Urriak 12: Kapitalaren aurka, herriok erresistentzia!
Urriak 12: Kapitalaren aurka, herriok erresistentzia!
Aste antiinperialista pasa berri dugun arren, borroka antiinperialistak ez du etenik. Munduko herrion ahotsak elkartu genituen astebetez inperialismorik gabeko mundu bat aldarrikatzeko eta gaurkoan, urriaren 12an, konpromiso horretan berresten garela ozen esango dugu.
Urriaren 12a jatorrizko herrien erresistentziaren memoria aldarrikatzeko eguna da. Gogoratzeko asko dugu egun honetan, ospatzeko ezer ez badugu ere. Izan ere, herrien duintasunak haien porrotak festa bilakatzea eragozten baitie, zapaltzaileek festa horiek inposatu nahi badizkigute ere.
Urriaren 12an harro sentiarazi nahi gaituzte; Gaztelako Koroak bidalita, Cristobal Colon izeneko tipo batek 1492an lehen aldiz Guanahani uhartean lurra zapaldu zuen, horrela, Amerika konkistatzeko eta kolonizatzeko prozesuari hasiera emanez. Orduan, 60 milioi biztanle zituen. 130 urte geroago, 3 milioi besterik ez ziren geratuko. Hau da, Amerikan bizi zen biztanleriaren %95a desagerrarazi zuten gizateriak ezagutu duen genozidiorik basatienean.
Gure ama Afrika ere ahantz dezagun nahi dute. Ezin ahaztu baina, denon jatorria kontinente horretan dagoela eta Europako potentzia kolonialek errukirik gabe arpilatu eta pobretu dutela mende guztiotan zehar. Ezin ahaztu ere, gure neba-arrebak animalia gisa ehizatu zituztela, euren lurraldean zein handik kanpo saldu eta esklabo bihurtzeko. Eta ziur aski Afrika baliabide naturaletan kontinente aberatsena izango bada ere, ezin ahaztu planetako 20 herrialde pobretuenak bere baitan dituela.
Baina arpilaketa ez zen orduan amaitu. Menderatzearen eta arpilatze kolonialaren praktika amaitu ordez, munduan zehar hedatu zen, gosea, pobrezia eta gerra sortuz oligarkia kapitalista multinazionalaren pilaketa itogarria elikatzeko: Kongoko koltana eta Sierra Leonako diamanteak, Iraq edo Libiako petrolioa. Logika berberari segituz, demokrazia eramatearen aitzakiapean milaka erailtzen dituzte Sirian, Kolonbian herri horren justizia-borroka geldiarazteko aitzakipean milaka hiltzen eta torturatzen dituzten bezalaxe. Atzo gurutze eta ezpataz zanpatzen gintuzten, gaur multinazionalek eta ustezko garapenerako lankidetzak egiten dute.
Euskal oligarkiaren rola ere salatu beharra dago, euskal herritarron etsaia izateaz gain munduko herrien etsaia ere baita, kapital multinazionalen eta Espainiako estatu zapaltzailearen konplize argia izanik beste herrien eraso kapitalistan ekarpen zuzena egiten baitu.
Baina ez gaude hemen kexatzeko, gure herrien erresistentzia-borrokak omentzeko baizik. Izan ere, arpilaketaren eta heriotzaren aurrean, duintasunez eta samurtasunez erantzuten jakin dute; gure kultura jazartuak zaindu, erreproduzitu eta munduari emateko duintasuna eta elkartasun internazionalistaren samurtasuna erakutsi dizkigute. Argi ikus daiteke, esaterako, inperialismo yankiaren erasoen aurka Amerika errebeldean zehar hedatzen ari diren egiturazko prozesu eraldatzaileen agerpenarekin; Kurdistanen, jendarte antikapitalista eta antipatriarkala eraikitzeko borrokarekin; edota faxismo sionistaren aurrean erresistitzen ari den Palestinan. Eta noski, Euskal Herria, Herrialde Katalanak edota Kanariar Uharteak bezalako estaturik gabeko naziook Espainiako erresuma den herrien kartzelara lotzen gaituzten kateetatik askatzeko borroka nekaezinak ere adibide ezinhobeak dira.
Horregatik urriaren 12 honetan argi utzi nahi dugu ez dugula amore emango, eta gure ukabilek gora jarraitzen dutela. Amaiurreko gazteluan Gaztelako inbaditzailearen aurka azken odol-tanta bota zuten horien borrokaren jarraipena garelako, Bartolina Sisaren borrokaren jarraipena garelako, Tupac Katarirekin batera armada aymarak konkistatzaileen aurka gidatuz. Gure baitan Mexikoren Independentziaren aldeko borrokan ejertzito espainolek exekutatu zuten Xavier Mina euskal internazionalista nafarraren izpiritua daramagulako, Higuerako Che-ren memoria bizia betirako daramagunak garelako. Lacandonako oihana justizia-suaz erretzen zuen Ramona Komandantearen buruberokia gure egiten dugunak gara; AEBek inposatutako blokeo kriminalaren aurrean herri kubatarraren duintasuna gure egiten dugunak gara; Sowetoko kaleak errebeldiaz argitzen zituen gure amatxo Winnie Madikizelaren begietako itxaropena gure begietan daramagunak garelako. Bolivar, Chavez eta Marti-ren Nuestra America hori eta Tomas Sankara eta Patrice Lumumbaren Afrika aske hori nahi ditugulako. Okupatzaile sionistaren aurka palestinarren bihotz eta eskuekin jaurtitako harri bakoitza garelako. Horda faxisten aurka aurpegia eman eta euren gorputzak eta bizitzak jartzen dituzten emakumeak gure sentitzen ditugulako, izan Txileko ikasle mobilizazioetan, Boliviako estatu kolpearen aurka edota fusila sorbaldan Rojava defendatzen. Eta noski, gure herri honen askatasunaren alde kartzela, tortura eta heriotza pairatu dituzten emakume eta gizonen borrokari eusteko konpromisoan berresten gara.
Izan ere, inoiz belauniko jarriko ez den munduko herrien artean gurutzatzen den izar horren parte gara, eta urriaren 12 honetan errebelatzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu. Sistema kolonial, patriarkal eta kapitalista honen zapalkuntza baztertu arte elkarrekin borrokatzen jarraitzeko dugun eskubidea aldarrikatuko dugu. Eutsi egin dugulako eta aurrerantzean ere hala egingo dugulako. Izan ere, finean, kapitalaren aurkako herrion duintasunaren borrokan; zalantzarik ez izan, irabaziko dugula.