Gutiérrez Rubí eta politikaren 5 krisiak

Antoni Gutiérrez Rubí Garoan

Komunikazio publikoan eta estrategian aditu den Antoni Gutiérrez Rubí -rekin (@antonigr) solasteko aukera izan genuen pasa den astean Garoa Kultur Lab-en. Hegoamerikako hainbat presidenteren aholkulari lanetan dabil Gutiérrez (besteak beste), eta hilabetean bitan El Paíseko Micropolítica blogean idazten du. ‘Tecnopolítica’ liburua aurkeztu, eta sarearen logikak, mugikorrek eta teknologia berriek, oro har, politikan eragindako aldaketak errepasatu zizkigun. “Jada ez du inporta zuk zure buruaz diozunak, aurkezpen txartelena iragana da. Orain jendeak zutaz esaten duenak balio du, Googleren logikak”, dio aditu kataluniarrak. Oso interesgarria izango da aurki Zazpika igandekariak argitaratuko duen Jon Benitoren (@ehunginen) elkarrizketa, kasu.

Politikak egun dituen 5 krisi nagusiak bota zizkigun:

Ordezkaritza krisia:

Egun alderdi politikoak ez dira publikoaren kudeaketara talentua erakartzeko gai. Are gehiago, talentua hobetsi beharrean, hurbilekoa edo laguna izatea hobesten da. Lagunkoikeriak erdipurdikeria dakar.

Krisi etikoa:

Eredugarritasunaren krisia nabarmena. Pentsatu, esan, egin hirukoa hausten denean eredugarritasunak hondoa jotzen du. Egiten duzuna esaten duzunarekin bat ez datorrenean edo pentsatzen duzuna egiten duzunarekin bat ez datorrenean, etikoki sinisgarritasun guztia galtzen duzu.

Krisi exekutiboa:

Egun, erakunde publikoek eta berauek gobernatzen dituzten alderdiek ez dute eragiteko gaitasunik. Ez behintzat, kontrol publikorik ez duten beste sektore batzuetako edo esparru pribatuko korporazio eta erakundeekin alderatuta (merkatuak, bankuak, etc.). Publikoaren eragin ahalmena geroz eta murritzagoa da.

Pentsamendu krisia:

Politikak, arazoak aurreikusi, ikusi, diagnostikatu eta neurtzeko zailtasunak ditu eta ez da gai epe luzerako erantzun eta proposamen egokiak zehaztu eta planteatzeko. Epe motzeko erabakietan iltzatuta bizi da politika. Azaleko geruza baino ez dute irakurtzen alderdi nagusiek.

Botere krisia:

Alderdiek gero eta energia zibiko txikiagoa dute. Azal eta hezur dira, egitura erraldoiak dituzte, baina ez dute ez gihar ez haragirik. Herritarrak sigletatik kanpo antolatzen dira kausa zehatzak bultzatzeko, balioei garrantzia emanaz koloreei eman beharrean. Lobby bilakatu dira, alderdiekin negoziatzeko gaitasuna izateraino (change.org).

M15 mugimendua Madrilgo Sol plazan zen azken egunean, udal hauteskundeetako azken kanpaina eguna zen artean, Gutiérrez Rubík El Paiseko La Cuarta Página sailean Presidente baje a la plaza (Presidente jaitsi plazara) artikulua idatzi zuen. Logika zaharrak baztertu eta bozka eskatzera mugatu beharrean, jendea aditzeko deia luzatuz orduan Moncloan zen Zapaterori. Baina aditu kataluniarrak azaltzen duen gisan, alderdi nagusiek orduan ez zuten mezua ulertu: “M15 mugimendutik bi urte igarota, barre egiten zidaten askok: ‘Non da iragartzen zenuena?’. Eta azkenean Podemos iritsi da”. Muturraren parean izan arte ez dituzte zezenaren adarrak ikusi. Beranduegi biratzeko. Ezinezkoa da ulertzen ez duzun gizarte bat ordezkatzea (@Jurdan Arretxeren elkarrizketa hemen).

“Titanic zergatik hondoratu zen bada?”, galdetzen du Gutiérrezek. “Kapitainak uste zuelako Iceberg-a inguratu zuela. Izotz puska ikusi zuen urazalean, eta lasai pasa zuelakoan zegoen. Baina Iceberg-ek %90a urazpian dute”. Jendartean berdin gertatzen da, nahiz eta batzuk soilik azalekoarekin geratu.

Ekaitza bainuontzi batean