«Historiaren eskua, Galesen»

NDY3MQ==

Western Maileko korrespontsal batek nabarmendu duenez –ez dute izenik zehaztu–, bi alderdik harritu dute: batetik, itxuraz, Legebiltzarrak legeak bere kabuz erabakitzeko beldurra desagertu izanak; eta, bestetik, lurralde ia osoko adostasunak.

Izan ere, 1997an, Erresuma Batuko Gobernuaren kontrolpeko 20 eskumen Galesen esku uzteari buruzko erreferenduma egin zutenean, Tony Blair lehen ministro laboristak bultzatuta, baiezkoa oso alde txikiagatik nagusitu zen. Galeseko laboristak beraiek zatituta zeuden eta batzuek ezezkoa eskatu zuten; aurten baiezkoaren alde egin duen eta Londresko ministro askoren aholkulari izandako Tim Williamsek, besteak beste.

Bestalde, aurreko erreferendumean lurralde zatiketa nabarmena izan zen: galestar nortasuna sendoen dagoen lurraldeetan (iparraldea eta mendebaldea) baiezkoen ehunekoa dezente handiagoa izan zen Ingalaterraren eragin handiena dutenetan baino (hegoaldea eta ekialdea). Oraingoan ez da halakorik gertatu; 22 barrutietatik 21etan nagusitu da baiezkoa. Beraz, galestarrek erabakiak hartzeko prest daudela erakutsi dute, Western Mailek nabarmendu duenez.

Erreferendum hau Galeseko Gobernuak bultzatu du. Are gehiago, Galeseko Alderdi Laboristak eta Plaid Cymruk osatutako koalizioaren lehentasunetako bat izan da eta biak oso pozik daude emaitzekin, baita liberal demokratak eta kontserbadoreak (toryak) ere. Lehenengo hirurek 1997koa ere babestu zuten; kontserbadoreek, ordea, ez.

Toryen eta herritar askoren jarrera aldaketaren arrazoietako bat hauxe izan daiteke: datozen hauteskundeetatik aurrera, Erresuma Batuko Legebiltzarrean ordezkari galestarren kopurua 40tik 30era jaitsiko denez, haien interesei behar adinako arreta emango ez dieten susmoa.

Azken urte hauetan, hainbat eskumen eduki arren (osasun, hezkuntza, garraio eta ingurumen arlokoak, besteak beste), Galeseko Legebiltzarrean legeak onartu ahal izateko, Westminsterri banan banako baimena eskatu behar zioten. Aurrerantzean zuzenean onartu ahal izango dituztenez, bertako gobernua eraginkorragoa izatea espero da.

Horrez gain, Galesen autonomia Eskoziakoarekin eta Irlanda iparraldearekin pixka bat gehiago berdinduko da, nahiz eta txikiagoa izaten jarraituko duen. Tradizioz, Galesen burujabetzak ez du beste herrialdeetan bezalako pisurik izan. Western Mailek azaldu duenez, Eskozian adibidez, 1997an autonomo izan aurretik, erakunde propio ugari zeuden; Galeseko erakundeak, berriz, Erresuma Batukoen tokiko ordezkaritzak besterik ez ziren.

Orain, nazio horien guztien eskumenak handitzearen ondorioz, Londresko gobernuak haietan dituen hiru estatu idazkaritzak bakarrean biltzea aztertzen ari dira.

Irudia | Wales | StveSnodgras | Creative Commons By SA

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...