Hiroshima, gerra hotzeko bigarren ekitaldia

Hiroshima, gerra hotzeko bigarren ekitaldia

Inork ezingo ditu inoiz 1945eko Abuztuaren 6an Hiroshima gainean lehertu zen bonba atomikoak eragindako hildakoak zenbatu. Diotenez, urte bukaerarako 140.000 inguru ziren Little Boyk eragindako hildakoak, baina batek daki. Beti kontatu izan digute ehunka mila soldadu amerikar zein japoniarren bizitzak salbatzea zuela xede eraso hark, Normandiakoa bezalako lehorreratze batek hilabeteak iraungo lukeen inbasio bat ekarriko lukeela, eta azken batean gizalegez jokatzearren, beste aukerarik ezean, bota behar izan zituztela bonba atomikoak. Bai. Gizalegez jokatzearren bota zutela gizakiak ordura arte inoiz ikusi zuen armarik ikaragarriena zibilez betetako Hiroshiman. Gizalegez jokatzearren.

Baina eraso atomikoa perspektiba historikoan jartzen badugu, ohartuko gara bigarren mundu gerraren azken aurreko ekitaldia baino gehiago, gerra hotzeko bigarren ekitaldia izan zela.

Hiroshima, gerra hotzeko bigarren ekitaldia

Berlinen sinbolismoa eta gerra hotzaren hasiera

Hiru hilabete lehenago, 1945eko apirilean, Stalinen armada gorria presaka eta ia edozein modutan sartu zen Berlinen. Sobietar Batasuneko buruak lehena izan nahi zuen bere lurraldean hainbeste hildako eragin zituen Alemania naziaren bihotza hartzen, mendebaldeko demokraziei aurrea hartu eta gerra ondorengo botere balantzan pisu garrantzitsu bat izateko alde batetik eta “Gerra Abertzale Handia” izendatu zuen gerra hari amaiera ezin epikoago bat eman ahal izateko bestetik, munduari Berlingo Reichstaga igitaia eta mailuaz koroatuta erakutsiaz.

Horretarako, Berlin inguratuta zuten Georgi Zhúkov eta Ivan Stepanovich Koniev Mariskalak bilera batera deitu zituen. Bertan proposatu zien 48 orduko epean eraso planik onena aurkezten zionak izango zuela Berlinen sartzeko lehentasuna. Zhúkov Berlindik 80 kmra zegoen, Koniev 120ra zegoen bitartean, eta hala, hitzartutako epea amaitu zenean, Zhúkovi eman zion lehentasuna Stalinek. Bien arteko lehia mantentzeko baina, kokapen on bat lortzen bazuen eta hiria hartzeko moduan zegoela irizten bazion, aurrera egiteko esan zion Konievi ere. Azkenean Zhúkovek irabazi zuen bien arteko lasterketa zoroa. Bere tropak izan ziren hirian sartu ziren lehen soldadu aliatuak eta beraiek jarri zuten sobietar bandera gorria Reichstagean.

MzA2Mw==

Honela, Stalinek nahi zuena lortu zuen. Propaganda aldetik preziorik ez zuen garaipen bat lortzeaz gain, AEBei Sobietar Batasuna oso kontuan izateko modukoa zela erakutsi zien beren muturren aurrean. Honez gain, Europa ekialdeko lurralde guztiak bere kontrolpeko gobernuz bete zituen Stalinek, SESB eta mendebaldeko Alemaniaren arteko estatu guztiak diktadura komunista bihurtuaz. Une hartan garbi zegoen AEBen etsaia ez zela hilzorian zegoen Japonia zaharra, Sobietar batasunak gidatzen zuen eta munduko biztanleriaren erdia inguru kontrolatzen zuen bloke komunista baizik. Hasia zen jada gerra hotza.

Erantzun beharra

Egoera honen aurrean, Harry S. Truman AEBetako presidente berriak eragin kolpe indartsu bat behar zuen. Nahiko garbi zegoen Sobietarrak ez zirela Japonia beraiek baino lehen hartzen saiatuko, baina Japonia inbaditzeak ez zuen Berlinen pisu sinbolikorik. Botere balantza berdintzen lagunduko zion zerbait behar zuen, eta hala egin zuen.

1945eko Uztailaren amaiera alderako Japonia deuseztatuta zegoen. Urte hartako Martxoan, AEBetako presidentetza oraindik Roosvelten esku zegoela, hasi ziren Tokio hiriburua bonbardatzen. Martxoaren bederatzian, gauaren beltzean, pare bat ordu baino gehiago iraun ez zuen bonbardaketa batean, napalm eta magnesiozko milioi erdi bonba suemaile, 2.000 tonelada guztira, bota zituzten B-29 motako 334 hegazkinek. (Hemen gau hartan gertatutakoaren kontaketa eta argazkiak)

Martxoko gau hartatik aurrera etengabeko bonbardaketen pean bizi izan zen Japonia osoa, hiri gutxi batzuk kenduta, Hiroshima eta Nagasaki besteak beste. Pentsatzekoa da beraz ez zela zioten bezalako odol bainu ikaragarria izango Japoniaren inbasio konbentzional bat, defentsa ia denak suntsituta eta biztanleria zeharo ikaratuta bai zeuden.

MzA2NA==

Ordurako prest zuten bonba atomikoa amerikarrek. AEBetako gobernuak 2.000 milioi dolar xahutu zituen bost urte iraun zuen Manhattan Project ikerketa prozesuan, gehitxo almazen batean gordeta uzteko. Gainera, zientzialariek ezin esan zezaketen ziurtasun osoz arma haren erabilerak jendez betetako benetako hiri batean izango lukeen eragina.

Japoniarren aurkako mendeku nahia, gizakiari lehen aldiz erabateko triskantza eragiteko aukera ematen zion arma berri eta txundigarri hura probatzeko beharra, Manhattan proiektuan gastatutako 2.000 milioi dolarrak eta bost urteak, SESBri eta Stalini AEBen indarra erakusteko beharra… Faktore gehiegi atzera egiteko. Eta 1945eko abuztuaren 6an, Enola Gay hegazkinak little boy izendatu zuten uraniozko lehen bonba atomikoa jaurti zuen Hiroshiman.

Esan genezake beraz, Japoniarekin zerikusi gutxi zuen lehia baten biktima kolateral bihurtu zirela Hiroshimako eta Nagasakiko 220.000tik gorako hildakoak. Ondorengo 40 urteetan AEBak eta SESB elkarren aurka oldartuko zituen gerra hotzaren bigarren eskenatokia baizik ez ziren izan Japoniarrak.

Irudia | Hiroshiman zutik iraun zuen eraikin bakarretakoa | ManWithAToyCamera | Creative Commons By SA
Irudia | Soldadu bat Sobietar Batasuneko bandera Reichstagean jartzen | g4r37h | Creative Commons By SA
Irudia | Leslie Goves generala eta Robert Oppenheimer, Manhattan Proiektuko buru militar eta zientifikoak. | wikipedia | Creative Commons By SA
Hiroshima, gerra hotzeko bigarren ekitaldia
bigarren-mundu-gerra, bonba-atomikoa, gerra-hotza, hiroshima

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude