«Historiarako egunak»

Sahararrek erresistentziarako sekulako gaitasuna daukatela erakutsi digute azken hamarkadetan, gerrei, erbesteari eta zapalkuntzari aurre egiteko modukoa. Baina azken egunetan Aaiunen gertatzen ari diren jazoerak historikoak dira. «Nazkatuta gaude» kontsignarekin, milaka sahararrek basamortuan askatasun gune bat eraiki dute. Hala ere, Maroko mehatxuka ari da.

Dagoeneko inork ez du zalantzarik Mendebaldeko Saharan une honetan gertatzen ari diren jazoerek eragin eta garrantzi historiko oso nabarmena daukatela. Milaka lagunek –horien artean adineko pertsonak eta haurrak zeuden–, etxeak utzi eta beren hirietatik ateratzea erabaki dute, jaioterri eta bizileku dutena, basamortuan haimetan ezartzeko, behar den adina denbora irauteko borondate irmoarekin. Marokok beraiek baztertzeaz nazkatuta daude, irainduak izateaz, umiliatuak izateaz, beraiena dena lapurtzeaz nazkatuta.

Hau eta da onen eta gaiztoen istorio bat, onak eta txarrak leku guztietan baitaude, herrialde guztietan, bando guztietan. Eta denek dauzkate su eta gar defendatuko dituzten arrazoiak. Baina justizia istorio bat bada. Munduko txokoetan miatu eta zaila izango da bere etorkizuna erabakitzeko herri sahararrak baino merezimendu handiagoa duen herrialde bat topatzea. Aurkako egoeran eusteko izugarrizko gaitasuna erakutsi dute. Badakite munduak bizkarra eman diela (nazioarteko erakundeez, estatuez eta gobernuez ari naiz, eta gizarte zibilaren zati handi baten izugarrizko hauspoa baztertzen), baina, hala ere, erresistentzia bizimodu bilakatu dute.

Urriaren 9aren inguruan izan zen. Lehenengo, haima dozenaka batzuk; gero, ehunka; orain, milaka. Sahararrak Gdeim Izikera «nazkatuta gaude, ezin dugu gehiago» kontsigna hutsarekin iristen joan ziren. Antolatu egin dira. Kanpadenden artean, segurtasun zerbitzua, erizainak, mekanikariak, garraiolariak… daude. Lonazko hiri txiki bat bezalakoa da, haimen itsaso bat ezerezaren erdian. Baina han ere ez diete bakean bizitzen uzten.

Protesta berezi honen hasieratik, marokok aurpegi errukigabeena erakutsi du. Jada milaka polizia eta soldaduk Gdeim Izik inguratzen dute, helikoptero militarrak kanpalekuaren gainetik hegaka dabiltza eta han sartu-irtenak egitea abentura hilgarria da, frogatuta geratu den bezala. Gure lankide Laura Gallegok esaten duen bezala, Aaiun gaur, oraintxe bertan, hiri setiatua da eta Gdeim Izik marokoarrek eraikitako harresiek, alanbre-hesiek eta harri tenteek inguratzen dute. Basamortuan hesiak hazi dira.

Lehenengo, beldurraraztea eta, igande gauean, metrailetak. Nola justifika daiteke gertatutakoa? Norbaitek pentsatzen al du, benetan, zibil errugabeen aurka tiro egitea eta 14 urteko mutiko bat hiltzea arrazoizkoa dela? Zer gertatu da Marokok eta Polisarioak sinatu zuten eta lurralde horretan armak erabiltzea debekatzen zuen su-etenarekin? Non dago NBE behar dutenean, hau gerta zitekeela ohartarazi diotenean? Minursok ez al zuen su-eten hori zaindu behar, ez al zen bere helburu nagusia? Edo basamortuan turismoa egiten lanpetuegi daude?

Ez dakit nola bukatuko den istorio hau. Argi dagoena da Marokok ez duela lekukorik nahi. Atzo, zazpi kazetari espainiarri lurralde okupatuetan sartzea eragotzi zien. Han zer gertatzen den sahararrei beraiei, Sahararen aldeko elkarte zibilei eta, zergatik ez esan, gaur Aaiundik informazioa ematen ari den kazetari bakarrari, Laura Gallego lankideari esker dakigu. (…)


http://www.guinguinbali.com/index.php?lang=es&mod=news&task=view_news&cat=11&id=1023

Saharako hirien inguruan kanpalekua

Irudia | Saharako hirien inguruan kanpalekua | Ezezaguna | Creative Commons By SA

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...