Besteon bizitza kutun

Zenbat gustatzen zaizkigun esamesak. Harrigarria da kuxkuxean ibiltzeko eta gaizki-esaka aritzeko dugun trebezia. Benetan, miresgarriak dira besteon bizitzak juzgatzeko dugun manera eta nola egiten dugun suminduarena epaitzen gaituztenean. Ez dakit telezaborraren eragina den edo etxetik ondo ikasita etortzen garen, baina gogaikarria iruditzen zait horrela jardutea, are nardargarriago, hirugarren pertsonak ezagutzen ez zaituenean, hau da, aurreiritziz aurreritzi harremanak hauts litezkeen une berean (irakurle maitiek, har ezazue erlazioaren kontzeptua zentzu zabalean).

Gainera, axolagabekoa den informazioa ematen dugu askotan, harik eta fikzio hutsaren eremuan sartu arte; asmakuntza dibertigarriagoa baita. Dena den, nik uste nire koadrillako baten lagun bizardunak bozkatutakoaz jabetu barik biziraun dezakegula koadrillan. Ez hori bakarrik, nire pisukidearen koinatuak bere emazteari adarrak jarri dizkiola jakin barik lasaiago biziko nintzatekelakoan nago, zeren eta ezagutzen ez dudan pertsona bati nola begiratzeak kezkatzera ere ailega baitaiteke, hau da, absurduaren absurdua. Hori bai, trankil egon gaitezen genero aldetik, izan ere, gizonok nahiz emakumeok marmarrean aritzeko iaioak gara. Esan dezaket afera honetan berdintasuna dela txapeldun.

Giirsakik atxikitako afixa da “Besteon bizitzaz mintzo denak ez dauka bizitza propiorik”

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.