Hebe de Bonafini hil da, Maiatzaren Plazako Ama
Hebe de Bonafini hil da, Maiatzaren Plazako Ama –
Hebe de Bonafini hil da, Maiatzaren Plazako Amen presidente historikoa.
Hamarkada luzez Giza Eskubiden aldeko borrokan nekaezin agertu zen emakumea Argentinako diktadura garaian desagertutako bi semeren ama zen. Hiru eguneko dolu nazionala deitu dute bere herrialdean. 93 urterekin zendu da, 94 egiteko egun gutxi faltan.
1928ko abenduan jaio zen Bonafini La Platan, Buenos Aires probintziako hiriburuan. Hiru seme-alaba izan zituen, eta lehen biak ikasle mugimenduan jardun zuten unibertsitate garaian. 1976tik 1983ra bitartean Argentinako agintean izan zen diktadura militarrarentzako pekatu latza zen hori, eta bahitu egin zituen gazteak. Harrez gero, Junta Militarrak desagerrarazi zituen 30.000 argentinarren artean dira.
Hebe de Bonafini egoera berean ziren ama eta amonekin elkartu eta ostegunero elkarretaratzea egiten hasi ziren, ikur bihurtu zituzten zapi zuriak buruan, argentinar hiriburuko Maiatzaren plazan den obelisko inguruan, presidentearen egoitza den Etxe Arrosaren parean. Hasieran Gobernu Militarrari beren seme-alabak non ziren itaunka, eta behin demokrazia ezarrita, itzuliko ez diren gazte guzti horien omenez, 1977ko apirilaren 30etik astero-astero egin dute elkarretaratzea. Gerora bitan banatuko zen amen elkartea giza eskubideen aldeko borrokaren ikur bihurtu zen nazioartean.
Buenaventura Durruti anarkista eta Franco diktadorea hil ziren egun berean, Brouard eta Muguruza erail zituzteneko urteurrenean jakin dugu Hebe de Bonafini zendu dela. Iragan azaroaren 10ean Maiatzaren Plazan izan zen, ostegunero legez; ordukoa du jendaurreko azken berbaldia.
Maiatzaren Plazako Ama