Harearen pisua

Harearen pisua –

Harea-erloju baten bidez irudikatu ohi da denboraren joana. Urteak joan, urteak etorri, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak 49 urte bete berri ditu otsailaren 27an. Urte hauetan guztietan, harearen pisuak ez du estali Saharako populuaren askatasun-nahia eta justiziaren aldarrikapena.

Harea-erlojuaren hondar aleek ezin izan dute estali duela mende erdi bat Espainiaren abandonua eta traizioa, Madrilgo paktuak sinatu zirelarik sahararrei galdetu gabe ere, Nazioarteko legediei muzin eginda, justiziari iseka eginez, harreman historikoak ahazturik eta saharar gehienen borondatea kontuan hartu gabe.

Mendebaldeko Saharatik bortxaz egotziak, Tindouf-eko errefuxiatuen kanpamentuetan, harea-ekaitz klimatiko eta politikoak gorabehera, sahararrak kapazak izan dira estatu bat eraikitzeko, gaur ospatzen dugun Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa.

Saharako estatua populuaren partehartze zuzenarekin eraiki da eta guk, elkartasunaren bidez, ezen ez karitatea, laguntzen dugu eraikitzen: egun, errefuxiatu kanpamentu bakoitzean bibliobus eta liburutegi bana dute, Saharako liburutegi sare nazionala osatzen dutelarik, jakinik ere basamortuko liburutegi horietan, Saharako Kabia horietan, Saharako populuak berak duela erabakimena eta protagonismoa, eta guri dagokigula gure engaiamendua biderkatzea eta laguntzari eustea.

Harea-erlojuak salatzen du denbora bukatu zaidala eta, amaitzeko, lagun sahararrentzat hain berezia den Ramadanean gaudelarik, —Ramadan Karim, Ramadan mubarak— zorioneko hilabetea izan dadila zuentzat eta zuen senideentzat.

Harearen pisua

Harearen pisua

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022.) Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude