Nazien kontzentrazio-esparrutik, twitter bidez

Antonio Hernandez Marinek Mauthausen-eko pairamenak kontatzen dizkigu twitter bidez. Murtzian jaioa, lau hilabete eta erdi pasa zituen nazien kontzentrazio-esparruan, eta orain denboran zazpi hamarkada atzera egin eta gertakariak jazo ahala twitter bidez haizatzen ditu sarean, @deportado4443 twitter kontutik -Mauthausen-en zeraman zenbakia-.

antonio hernandez

Carlos Hernandez kazetaria Antonioren loba da, eta osabaren azalean sartu da honek jasan behar izan zituenak gogorarazteko. Antonioren biografia osatzeko hiru iturri nagusi erabili ditu Carlos-ek: osabaren eskuizkribuak, berarekin kontzetrazio-esparruan egon eta bizirik dirauten 18 erbesteraturekin egindako elkarrizketak eta artxibategietan burutu duen urte eta erdiko ikerketa zehatza. Gainera, “Los últimos españoles de Mauthausen” (Ediciones B) liburuaren egilea ere bada Carlos Hernandez; 9.000 inguru espainiar izan omen ziren kontzentrazio-esparruan, eta bost milatik gora erail bide zituzten.

Liburua argitaratzeaz gain, Carlos Hernandez-ek osabak pairatu behar izan zituenak twitter bidez eta momentuan gertatzen ari balira bezala kontatzea deliberatu zuen, 1941ean jazotako gertakariak eguneratuta. Kontakizuna joan den urtarrilaren 22an abiatu zuen, gauerdian, Trier-eko atxilo-esparruan zela, Alemanian, eta Mauthausen-era bidalia izan baino apur bat lehenago -berak orduan azken hau ez zekien arren-.

Errepublikar karabinero
kontzentrazio-esparruaAntonio Hernandez Murtzian (Espainia) jaio zen, Molina de Seguran, 1907ko abuztuaren 24an. Jornalero eta trenbideetako langile izan zen aurrena, eta errepublika zaleen aldeko karabineroa gero, Espainiako Gerra Zibilean. Frantziara erbesteratu ostean, naziek atxilotu eta Mauthausen-era eraman zuten 1941eko urtarrilean. Kontzentrazio-esparruan gatibu, oso baldintza gogorretan harrobian lan egitera behartu zuten, 4.443 zenbakia identitate bakar zuela. Bizirik irautea lortu zuen, askok ez bezala, harik eta estatubatuarrek askatu zuten arte, lau hilabete eta erdiren buruan. Ezin izan zen bere jaioterrira bueltatu baina, eta erbestean zahartuta hil zen, 1992an.

140 karaktereko mezuen bidez, Carlosek Antonio Hernandez balitz legez idatziko du kontakizuna, lehenengo pertsonan eta kontzentrazio-esparruko benetako argazkiek lagunduta. Jan-edanik gabeko hiru eguneko bidaia Mauthausen-era, behin bertan zirela pairatu zituzten eskasia eta torturak, lagunen heriotzak eta buruaz beste egiteak…

Kasik lau hilabeteren ondoren finituko da kontakizuna, maiatzaren 5ean, 1941eko egun horretan heldu baitziren kontzentrazio-esparrura AEBetako soldaduak.

Geurera bueltatuta, Euskal Herrian twitter baliabidea erabilita ezagutzen dugun ekimen originalena Xabier Olarra itzultzailearena da; Joyce-ren “Ulises” maisulanaren lehen hiru kapituluak euskarara ekarri eta txio bidez ematera ausartu zen-eta. Baina ez dugu ezagutzen denboran atzera egin eta kontakizunak lehen pertsonan eta denbora errealean emateko twitter baliatu duen ekimen honen antzekorik, ezta @aranagoiri kontuaren aldetik ere.