"I have a bad dream"

MzIwMA==

Milaka pertsona bildu ziren Washingtoneko kapitolioan “Amerikak bere ohorea berreskuratu zezan” telebistako aurkezle ultraeskuindar Glen Beckek deitutako mitin politikoan eta estatuaren interbentzionismoa murriztu zedin eskatu eta fede kristauaren berpizkundea aldarrikatu zuen Tea Party mugimenduak.

“Amerika jainkoarengana itzuli da” eman zuen aditzera Beckek Abraham Lincolnen omenez eginiko monumentuaren parean. Presidentearekiko kritiko izan da aurkezlea Obama boterera heldu zenetik, eta herrialdea errejimen sozialista bilakatu nahi duela ere egotzi dio inoiz. Larunbateko elkarretaratzea hiriburuan eta ordezkarien ganbera eta senatuaren herena berritzeko bi hilabete falta direla ospatu zen arren, ultrakontserbadoreak ez zuen mitin politikoa izan zenik onartu.

Eta Glen Becken ostean, arratsaldeko izarra heldu zen oholtzara: lehendakariorde izateko alderdi errepublikarraren hautagai ohi Sarah Palin. Amerikar izateaz oso harro zegoela aldarrikatu eta, jarraian, bere egin zuen Martin Luther Kingek hiritarren eskubideen aldeko borrokan utzitako ondarea. Edonola, afroamerikar bat edo beste soilik agertu zen Washingtoneko mitinera, non hiritarren %55a beltza den. Tea Partyko kideak egun eta leku hain esanguratsuan bildu izanak iraindurik, kontramanifestazioa deitu zuen arraza-segregazioaren aurkako mugimenduak, “Ametsa eskatuz” lelopean. Al Sharptonek adierazi zuenez, Kingen ametsa ez baita oraindik bete.

Mugimendua indartuz

Barack Obamaren osasun erreformaren aurkako mitinetan jaio zen Tea Party mugimendua nabarmen indartu da azken urtean eta non eta beren erakustaldia alderdi errepublikarraren baitan ospatu diren hauteskunde primarioetan garaipen esanguratsuak lortu dituzten aste berean egin duten. Dagoeneko bost hautagai eskuratu dituzte ultraeskuindarrek senaturako: Florida, Alaska, Colorado, Nevada eta Kentuckyn, alegia.

Irudia | "I have a bad dream" | Drew | Creative Commons By SA

kazetaria-edo