Harresiak norentzat?
Harresiak norentzat?
Zenbait hitz egin diguten Berlingo harresiaren inguruan… Bota zuteneko urteurrena iristen den bakoitzean matraka telebistan, txapa sarean, erretolika uhinetan eta tinta litroak paperetan. Berlingo harresia, gora, behera, anekdota, historia… Noiz bota zuten Berlingo harresia? Ez dakit zertarako galdetzen dudan, primeran dakizue.
Baina harresi gehiago daude munduan. Palestina mutilatzen duena, Mendebaldeko Sahara zatitzen duena, Korea banatzen duena, Mexiko eta AEB-en artekoa, Ceuta eta Melillakoak… eta ziurrenik ezagutzen ez ditudan beste hainbeste egongo dira.
Europar Batasuna harresiak birrintzeko sortu omen zen, eta Beethovenen sinfonia soinu banda zeukatela batu zen Alemania. Behera harresiak, behera mugak, Europa barruan mugimendu librea! Baina egun hauetan agerian geratzen ari da askotan esandakoa, mugimendu librea kapitalentzako zela, ez pertsonentzako.
Turkia Europar Batasunak hobetsitako joko zikina ari da egiten. Errefuxiatuei ateak itxi, horregatik dirutza jaso, eta gainera Daeshen aurka fermuki dabiltzanak bonbardatu. Kurduen aurka daukaten jokabidea onartezina da. Turkia Europaren segurata lanak egiten dabil, diskoteka barruan egon gabe diskotekako atea zaintzen.
Baina kanpo mugez gaindi, badirudi mugak Europa barrura itzuliko direla berriz ere. Ingalaterrak eskumen berriak bereganatu ditu, eta horrek pertsonen mugimenduari eragingo die; bestalde, Frantzian, salbuespeneko egoera betikotzen ari da, eta horrek mugak baldintzatzen ditu, euskaldunoi ezartzen diguten muga barne.
Errefuxiatuen etorrerak harresien aldeko posizionamendu kasi instintiboa sortu du Europa kontserbadorean. Baina inork ez dio harresirik jarri nahi kapitalei. Kapitalak harresirik gabe zeharka dezake mundua ezker eskuin; berak eragindako errefuxiatuek, ordea, ez.
Ah, ahaztu gabe, adibide zehatz bat! Yemenen espainiarrek ekoitzitako tankeak ebatsi dizkiete Arabia Saudiren adiskideei. Tanke horrek ez du harresirik topatu Yemenera iristeko, eta berau ordaintzeko diruak ere ez estatu espainiarrera ailegatzeko; tanke horretatik ihesi Europara doan yemendarrak bai.
#Spanish BMR-600 left behind by #Saudi forces in Midi & blown up by #Yemen-is #Saudi_Defeathttps://t.co/enOIJevQMS pic.twitter.com/GMmlBViBzE
— Yemen Fights Back (@YemenFightsBack) February 24, 2016