Hitler txikia garbitu zuen Mercedes autoa
Adofl Hitler gaizkiaren sinbolo gisa erabilia da mundu osoan zehar. Hain da bere esanahia ankerra, haur bat hiltzeko justifikazioa izan daitekeela. Azalduko dut. Alemaniako zinema ikasle batzuek Mercedes ibilgailuen iragarki faltsu bat sortu dute. Eta zer zerikusi du hor Hitler diktadoreak? Spot-aren arabera, autoaren teknologia arriskuak iragarri eta hauek saihesteko gai da. Ondorioz, Hitler haurra bera zapaldu eta akabatzen du, automatikoki autoa gelditu beharrean. Iskanbila piztu du, nola ez, Hitlerren agertze berri honek. Alemaniako prentsak eta sare sozialek albistea jaso dute. Askok zalantzan jarri dute iragarkiaren egokitasuna. Mercedes enpresak ez du jakina begi onez ikusi ikus-entzunezko saioa (Hitlerren auto maitatuenak ziren Mercedesak).
“Mercedesek autoak saltzeko istripuak saihesten dituen teknologia azkarra erakusten du. Guk mahai gainean jarri nahi genuena gaia zen teknologiak arima balu nola funtzionatuko lukeen“, esan du Tobias Haase, bideoaren zuzendariak.
Esanahitik haratago, bideoa ezin zainduagoa da. Alemaniako herri txiki batean girotzen da, 1900 urte inguruan. Minutu eta 20 segunduan azaltzen du nola Mercedes autoek (ibilgailua gaur egungoa da, Mercedes C klasekoa) arriskuak saihesteko balio duten, jolasean dabiltzan bi neskato zapaltzea eragozten baitu. Beranduago, kometa bat airean firin-faran daraman mutiko bat agertzen da. Autoak ez du haurra “ikusten” eta azpiratu egiten du. Une horretan, emakume batek “Adolf!” ohiukatzen du, bere semeari dei eginez. Autoak herritik alde egiten du, Braunau am Inn Hitlerren jaioterriaren kartela atzean utziz. “Arriskua agertu baino lehen detektatzen du”, dio Mercedes-en letra mota berarekin idatzitako azken leloak.
Izugarria! Benetan izugarria. Eta balorazioa egitea oso zaila. Alde batetik gustatzen zait eta bestetik zalantzak sortzen dizkit. Baina polemika nahi bazuten bete-betean asmatu dute. Zalaparta ederra piztuko zen Alemanian! Ez biezaie ezer pasa zinemagile hauei.
Istripuaren unean Hitlerren Furher garaiko argazkia sartzea gustatu zait.
Antza denez, zine ikasle batzuek zabaldu dute bideoa, eta Mercedesek ez du zerikusirik iragarkiarekin. Hori bai, iragarki honek sortutako polemikarekin, batek baino gehiagok jakin du Mercedes-Benz-ek naziei laguntza eman ziela.
Nik uste dut iragarkia sakontasun handikoa dela. Hau da, sortzeko gaitasuna ukaezina da zeren gizakiaren historian Hitlerrek egindako antzeko sarraskirik gutxitan izan da. Edonola ere, bera herri batekoa zen eta bere pentsamoldearekin nahiz eginkizunekin zerikusirik ez duten herritar asko barne sartzen ditugu halakoetan. Iritziak iritzi, baina asko minduta sentituko dira Alemanian txokolate berberari buelta ematen jarraiatzearren; bai egia da milioika errugabe ere gaseatu, torturatu eta hil zituela baina historiari begira hainbat ere izan dira: Julio Cesar, Anibal, Hernan Cortes, Lope de Agirre, Idi Amin, Bokassa….
Arren, aurrera egin dezagun.