Hizkuntzen hierarkia Espainiako Konstituzioan (eta 5)

Hizkuntzen hierarkia Espainiako Konstituzioan (eta 5) –

Denok dakigu espainiar orok duela Madrilen bezala Abaltzisketan edo Amoroton, gaztelaniaz bizitzeko eskubide osoa, eta eskubidea ez ezik jakin beharra ere 78ko Konstituzioko hirugarren artikuluak -ez ahaztu Konstituzioaren atarikoan dagoela, hots, artikulurik funtsezkoenen barruan hirugarren-, hala agintzen duelako. Beste hizkuntzak, onenean, beren berezko lurraldean erabil litezke, baina, kontuz, ez dakitenak molestatu gabe. Nola joan zen artikulu horren debatea ponentzian, batzordean eta kongresuan? Ez zuen “nazionalitateak” kontzeptua sartzeak eragin zuen lurrikararik sortu, eta militarrek ez zuten parte hartu, era agerian behintzat, baina bere ibilbidea izan zuen.

Hizkuntzen hierarkia Espainiako Konstituzioan (eta 5)Azken berrogei urteko dinamika ezaguturik uste izatekoa denez, autodeterminazio eskubidean Letamendia bezala, hizkuntzen gainean katalanak nabarmendu ziren. Jakina, eztabaidaren puntu nagusia hizkuntzen arteko tratamendu ezberdina izan zen: espainiarren ikuspegitik nazio espainol bakarrari hizkuntza derrigor jakin beharreko bakarra espainola dagokio, eta nazionalitateetako hizkuntzak beren lurraldean ofizial izan daitezke baina espainiar hiztunak molestatu gabe. Zer proposamen aurkeztu zituzten katalanek?

Konstituzioaren “gurasoek” proposaturiko artikuluaren lehen idatzaldiari zuzenketa aurkeztu zioten Gutxiengo Katalana talde parlamentarioko kideek. Lehen paragrafoa honela aldarazi nahi zuten:

Todas las lenguas nacionales serán oficiales en sus respectivos territorios. El castellano será la lengua oficial de los órganos del Estado, sin perjuicio de lo que dispongan los Estatutos de autonomía que se establezcan.

Garbi ikusten da zer nahi zuten: Katalunian (eta Euskadin eta Galizian) katalana (euskara eta galegoa) ofiziala izatea, gutxienez gaztelaniaren hein berean, eta onarturik Estatuko organoen hizkuntza gaztelania izango zela. Bigarren paragrafoari dagokionez, Gutxiengo Katalanaren zuzenketak ezartzen zuen gaztelaniaz besteko hizkuntza zuten lurralde autonomoetan, autonomi estatutu bakoitzak zehaztuko zuela “el carácter oficial exclusivo o transitoriamente cooficial con el castellano de la respectiva lengua”.

Zuzenketa horrek aurrerabiderik ez zuela eta, Konstituzio Gaien Batzordean erretiratu egin zuten, eta beste bat planteatu zuten, erreserban zeukatena, lehenbizikoak atarramentu onik ez bazuen: 

Las demás lenguas de España serán también oficiales en los territorios autónomos de acuerdo con sus respectivos Estatutos. Todos los residentes en dichos territorios tienen el deber de conocer y el derecho a usar aquellas lenguas. 

Zuzenketa zuritzeko orduan argudiatu zuten ezen ofizialtasunaren aitortza: “quedaría minimizado si no se correspondiera con la obligación que tienen cuantos residen en territorios autónomos, con lenguas también oficiales, de conocerlas”.

Euskal Talde Parlamentarioak berriz, proposatu zuen “gurasoen” artikuluaren lehen bi paragrafoak batzea eta honela idaztea: “el castellano es la lengua oficial del Estado y las demás lenguas de España son también oficiales en los territorios autónomos, de acuerdo con sus respectivos Estatutos”. Gaztelaniarekiko eskubidea, eta batez ere betebeharra, kentzea.

UCDrentzat (diskretuago) eta APrentzat (zakarrago) hizkuntzen (hots, hiztunen) arteko desberdintasun argia aditzera eman beharra zegoen, hots, gaztelaniaren eta gainerakoen artean: “con argumentos que iban desde la universalidad de la lengua de Cervantes a la protección de los castellanoparlantes residentes en territorios con lenguas propias que podían ver amenazado el uso de su lengua materna”.

Batzordeko debatean, Trías Fargasek, autodeterminazio eskubidearean ez bezala, Gutxiengo Katalanaren zuzenketaren defentsa sutsua egin zuen. Lehenbizi, baieztatu zuen katalanek elebitasuna onartzen zutela baina gaztelaniaren eta katalanaren arteko ezberdintasunak beharrezko egiten zuela neurriak hartzea bi hizkuntzen berdintasuna lortze aldera, bereziki katalanez mintzatzen jakitea Katalunian derrigorrezkoa izatea, eta katalanari Katalunian zenbait abantaila ematea ofizialtasunari zegokionez. Hori beharrezkoa zen beraren iritzian, bi hizkuntzen arteko parekotasuna eta oreka lortze aldera.

EAJko diputatu Iñigo Agirre Kerexetarentzat, gaztelania espainiar lurralde guztian ofiziala izateak berekin zekarren hura jakitea eta erabiltzea eta 

la reiteración puede interpretarse como una imposición de una lengua sobre otra, en un claro atentado contra el espíritu de igualdad y respeto que el reconocimiento del hecho cultural de las nacionalidades y regiones del Estado debe inspirar, a no ser que precisamente se pretendiera una cláusula defensiva para el castellano. (…) La Constitución debía propiciar una política reparadora de situaciones de prolongada injusticia y prolongada discriminación.

Eztabaida betean, Socialistes de Catalunya taldeko Felip Lordak zuzenketa bat proposatu zuen, zehazki, honako esaldi hau: “los poderes públicos pondrán los medios para que todos los residentes en los territorios autónomos conozcan la lengua respectiva y garantizarán el derecho a usarla”.  Haren iritzian, ezin ziren 

satisfacer los deseos de los catalanes, si no aseguramos desde la Constitución unas condiciones de existencia y desarrollo iguales para el catalán y el castellano en Cataluña”. (…) en modo alguno contiene elementos de coacción para los incorporados a las comunidades autónomas procedentes de otras áreas lingüísticas, a los que se asegura, en cambio, el aprendizaje y uso de la lengua de la comunidad de adopción, si libremente deciden aprenderla y usarla.

Zuzenketa posibilistak ere ez ziren onartu, eta hizkuntza nagusi menderatzailea betiko finkatu nahi zutenek irabazi zuten. Hala gabiltza, gabiltzan moduan. Gure estatus politiko-linguistikoa aldatu nahi dugunontzat behintzat, interesgarria da begi bat edukitzea Espainiako trantsizioari, frankismoaren auto-erreformari, handik baitatozkigu aje eta eragozpen askotxo.

Hizkuntzen hierarkia Espainiako Konstituzioan (eta 5)

Saiakera-idazlea

9 pentsamendu “Hizkuntzen hierarkia Espainiako Konstituzioan (eta 5)”-ri buruz

  • Eskerrik asko zure artikulu argigarriarengatik.
    Hala ere, ñabarduraren bat egin nahi nioke:
    Laugarren paragrafoan diozu:
    “Garbi ikusten da zer nahi zuten: Katalunian (eta Euskadin eta Galizian) katalana (euskara eta galegoa) ofiziala izatea”
    Benetan hizkuntza haiek bakarrik eta herrialde haietan bakarrik ofizialak izatea nahi zuten? Zer gertatzen da estatuko gainerako hizkuntzekin eta haiek egiten diren herrialdeekin?
    Asturiera edo astur-leonesa, enoviera, aranesa (Aran haraneko gaskoieraren-okzitanieraren dialektoa, Katalunia osoko hizkuntza ofiziala baita), aragoiera, Xalimako fala… Euskara Nafarroan, katalana Aragoian, Valentzian, Balear uharteetan eta Murtzian, galegoa Leonen… Estatu espainolean ez dira lau hizkuntza bertako egiten, hamar bat baizik.
    Proposamena egin zuenak ez zuen hizkuntzen ezta herrialdeen zerrendarik egin. Beraz, ez dugu zertan pentsatu horrelakorik zuela buruan.
    “Bigarren dibisioko” hizkuntzen hiztunok gurekin egiten den bazterkeria salatu bitartean “hirugarren dibisioko” hizluntzak eta hiztunak baztertu beharko genituzke?

  • Ona artikulua, Pako!
    Datu bat gehitzearren, nire ustez oso ezezaguna dena, eta batez ere, oso argigarria: Europako konstituzio bakar batek ere ez du derrigortzen hiritarra hizkuntza ofiziala ezagutzera.
    Ez Frantziak, ez Alemaniak, ez Italiak, ez Erresuma Batuak, ez Austriak, ez Belgikak, ez Poloniak, ez Norvegiak, ez Suediak, ez Finlandiak, ez Errusiak, ez Hungariak, ez Danimarkak… Horiek denek ezartzen dute hizkuntza ofizial bat, baina bakar batek ere ez du hura ezagutzeko betebeharra ezartzen.
    Europatik at, ez Japoniak, ez Txinak, ez AEBk, ez Indiak, ez Zelanda Berriak, ez Australiak ez dute betebehar hori ezartzen.
    Hizkuntza ofiziala ezagutzeko betebeharra ezartzen duen konstituzio bakarra, nik dakidan arte, Espainiakoa da.
    Kurioski, hizkuntza ofizialaren ezagutza betebehartzat jaso zuen lehen testu konstituzionala 1931ko konstituzio errepublikarra izan zen. XIX. mendeko espainiar konstituzioetan ez zen betebeharrik ezarri.

  • (Zuzenketatxo bat: Erresuma Batuak ez du konstituzio idatzirik, ingelesa ohituraz da ofiziala, eta han ere ez dago derrigortua ezagutza).

  • Milesker ekarpenengatik

  • Benat Castorene 2021-07-30 19:25

    Ba ote,
    frantses konstituzioari dagokionez, “inplizitua” baldin bada ere, argi eta garbi da denentzat frantsesa dela derrigorrekoa den hizkuntza bakarra.
    2.artikulua:
    La langue de la République est le français.

  • Piltzoren komentarioa dela eta, ohar pare bat.
    Espainiako parlamentuko Gutxiengo katalanak zuzenketa hura prestatu zuenean 1978an: “Todas las lenguas nacionales serán oficiales en sus respectivos territorios…” gogoan izango zuen Katalunian, XIX. mendearen bigarren zatitik aurrera batez ere, sorturiko Renaixença, segur aski Rexurdimento galegoaren nozioren bat izango zuten, eta beharbada, gutxiago, Errepublika garaiko Euskal Pizkundearena. Eta hizkuntza “nazionala”-ren pizkundearekin bateratsu, ñabardura ugarirekin, mugimendu nazionalistak, batzuk erregionalistak, beste batzuek independentistak. Eta zenbat ahalegin eta borroka sentimendu eta ikuspegi linguistiko-politiko horietatik gaurdaino. Zer esango ote lukete Andima Ibinagabeitia batek, Txillardegi batek honetaz?
    Seguru Extremadurako fala, Asturiakoa edo aragoierarena ez zutela katalanek gogoan. Zergatik? Asturiarrek edo aragoiarrek beren hizkuntza zaharra ez dutelako inoiz, salbuespenak salbuespen, nazio berezi baten ezaugarri nagusitzat hartu; eta, horrenbestez, beren hizkuntza eskualde-hizkuntzatzat hartu dutelako eta ez defendatu eta aldarrikatu beharreko hizkuntza nazionaltzat, salbuespen bakan batzuk salbu.
    Nafarroako euskara ez dakit nola sartu duzun, sartu duzun tokian.
    Autodeterminazio erreferendumaren aldeko mugimendua non dago?
    Espainia politikoa hamazazpi erkidegotan banatu eta berdindu nahirik, Galiziaren eta batez ere Kataluniaren eta Euskal Herriaren kontzientzia nazional politikoa urardotu nahi izan duten bezala, ez ahal dute beste horrenbeste egingo hizkuntzekin, eskualde eta tokiko hizkuntzak, hizkuntza nazionalekin berdindurik eta diluiturik –kontzientzia nazionala dutelako bertako hiztunek–, eta denak txokoko hizkuntzak bihurtu nahian, nahas-mahas horretan, espainiera are handiagoa egiteko.
    Corpusari dagokionez, hizkuntza guztiak berdinak funtsean, baina estatusari dagokionez ez, eta hor hiztunen kontzientzia eta praxia erabakigarri!

  • Benat,
    Bai, Frantziako konstituzioak hori dio (Poloniakoak edota Hungariakoak ere antzeko zerbait xedatzen dute).
    Baina Frantziako konstituzioan ez duzu topatuko “La langue de la République est le français. Tous les Français ont le devoir de la connaître et le droit de l’utiliser”, espainiakoak agintzen duen moduan (3.1 artikulua): “El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla”.
    Estatu batek bere hizkuntza ofiziala ezartzea, eta hiritarrari hizkuntza ofizial horren ezagutza derrigortzea bi kontu oso ezberdin dira, nire ustez.

  • Benat Castorene 2021-08-02 17:20

    Bai frantses konstituzioan “La langue de la République est le français” topatzen da bakarrik goian erran bezala.
    Bai gainerakoa “Tous les Français ont le devoir de la connaître et le droit de l’utiliser” ez da topatzen baina, ene ustez, legegilarentzat hain narbarmena zen nun ez zuen imaginatzen ahal ere egunen batean Ba ote batek ez ulertuarena egin zezakeenik. euskal jesuiten arraza bihurria ez zuen ezagutzen alabaina. (badaezpada zehazten dizut broma tipi bat dela, ez gaistoa)

  • Akaso legeekin lana egiten dudalako, baina Beñat, ikaragarrizko aldea dago hizkuntza ofiziala ezartzea edota hizkuntzaren ezagutza derrigortzearen aldean. Ikaragarria da aldea. Horregatik ez dago estaturik, Espainia salbu, bigarren betebeharra ezartzen duenik.
    (Jesuitekin nahi adina broma egin.)