Zumalakarregi Museoak ‘Elegante Eguna Ormaiztegi 2013’ egitasmoa aurkeztu du

KONICA MINOLTA DIGITAL CAMERA

Aurkeztu berri dugu Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan ‘Elegante Eguna 2013 Ormaiztegin’ egitasmoa. Bertan Anacrónicos Recreación Histórica elkarteko Nuria Cortes eta Itziar Ormaetxeak zein Zumalakarregi Museoko arduradunek parte hartu dute.

Aurtengo urtean Azaroaren 23an ospatuko den Ormaiztegiko Elegante Egunerako interesa duen orok XIX.mende amaierako jantziak sortzea da egitasmo honen helburu nagusia, Ormaiztegiko herria egun batez, XIX.mendez jantzita ikus dezagun.

Iaz eman zion hasiera Zumalakarregi Museoak egitasmo honi, Elegante Egunerako jantzien ideia bat eskaintzeko asmoz irudi proiekzioa aurkeztuz. Aurtengoan bigarren pauso bat eman nahi izan dugu, horretarako jostun tailerra zein jantzi erakusketa antolatuz.

Martxoaren 22ra bitartean ikusgai izango da museoan aipatutako jantzi erakusketa eta egun horretan bertan amaituko da jostun ikastaroan izen-emateko epea. Dagoeneko hamar bat lagunek izen-eman dute Elegante egunerako jantziak sortzeko ikastaro honetan eta oso pozik gaude lehen egun hauetan egitasmoak jende artean izandako onespenarekin. Badirudi gainera egitasmoak interesa piztu duela herritarren artean zein jantziak sortzen duten beste herri batzuetako lagunengan.

Ikastaroa aurrera eramateko Zumalakarregi Museoak Anacrónicos Recreación Histórica taldearen laguntza izango du, jantzien inguruko aholkularitza historikoarekin batetik, eta Ormaiztegiko Jostun Taldearen laguntza bestetik, parte hartzaile guztiei josteko laguntza eskainiz. Ormaiztegiko Udalak ere laguntza eskainiko du aretoak zein josteko makina bat utziz.

Jantzi erakusketan berriz Anacrónicos Recreación Histórica taldeko Nuria Cortes, Itziar Ormaechea eta Belver Ramirez-ek utzitako jantzi eta konplementuz osatua dago eta manikiak Zumarraga eta Urretxuko Kuttun Lentzeria, MM Mentalia Sport, Crisys Mujer de moda eta Laskurain jantzi denden utzitakoak dira.

Aukera hau aprobetxatu nahi genuke kolaboratzaile zein babesle hauei guztie eskerrak emateko.

Esan bezala, ikastaroan izen-emateko epea martxoaren 22an amaituko da eta 15€ko inskripzio tarifa izango du. Egun bat beranduago, 23an, ikastaroko lehen saioa izango da, museoan bertan, non tela aukeraketa zein patroi banaketa egingo diren.

Erakusketa ikusteko ordutegia asteazkenetik igandera goizez 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.etara da.

Gure aldetik XIX.mendeko jantzietan interesa duen oro erakusketa ezagutzera zein ikastaroan parte hartzera animatu nahi dugu, aurtengo azaroaren 23an Ormaiztegin ospatuko den Elegante Egunean herria XIXmendez jantzi dadin eta garaiko moda pixka bat gehiago ezagutu dezagun.

Informazio gehiago eta izen-ematea 943889900 telefonoan edo mzumalakarregi@gipuzkoa.net-era idatzita.

XIX. mendeko Euskal Herria ezagutu eta gozatzeko erreferentzia zentroa da.