Iruñean hizkuntza-paisaia euskaraz nahi dugu!: 2.418 sinadura

Iruñeko Euskalgintzaren Bilgunea (AEK, IKA, EHE, Administrazioan Euskaraz eta Sortzen-Ikasbatuaz taldeek osatua) aritu da sinadurak biltzen, Iruñeko Udalak euskarari hizkuntza-paisaian bere tokia eman diezaion eskatzeko.        

Gaur, 2011ko martxoak 11, Iruñeko Udaleko Erregistroan 2.418 sinadura aurkeztu ditugu. Hauxe da eskaeraren testua:              

“Behean sinatzen dugunok Iruñean euskaraz bizi nahi dugun herritarrak gara. Euskalgintzako eragileek, hainbat jendarte-eragilek zein herritar anonimo ugarik egindako lanari esker oparoa da euskarari emandako bultzada. Euskaldunon hizkuntz eskubideak, ordea, ez daude bermaturik eta alor honetan erantzukizun berezia dute administrazioek.              

Iruñeko Euskalgintzak Iruñean euskaraz bizitzeko abiatu duen dinamikaren lehen geralekua Udalaren ardurapeko hizkuntza-paisaia da eta dinamikarekin bat eginez interpelazio zuzena egin nahi diogu Iruñeko Udalari gutxien-gutxienik ildo konkretu honetan neurri zehatzak hartu eta eskubideen urraketa konponbidean jar dezan.              

Izan ere, hizkuntza-paisaiak ahotsik gabe ozen hitz egiten du: Kale izenen plakek, norabidezko seinaletikak, errotulazioak kartelek eta hainbat elementuk osatzen dute eta herritarrongan duen eragina handia da, modu subliminalean mezu ugari transmititzen baititu. Hizkuntza-paisaiak nolako hirian bizi garen adierazten digu, hiri euskaldun edo erdaldunean; hizkuntza-paisaian tokiko hizkuntza agertzen ez denean, euskaldunok osatzen dugun komunitatea bere osoan estaltzen da; hizkuntza-paisaian euskara agertzeak edo ez bere prestigioa eta balio soziala zein den adierazten du. Euskarak hizkuntza-paisaian toki duina ez izatea are eta larriagoa da berau baztertzea erabaki duena Administrazio publikoa baldin bada, herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen baitira. Administrazioek, gainera, gizartearendako erreferente eta aitzindari izan behar dute, gizarteari jokabide konkretu bat transmititzen ari baitzaizkio. Beraz, Iruñera etorrita, bere hizkuntza paisaian euskara gutxiestean Iruñeko Udala euskaldun komunitatearen gutxiestea transmititzen ari da, herritarren jokabidean eraginez.        

Gauzak honela, eskaera hauek egiten ditugu:  

1.      Hizkuntza-paisaia erregulatzeko indarrean dagoen Euskararen Ordenantza zorrotz aplikatzea.

2.      Udalaren ardurapeko hizkuntza-paisaian euskarak lehentasunezko tokia izan dezan, egungo ordenantzan egin beharreko aldaketak egitea.

3.      Aldaketa horiek egiteko bidean Iruñeko Udala eta euskalgintza elkarrekin aritzea”.  

Ea Udaleko arduradunek eskaerei erantzun positiboa ematen dieten!              

2011-03-11.              

IRUÑEKO EUSKALGINTZAREN BILGUNEA.            

Ordezkaria: SAGRARIO ALEMAN ASTIZ.

Iruñean hizkuntza-paisaia

Irudia | Iruñean hizkuntza-paisaia | ezezaguna | LGPL

Administrazioan Euskaraz Taldea

Zer duzu buruan “Iruñean hizkuntza-paisaia euskaraz nahi dugu!: 2.418 sinadura”-ri buruz