Pentsiodunak gaur kalera ateratzeko arrazoiak

Hauek dira Hego Euskal Herriko pentsiodunen federazioak mugiaraztera bultzatu dituzten kezka batzuk:

-«Espainiako Gobernuaren erreformarekin, erretiratu ondoren, pertsonak duintasunez bizi ahal izateko aukera gutxituko da»

-Gaur egun 300.000 pentsiodunetik gora pobrezia larrian edo erlatiboan bizi da. Pobreziaren muga, Espainiako Gobernuaren beraren arabera, 1.020 eurokoa da, eta alargun pentsiodun ugarik 350 eurotik behera kobratzen dute hilean.

-Gizarte zerbitzuen eskaintza urria eta garestia da, eta ez du betetzen benetako eskariaren % 25 ere. Gizarte zerbitzuetara barne produktu gordinaren %2 bakarrik bideratzen da, Eurapako batez bestekoaren erdia.

-Emakumeak dira egoera okerrenean daudenak: kotizazio gabeko pentsioak, alarguntzakoak eta etxeko langileenak direlako baxuenak.

Hauek dira gaurko lau manifestazioekin kaleratu nahi dituzten eskaerak:

-Erakundeek ezikusiarena egiteari utzi eta ardurak beren gain hartzea agintariek, “publikoez jabetzen ari diren aberats gutxi batzuen interesen gainetik, euskal herritarron eskubideei lehentasuna eman diezaieten”

-Gutxieneko pentsioak: Pobreziaren atakatik atera eta duintasunez bizi ahal izateko, pentsio guztiak 1.020 eurotik gorakoak izatea

-Gizarte zerbitzuak: Aurrekontu publikoetan bestelako pisua behar dute eduki gizarte zerbitzuek. Zerbitzu publikoen zerga sistemari dagokionez, finantzatzeko zerga-politika zuzen eta mailakatuak erabili behar dira.

-“Hemen bizi gara, hemen kotizatu dugu, hemen erabaki nahi dugu”. Pentsioei  buruz Euskal Herrian erabakitzea eta erabaki horietan gizarte erakundeek eta sindikatuek parte hartu ahal izatea.   

Pentsionistek Londresen egin zuten protesta bateko irudia

Irudia | Pentsionistek Londresen egin zuten protesta bateko irudia | , | LGPL