek arras guttiago funtzionatzen duela eta bestaldetik mota guzietako rutina guziak ez direla egokiak eta hautsi egin behar direla. Kasik zaila bezala kausitzen da erraitea “untsa naiz naizen lekuan”. Iraunkorki instalatzea leku batean, lan batean eta gisa hortan nolabaiteko rutina bat onartzea ez da gehiago norma, behar da mugitu, aldatu, lanez aldatu, egongiaz aldatu, ingurumen sozialez eta lagunez aldatu. Nere enplegua lanjerrean bada, nere ezaugarri nagusia izan behar da egoera horri itzulipurdikatzea eta goizetik biharamunerat beste lan bat aurkitzea, jakin gabe ere lan berri hori iraunkorra izanen den. Alta pentsa litaike emankorra izaiteko lan batean, pertsona batek rutinaren eta iraunkortasunaren beharra dituela. Lanak du ere gutariko bakotxa identifikatzen luzaroan eta usu lan berdin batean. Justuki zer gordetzen dute moda sozial “berri” horiek? Dominatzaileak izan nahi duten harreman sozialak? Sufrikario sozial gordeak?
.
Mugikortasuna omen libertatearen sinonimo da
Hainbat kasutan kausitzen gira “proiektu berriak” muntatu beharreko sozial jendarte batean, beti ta berriz lan talde berriak sortuz eta kudeatuz.
Alta lan “kultura” berri horiek ez ote dute oraino talka egiten lehengo sistemarekin, zointan toki eta lan berdinean iraunkortzeak bazuen bere sentsu osoa?
Oporraldietan bezala, lan eremuan ere batzuek bultzatu nahi dute etengabeko mugikortasuna.
Hitz magikoa.
Alta ohar gintaizke aski fite, errexa dela mugikortasun hori bizitzea edo bultzatzea delako piramida sozialaren segurtasun guzien jabe delarik. Gisa hortan ahal da gomendatu gero ta malgutasun gehiago, flexibilitate gehiago, epe laburreko lan kontratu gehiago piramidaren azpiko aldean diren guzientzat. Gisa hortan “azkarrena” mugikortasun joko hortan bilakatzen da “bestea” mugiarazten duena eta beretzat behar duen mugikortasun edo flexibilitatea hautatzeko gai dena. Gosta ahala gosta, edozoin preziotan. Prezioa aipatzerakoan justuki, hipermobilitatea balore kardinal gisa aintzinean emaiten duen jendarte bat ekologikoa bilakatzen ahal ote da, serioski? Mugikortasuna omen libertatearen sinonimo dela sinetsarazi nahi daukute batzuek, nahi dena, nahi den lekuan, noiznahi egitearekin parezkatuz. Denak orroit gira garai batean aldarrikatzen zela “nere autoa, nere libertatea”, alta mugikortasun errabiatu hori manamendu bat edo kasik obligazione bat bilakatzea ez ote da arras paradoxala? Eta ondorioz nor hasiko da edo nork du eskumena etengabeko mugikortasun horren kontrolatzeko? Nola segitu aldarrikatzen mugikortasun mugagabe bat eta memento berean hasi onartzen fenomeno horrek dakarren kostu ekologikoa? Hau guzia erran eta, alta nola segitu biziarazten bizi espazio ruralak, mendi eskualdetako lurraldeak? Entzuten dira ohar ainitz mugikortasunari buruzko alde txarretaz, alta Postak bere bulegoak hestearekin edo herri ttipietako hainbat eskola edo zerbitzu publiko abandonatzearekin, zerbitzu horriek guziak metatu dira leku urbanoetan, ondorioz ruralak edota mendi guneetako herritarrak bortxaraziz bide aise gehiago egiten haurren eskolarat eramaiteko, bi gutun postatzeko, asteko erosketak egiteko edo zinemarat joaiteko. Eta zergatik ez asmatu soziologia fikzio eszenario bat burutazio erdi ero hunen mamitzeko? Auto indibidual guzieri abiadura mugatzen balitz 60 km orenean, ez litaike mugikortasuna deuseztatuko, denek segi ginezake autoa hartzen. Bainan garraio kolektiboak interesgarriagoak bilaka daitezke bapatean, autobusez fiteago mugitu bailitaike leku batetik besterat autoz baino.
.
Denborari beste funtzio bat asmatu behar zaio
Zer egin beraz etengabeko abiadura eta mundua zeharkatze droga hortarik urratska ateratzeko? Ba ote da alternatibarik mugikortasun ideologia horri ? Berriz ikasi beharko ote da mugikortasun ezaren bertutea? Berandu baino lehen aurkitu beharko dugu hurbila eta lekukoa balorizatzeko funtsa ukatu gabe urrunagoa eta globala. Abiadura hitz omen magiko horri ere arresta bat eman beharko zaio, espazioa edo denborari beste funtzio bat asmatuz. Kondenatuak ote gira hiriak eta herriak lotzeko moldeetan beti ta lasterragoko sistemak martxan emaitea nun ez den gehiago leku eta espazio bereziturik, denak lasterka eta mugimendu perpetual batean emanez ? Ez ote gira gai izanen bilgune berriak eraikitzen nun denbora hartzeak bere sentsu osoa izanen duen, nun jendea denbora hartuz gurutzatzen ahalko den, nun azken finean elkarbizitza lotuago eta partekatuago bat ahalbidetuko den ? Arazoa izaiten ahal litaike funtsezko galdera hauen erantzunek batzutan usain ultra-nazionalista eta eskuin muturreko ildokoak izaitea, erresumen arteko mugak indartuz, estatu- nazio identitarioagoak bultzatuz, kanpotiarren etengabeko konplotismoa eta inbasio nahiak molde populistean akulatuz. Eradaltze global horiek alta erremedioa beharko dute ere ezkerreko eta ekologista ikuspegitik, hirigintza plano ausartak adosteko, garraio publiko kolektiboak sinesgarriak eta seguruak indartzeko, lana eta denbora librea berlokalizatzeko. Epe luzerako hautu politikoak egin beharrean gira eta iduritzen zait ez ditugula gure eguneroko kontradikzioak gutituko modelo ekonomiko dominantea itzulipurdikatu gabe. Prezio hortan bakarrik gira sinesgarriak izaiten hasiko desregulatze klimatiko eta mugikortasun arloetan.
Txapela buruan, ibili munduan (2) Txapela buruan, ibili munduan (2)