Ongi hasi dira euskal taldeak

Puntuak lortu dituzte Osasunak, Athleticek eta Realak ligako lehen jardunaldian. Denboraldia ongi hasi da beraz euskal taldeendako. Reala izan da hiruetan gehien nabarmendu dena eta Osasunak golak sartzeko dituen arazoak berriz ere agerian geratu dira. Athleticek Llorenteren buruari zor dio garaipena, baina jokoa hobetzea beharrezkoa izanen du Europan jokatu nahi badu.

Lehen mailakoa

Realak aski garbi utzi zuen lehen mailako taldea dela. Hiru urteren buruan berriz ere maila goreneko partida jokatu da Anoetan. Vila-real indartsu baten aurka, talde txuri-urdinak azazkalak erakutsi ditu. Biek ala biek jokatu dute ongi eta aukerak izan dituzte. Baina minutuak aurrera joan ahala, donostiarrak gailenduz joan dira. Gol txuri-urdina 56. minutuan heldu da: Joseba Llorenteren pasea ederki probestu du Xabi Prietok. Lehenengoak orpoz pasatu dio baloia bigarrenari, atezainaren aurrean bakar-bakarrik utzi duelarik. Golak erabaki du irabazlea, baina bi taldeek izan dute aukerarik markagailua handitzeko. Reala lehenengo, 77. minutuan eta Vila-real gero, hamar minuturen buruan. Proiektu txuri-urdinak etorkizun oparoa izan dezake.

Golik ez

Osasuna ere ez da gaizki ibili etxean Almeriaren aurka. Dena-den, Camachoren mutilek arazoak dituzte golak sartzeko. Denboraldi-aurre kaxkar baten ondotik, hutsik utzi dute lehen jardunaldiko partidaren markagailua. Lehen aukerak andaluziarrendako izan dira, baina Osasuna gailendu da gero. Aukera dezente izan dituzte gorritxoek, baina ez dute asmatu Diego Alvesen aitzinean. Partidaren hondarrean, 93. minutuan hain zuzen, Carlos Garcia kaleratu du epaileak txartel gorriaz. Osasunak jokoa hobetu beharko du denboraldiaren hondarrean sufritu nahi ez badu behinik behin.

Batekin aski

Athleticek Llorenteren buruari zor dio Herculesen aurkako garaipena. Joko sobera ikusi ez bada ere, Athleticek erdietsi ditu hiru puntuak. Rico Perezen taldea gogotsu heldu da lehen mailara eta partidaren hasieran aukerak izan dituzte. Portillok baina ez du asmatu Iraizozen atean baloia sartzeko tenorean. Bien bitartean, Susaeta lanean aritu da gola sartzeko aukera haren esku izan duelarik bi bider. Lehen zatiaren hondarrean Gaizka Toquerok zelaia utzi behar izan du min hartu baitu. Gola, bigarren zatia hasi eta berehala egin dute lehoiek eta Gabilondoren pase bikainak ekarri du garaipena Bilbora. Gipuzkoarrak maisuki atera du falta eta baloia Llorenteren burura bidali du honek lana akitu dezan. Golak Alacanteko mutilen ilusioak apaldu ditu eta ez dira gai izan partidari buelta emateko. Irabazi bai, baina talde zuri-gorriak ez du joko onik egin eta beraz badu lanik bigarren jardunaldiari so. Baloia bere menpe edukitzeko zailtasunak gainditzea lehentasuna izan beharko du Caparrosen helburuetan.

MzE5OQ==

Irudia | lehen mailako partidak berriz ere Anoetan | vecinodelquinto | Creative Commons By SA
Athletic, bbva-liga, futbola, liga, osasuna, Reala
Iker Tubia

BARDO GORRI NAFARRA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude