Historialariak 1938ko Ezkabako ihesean parte hartu zuen gizon baten bila ari dira Kalifornian

San Cristobal gotorlekua, Ezkaban

Film batean kontatzeko moduko ihesaldia izan zen –“The great escape” (1950) film mitiko hartakoaren parekoa– baina Francoren propaganda ofizialak isilaraztea lortu zuen. 1938ko maiatzaren 22an, Ezkaba mendiko San Kristobal kartzelatik 795 presok ihes egitea lortu zuten, bertan bizi zituzten baldintza negargarriak eta torturak jasan ezinik. Horietatik 207 ihesaldian bertan erail zituzten; 585, berriz, atzeman zituzten, eta hiruk baino ez zuten lortu Frantziako mugaraino heltzea.

Edo hori zuten historialarik orain gutxi arte. Izan ere, Fermin Ezkieta historialaria laugarren gizon misteriotsu baten bila ari da. Inork ez daki haren izenik, soilik, antza, Kaliforniaraino heltzea lortu zuela eta han bizi zela, gutxienez 1998a arte. Ezkieta eta Pedro Oiarzabal historialariek Diasporako euskaldunen laguntza eskatu dute gizon hori aurkitu eta Ezkabako presoen oroimena berreskuratzeko.

Pedro Oiarzabal historialariaren Basque Identity 2.0 blogari esker izan dugu istorioa zirraragarri honen berri. Gure webgunera ekarri nahi izan dugu, izan ere, pasarte honek historia liburuetatik jauzi egin eta egungo Kaliforniako euskal Diaspora Europako preso ihesaldirik jendetsuenarekin uztartzen du.

1938ko maiatzaren 22an gertatu zen San Cristobal gotorlekuko ihesaldian, 795 presok lortu zuten kartzelatik alde egitea, baina Francoren propagandak eraginda, ahantzita gelditu den istorioa bilakatu da. Aitzitik, antzeko beste ihesaldiei buruz filmak ere egin dituzte; esaterako, 1944an Poloniako Salag Luft III Camp konzentrazio esparrutik alde egin zuten 76 ofizial aliatuen istorioa jaso zuen “The great escape” (1950) mitiko hura. Bada, historialariek laugarren gizon misteriotsu hori topatzea lortuz gero, Ezkabakoa hura baino arrakastatsuagoa izan zela frogatu ahal izango dute.

Francoren aurkako presoak

1938an Iruñea inguruko San Kristobal gotorlekuan Francoren aurkako preso 2500 preso inguru pilatu zituzten, egoera negargarrian. Gehienak errepublikarrak, langile mugimenduko militanteak eta nazionalen aurkako borrokalariak ziren.

Historialariek bildu dituzten testigantzen arabera, janari falta, hotza eta torturak ohikoak ziren, eta egoera jasan ezina bihurtu zen. Orduan, ihesaldia prestatu zuten bi militante komunistek –Leopoldo Picó Pérez
bilbotarrak (319. presoa) eta Baltasar Rabanillo Rodríguez valladolidtarrak (1012. presoa)– eta horri esker atxilotuen heren batek gartzelatik hanka egitea lortu zuen.

Errepresio latza

Hurrengo egunetan 795 iheslari horietatik %28 kartzela inguruan akabatu zituzten frankistek, eta berriz ere preso hartu zituztenak 40 egunetako isolamenduarekin eta jipoiekin zigortu zituzten.

Ihesaldiaren hamairu buruzagiak, Baltasar tarteko, heriotz zigorra jaso zuten. Leopoldo atzeman eta epaiketarik gabe fusilatu egin zuten. Ihesean parte hartu zuten beste atxilotu batzuk gotorlekuan hil ziren 1938a eta 1943a artean, gaixotasunak eta jaso zituzten tratu txarrak eraginda.

795 lagunetatik haietatik hiru soilik lortu zuten gotorlekutik 50 kilometrotara dagoen Frantziako mugara heltzea: Valentín Lorenzo Bajok, José Marinero Sanzek eta Jovino Fernández Gonzálezek.

Kaliforniako gizona

Hala eta guztiz ere, istorioa ez da hemen amaitu. Antza, 1998an Kaliforniatik etorri zen gizon bat Ezkaba inguruan ibili zen, 60 urte lehenago iheslariek egin zuten bidea berregiten. Bisita hartatik gelditzen den arrasto bakarra gizon horrekin topo egin eta berarekin solasean aritu ziren bizilagunen testigantzak dira. Gizon harek kontatu omen zien 1918an Azagran jaioa zela eta 1938an Ezkabako ihesldiabn parte hartu zuela. Mugara heldu ei zen eta han Martin Urrelsen baserrian ezkutatu zen, Bankan. Martinen bi anai, Michel
eta Jean, Kalifornian artzain zebiltzala jakin zuen eta hara joatea erabaki zuen.

Gizon misteriotsu hark Frantziatik Mexikora joatea lortu zuen eta handik, muga zeharkatuz, Kaliforniara. Cedarville herrian Urrels anaientzako lanean aritu zen zenbait urtez. Gero, Bigarren Mundu Gudan estatubatuar armadarekin Europan borroka egin omen zuen, tanke batailoi batean. Guda ostean kamioi enpresa bat sortu zuela esan zien gizonak, eta, bera Nafarrora etorri zenerako, semeek jarraitzen zutela negozioarekin.

Kalifornian laugarren iheslariaren bila

Hori da Kaliforniako bisitari harekin topo egin zutenek gogoratzen dutena: bere iraganeko unerik gogorrenak berrikustera etorri zen 70 urteko gizon baten istorioa. Bere nortasunaren berri ez du inork, baina pasarte honek laugarren iheslariaren teoria indartzen du, eta, hori frogatzea lortuz gero, Ezkabakoa izago litzateke Europako historia garaikideko ihesaldirik arrakastatsuena.

Horretan ari da Fermin Ezkieta historialaria, gai honi buruzko ikerketa sakon eta interesgarria egin duena. Ihesari buruz eta laugarren gizon honen misterioari buruz gehiago jakiteko, jo “Los fugados de Ezkaba 1938” webgunera.

Kaliforniako gizon honi buruzko informazio eske Diasporako euskaldunei deia luzatu diete Ezkietak berak eta Pedro Oiarzabal historialariak. Haren berririk izanez gero, bidali mezua Ezkietaren webgunera edo Oiarzabalen Basque Identity 2.0 blogera.

Datorren maiatzaren 22an ihesaldiaren 75. urteurrena beteko da eta une ezinhobea izan daiteke gure historiako pasarte honen oroimena berreskuratzen jarraitzeko. Ahalegin horretan lan eskerga ari da egiten 2000az geroztik Txinparta elkartea.

2006ean, Iñaki Alforja zuzendariak ihesaldiari buruzko dokumentala, “Ezkaba”, oso-osorik ikus daiteke, hemen.

Zer duzu buruan “Historialariak 1938ko Ezkabako ihesean parte hartu zuen gizon baten bila ari dira Kalifornian”-ri buruz

  • Datuak zehatzago esatearren. “The great escape” (1950) film mitiko hura oinarritu zuen Salag Luft III Camp konzentrazio esparrua egungo Poloniako Zagan herritik hurbil dago, baina II. Mundu Gerra aurretik Alemaniako (Prusia) lurraldea zen eta alemaniarren menpe zegoen horregatik. Poloniarrek ostera “berreskuratutako lurralde” gisa deitutakoen barruan da Zagan.