Hartu, erakutsi, bota
Hartu, erakutsi, bota –
Inoiz pentsatu dugu zer dela eta bidaiatzen garen? Eta zergatik goaz goazen lekuetara? Benetan da interesgarriago, esaterako, Guggenheim Museoa Arte Ederren Museoa baino?
Lagunekin dago, zutik, geldi, bururik ikusten ez zaion ilara batean. Hotzari aurre egiteko kafea erosi dute Starbucks horietako batean, hor ere ilara egin ostean. Bai, ez zaizkio ilarak gustatzen -are gutxiago Starbukcsak- baina Van Gogh da institutuan artea ikasi zuenetik bere margolaririk gogokoena eta edozer egingo luke Ekiloreak bertatik bertara ikusteko. Ordu bete beranduago atera heltzea lortu du. 14 euro ordaindu eta museoan sartu da pozarren.
Jendetza barruan. Munduko leku guztietatik iritsitako turistak, selfie makilak eskuetan, hara eta hona, zarata batean, ozen hitz egiten. Hamaika bururen artean begitandu ahal izan ditu, instant batez, ekiloreak lorontzian. Hurreratzen saiatu da, baina ezin izan du laugarren lerrotik aurrera egin. Larritzen hasia da. Deseroso, eta erdi haserre, turista multzotik aldendu da. Bestela imajinatzen zuen bere margolan kuttunena ikustearen esperientzia. Burumakur goiko solairura daramaten eskailerak igo ditu. Eta bat-batean ezustea: aretoa erdi hutsik eta bere aurrean Patata jaleak eta Vincenten gela Arlesen moduko Van Goghen hamaika margolan. Behean pilatzen direnek goiko aretoakune batetik bestera beteko dituztelako ustean bertan dauden margoak azkar ikustea erabaki du, ahalik eta gehien gozatuz, ondo aztertuz. Bost minutu besterik ez ditu behar izan konturatzeko turista piloa ez dela igo. Alde egingo ote zuten?
Museotik irtetean sentipen gazi gozoa du. Alde batetik, ezin izan du Ekiloreak behar bezala ikusi. Bestalde, Vincenten artelan ederrak ezagutu ditu eta biziki atsegin ditu, orain arte ez bezala, lasai begiratzeko parada izan duelako. Zergatik jokatzen dute turistek artaldea bailiran? Ilara luzea egin dutenek, salbuespenak salbuespen, museora bertaratu dira, koadro ezagunena ikusi, argazkia egin eta alde egin dute. Uste du badaukala horretarako erantzuna.. Esango luke gure gizartean beharrak sortu egiten dizkigutela; edozer bilakatu daitekeela kontsumo produktu eta ezinbesteko. Baina aldi berean erabili eta botatzekoak direla. Zenbat eta gehiago hobe eta besteok baino gehiago are hobeto.
Turismoak logika bera jarraitzen du hein handi batean. Bisitatu beharrezkoak aldez aurretik daude erabakiak: : Amsterdamen Auzo Gorria, Bartzelonan Sagrada Familia, Parisen Eiffel Dorrea, Erroman San Pedro, Koliseoa eta Kapera Sixtinoa. Orain denok Kroaziako hondartzetara, edo Tailandiara edo Islandiara. Modak, egin beharrak, ikusi beharrak. Berdin dio zenbat dakizun arteaz, naturaz edo hirigintzaz eta ea benetako interesik baduzun ala ez. Lekuak bisitatu-beste bat-, argazkia atera -ahal den neurrian burua pantailatik atera gabe- facebooken edo instagramen eskegi eta lagunei esan diezaiekezu hor egon zarela, eta han, eta beste hartan ere… Hainbat dendatan txintxetadun munduko mapak saltzen dituzte bisitaturiko herrialde eta hiriak markatu ahal izateko eta txapelketa horretan zeu izan zaitezen irabazle.
Hau guzti hau hausnartu ondoren erabaki du Amsterdamen geratzen zaizkion hiru egunetan ez duela Auzo Gorritik pasiada gehiagorik emango, ez duela Coffe Shopetan marihuanarik erreko, Ana Franken museoan sartzeko ez duela ilararik egingo. Auzo ezezagunagoetatik egingo du ostera, gidan bilatuko duen museo ez hain sonatu batera joango da txandarik itxoin gabe eta drogarik probatu gabe itzuliko da etxera. Datorren urtean ez da munduko bestaldera joango; etxetik gertu emango ditu oporrak eta biziko dituenak ez dizkio inori erakutsi ezta kontatuko ere, berarentzako gordeko ditu.