Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa

Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa –

Txirrita ez zuen soilik Xabier Letek fikzioan epaitu. Iruñean epaitu zuen “benetako justiziak”; eta kondenatu. Hainbat hedabidek eman dute Mikel Tabernak idatzi eta Bertsolari Aldizkariak argitaratu duen erreportajearen berri; hedabide hauetan agertu ez diren zenbait kontu aipatzera mugatuko naiz.

Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa
Legasa, XX. mende hasieran

“Legasa 1913 – Iruñea 1916” aipatzen da izenburuan, Nafarroako hiriburuan egin zen epaiketaren jatorria Bertizaranako herrian baitzegoen, hiru urte lehenago piztu zen gatazka batean. Tomas Alcaine legasarrak Eusebio Babaze alkatearekin izan zituen ikamiken nondik norakoak ezagutu nahi dituenari ezin zaio aurretik dena azaldu. Baina noski, badaude aurreratu daitezkeen gauzak, elementu asko nahasten baitira: suspentsea, hilketak, gerra ezarri diguten mugaren bi aldeetan, Nafarroako “jet set”a, bonbak, bertsoak…

Joxe Manuel Lujanbiok kristorenak eta bi bota zituen bere bizitzan zehar, eta orain arte, ez genekien inork horregatik epaitegiraino eramatea lortu zuenik, are gutxiago kondenatzea. Canovasen alargunari botatakoak Legasako alkateari esandakoak baino apur bat potologoak direla baieztatu genezake; baina auzapez nafarra harro samarra izango zen, eta ez zion grazia zipitzik egingo halako bi “zarpailek” berari barre egitea.

Askok ikertu dute sakonki Txirritaren bizitza: non izan zituen bertso saioak, bere pasadizoak han eta hemen, bizitokia eta ingurunea… Baina Mikel Tabernak aipatzen digunez, bada Txirritaren bizitzan hiru urteko hutsune bat, aparteko zergatirik ez zeukana. Orain arte, epaiketako kondenarekin kointziditzen baitu. Alcaine harrapatu zuten eta bere ondasun batzuk enkantean jarri; baina Txirrita ez. Erantzunkizun ekonomiko handia eskatu zieten, eta ereñotzuarrak ez zuen babak eltzetik aterako zizkion lagun aberatsik izango inguruan. Nora egin zuen alde? Iheslaria bihurtu zela ziur. Hipotesi posible bat izan daiteke Gipuzkoatik Iparraldera lekutu zela, eta horrek azaldu ahalko luke, neurri batean, zergatik erabiltzen duen pluraleko lehen pertsona Lehen Mundu Gerraren inguruan idatzi zituen bertsoetan, Gerra Handia bete-betean zela egin baitzuen ihes.

Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa
Txirrita, Olegario eta Gaztelu, Eibarreko San Juanetan, 1915ean. Astebete beranduago, San Pedroetan, banatuko ziren bertso-paperak Donezteben.

Tomas Alcaine tipo aski fina izan behar zela esatera ausartuko naiz. Tristeki famatua da 36ko gerran Donamaria-Gaztelun gertatutako krimen ikaragarria: Sagardia-Goñi familiako zazpi lagun hil zituzten, Juana Josefa Goñi eta bere sei seme-alaba. Denak, kanpoan ziren aita eta seme zaharrena ezik, biak ikazkinak. Nafarroan biztanleriaren %1a fusilatu zuten (3300 lagun), eta jendeak poliziarengana bere senideen bila jotzen zuenean, “desagertu egin da” esaten zieten; baina kasu honetan ez. Joxe Mari Esparzak dioenaren arabera, Sagardia general frankistak (hildakoen senidea) ikerketa bat agindu zuen gertatu zena argitzeko, eta galdeketak egin ziren inguruan. Jendeak isiltasuna mantendu zuen, eta gure istoriako Tomas Alcaine izan zen garbi mintzatu zen pertsona bakarra:

“Legarreko leizera bota zituzten; Gazteluko jendeak amildu zituen denak zulora, gibeletik suarekin bulkaka”. Beraz, Legasako alkatearekin zeukan aspaldiko ezinikusiaz gain, Gaztelun ere ez zituen lagun asko izango Alcainek.

Alcainek bertsoak idatzeko eskatu zion Txirritari; honek agindua bete, eta 1915eko Doneztebeko jaietan saldu ziren sekulako arrakastaz. Bi lagunak epaitegira eraman zituen bertso-papera dira erreportaje honen errana eta herrena, Txirritak idatzitako 14 bertso santuak ez baitiri inondik ageri; bai, ordea, artxibategian gorde zen gaztelaniazko itzulpena. Bertso horiek itzultzen aritu da Miren Ibarluzea, hurbilpen ariketa bat egin nahian, eta sekulakoa da lortu duen emaitza. Bere hitzetan, nahiz eta hasieran Txirritaren euskalkira inguratu izan zen, eta azkenean nahiz eta garaiari eta bertsolariaren euskalkiari “desleial” izan, mezuarekiko leialtasun handiagoa euskara batuan lortuko zuela ebatzi zuen. Hamalau bertsoak eta gaztelaniazko testua Bertsolari Aldizkariaren webgunean dauzkazue. Hemen adibide bat:

Doinua: Naparroatik ardo karraio (Norteko Trenari)

Primer verso: hacia el año mil novecientos catorce hemos tenido un caso muy chusco, los de este pueblo de Legasa, y para cuando llegamos a este extremo nos hemos tenido que proveer de buena dosis de paciencia.

Mila bederatziehun eta
hamalaugarren urtean
kasu bitxi bat gertatu zaigu
legasatarren artean.
Eta aurkitu garenerako
muturraren muturrean,
zer gaude ba pazientzia dosi
handi baten beharrean!

 

Espero dugu, erreportaje honen oihartzunari esker, handik edo hemendik bertso papera agertzea. Malerreka, Baztan, Bortziri edota Bertizaranako lagunak: galdetu amatxi eta aitatxiei, arakatu ganbarak! Eta bertso papera ez bada, ziur zerbait kuriosoa topatuko duzuela!

Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa
Unai Iturriagak erreportajerako egindako ilustrazioetako bat, “El Lute” atrakatzailea atxilotu zuteneko argazkiaren muntaia.
Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa
Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa
Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa

 

#Txirrita, adierazpen askatasuna, bertizarana, bertsolaritza, epaiketa, historia, joxe manuel lujanbio, legasa, Legea, Mozal Legea, nafarroa, Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

7 pentsamendu “Polizia Txirrita atxilotzen saiatu zenekoa”-ri buruz

  • Istorio kuriosoa, alajaina!

  • Oso interesgarria. Txirritazaleontzat, hainbeste urte pasa eta gero, bere ibileren beste zertzelada bat.

    Miren Ibarluzearen erdal itzulpenaren txirrititazioa ikaragarri ona iduritu zait.

  • Ez dut Tabernaren lana irakurri oraindik.
    Dena dela, ez dakit lan horretako bibliografian aipatzen den, baina uste dut bi ikertzaleen izenak aipatzea merezi duela. Kronologikoki jarriak:
    1.- Fernanando Maiora Mendia. Iaz atera zuen Léxico autóctono histórico de Navarra II (bere 11. edo 12. liburua) eta bertan irakurri nuen auzi honen berria eta erdarara itzulitako bertsoak (sumarioan daudenak)
    2,- Maiorarena atera eta laster beste Fernando batek liburu mamitsua atera zuen, Fernando Mikelarenaz ari naiz, Berako historialariaz. Muertes Oscuras-contrabandistas, redes de evasión y asesinatos políticos en el Pais del Bidasoa. Bertan Maiorak aipatu kontuak aipatzen ditu

  • Fernando Maiora: egunero, ia hutsik egin gabe Nafarroako Artxibo Handian, Nafarroako euskararen aztarnen bila. Eta hainbat gauzetan heteroxo bat. Euskaltzale amorratua eta langile nekagaitza

  • Beñat Hach Embarek

    Kaixo:
    Bai, Tabernak aldizkarian aipatzen du, eta Noticiasek ere jaso du. Tabernak 2015ean irakurri zuenean lehen berria zen beretzat, baina ordutik hona aipatutako bi toki horietan agertu da.

    “Tabernarentzat 2015ean hemerotekan egindako “aurkikuntza” sinesgaitza da: “Nola da posible hainbeste informazio izatea Txirritari buruz eta honetaz deus ez jakitea?”.

    Halere, 2015etik hona, pasarte honen aipamena bi liburutan argitaratu da, Fernando Mikelarena historialariaren “Muertes oscuras” eta Fernando Maioraren “Léxico autóctono histórico de Navarra II” obretan, hain zuzen ere. “Ez zuen zentzurik egindako lana denbora gehiago gordeta edukitzea, nahiz eta bertso-papera aurkitu ez dugun”, esan zuen idazleak.”

  • Fernando Mikelarena: historia izugarrizko xehetasunez aztertzen duena, adibidez Gazteluko familiaren galeraz.
    Hau ere heteroxoa, zinez.

  • Eskerrik asko, Beñat, zure prestutasunagatik

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude