Euskararik gabe, Nafarroa

Euskararik gabe, Nafarroa. Berantegi ibiltzen naiz, normalean. Twitterren begirada azkar batez errepasatzen ditut, lagunaren azken umore irteerak, nazioarteko albiste bonbardaketak zein bertoko informazio, sasi-informazio eta iritziak. Presaka eta zarrapastaka iristen naiz beti, berandu, berantegi, gaurkotasunaz ohartzera. Dena den, eta beranduegi inoiz ez delakoan, azken egunotan nahiko jorratua, zikindua eta zipriztindua izaten ari den gai bati heldu nahi nioke.

Euskararik gabe, NafarroaNire zirkulu sozialetan (fisikoetan eta sarean) badira bi hitz gako azken aldian falta ez direnak: Nafarroa eta euskara. Iruñeko bi haur eskola euskaldunen irekierak, Nafarroa hegoaldeko eskoletan D eredua ezartzeak eta hezkuntza-oposizioak hautsak harrotu ditu. Urte luzez Nafarroa hegoaldeko lurretan euskararen egoera zalantzagarria baino gehiago penagarria izan dela esatera ausartuko nintzateke. Ikastolek eta gurasoek eremu horretan egindako lan eta botatako izerdiari esker, gaur egun, gazte batek baino gehiagok edukiko ditu euskarazko (gutxienekoak bada ere) gaitasunak.

Nafarroako egoera soziolinguistikoa nabarmen aldatzen da leku batetik bestera; noski, ez da gauza bera Leitza ala Tutera, Etxarri edo Lodosa. Baina, han geratzen dena ez da kontu isolatua, jakineko da EAEn ere Azpeitiako, Ondarroako edo Arabako Errioxako hizkuntza-egoera ez dela berbera. Nafarroan, gainerako lekuetan bezalaxe bi hizkuntza daude; bata hegemonikoa (gaztelania) eta bestea menpekoa (euskara). Feminismoaren ideia garrantzitsuenetako eta funtsezkoenetako bat hizkuntzara ekarrita ikusi dezakegu egoera ezberdinetan dauden bi sujetu (kasu honetan hizkuntza) parekoak bailiran tratatzen baditugu, ezberdintasunak hasi baino ez direla egiten.

Eskubideen eta inposaketen artean eraiki dira gaiaren bueltako diskurtso gehienak; kosta egiten baitzaigu oraindik ulertzea, gutxiengo baten eskubideak onartzeak ez dakarrela gehiengoari eskubideak murriztea. Nafarroa hegoaldeko eskoletan D eredua ezartzea, purea jan nahi ez duen umeari koilara gogoz kontra ahoratzea bezala irudikatuarazi digute: euskal hiztunen kolonizazioa. Hor hizkuntzaren, hitzaren eta terminoaren drama eta tranpa; behin Lingua Navarrorum izan zena, orain, vasco bihurtu denez, estranjeroa da nafar lurretan.

Kapitalismoak sotilki lortu du han eta hemen kapitalaren hizkuntza arazorik gabe, geure eskoletan txertatzea. Ingelesa aukera den modu berean, euskara inposizio bilakatu dute; aitortzen dut, ondo baino hobeto pentsatutako mekanismo eta estrategiak erabili dituztela vaskoen konkistatik ihesteko.

Aurrez aipatutako aukera-inposizio pertzepzio kontrajarriak ezin ageriago bistaratu dira hezkuntza-zerrendetan. Euskara izango da jakiteagatik aukera gehiago ematen ez dizkizun hizkuntza bakarra (Nafarroako hezkuntza sisteman, bederen). Zerrenda bikoitzaren ondorioz, gaztelaniaz gain euskara jakitea kaltegarria da Nafarroan irakasle izan nahi dutenentzat. Izan ere, bi lerro daude eta batetik bestera pasatzea ezinezkoa da. Zuzeun argitaratutako iritzi honek ondo azaldu bezala, zerrendetan sartu ahal izateko azterketak estrategikoki egun eta ordu berean ipintzea, diskriminazio guztiz salagarria izateaz gain, ezin ageriago uzten du oposizioaren (eta agian baita aldaketako indar batzuen ere) jarrera tamalgarria; zergatik ez (akaso), inposatzailea.

Arraroa noski ingelesa gabe Londres. Eta hau ere ez al da arraroa? Euskararik gabe Nafarroa? Abesten zuen Bittor Aiapek, eta bazekien zerbait.

D eredua, hizkuntza, nafarroa, Nafarroa hegoaldea

2 pentsamendu “Euskararik gabe, Nafarroa”-ri buruz

  • Jon Intxaurraga

    Egun on Malen,

    Zurekin bat nator funtsean, baina badago kontu bat non ez nagoen batere ados:
    “Kapitalismoak sotilki lortu du han eta hemen kapitalaren hizkuntza arazorik gabe, geure eskoletan txertatzea.” diozu baina lehen (aintzinean) latina eta gero gaztelaina eta frantsesa izan ziren eskolako hizkuntzak Euskal Herrian munduari begira jarriko digutelakoan (de hecho, kapitalismoaren garaia hedatu dira euskarazko klaseak). Hau da, kapitalismoa heldu baino lehen halako jarrerak esistitzen ziren. Ez dakit zer dela-eta badago mania bat, zeinak gaurko maluren erru guztiak kapitalismoari egozten dizkion, gaur gertatzen diren gauza asko aurrez gertatu ez balira bezala.

    Ondo ibili

    Jon.

    • euskaldun bat 2016-02-29 22:32

      Artikuluan esaten duen gauza bakarra ingelesa kapitalismoaren hizkuntza dela da. Oso toki gutxi batzutan ama hizkuntza izango dute baina beste tokietan kapitalismoaren hizkuntza dugu eta kapitalismoa dela eta iritsi zen geuregana. Ez du ezer gehiago eransten, gertatzen dena da zeu zaudela oso sentibera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude