Grezia: hain urruti eta hain hurbil

Grezia: Hain urruti, eta hain urbil

Grezia! Entzuna dugu. Zibilizazioaren sehaska; 4000 urte baino gehiago duen hizkuntzaren jabe; Europako hizkuntzetan eragin ikaragarria izan duena. Homero, Sócrates, Aristóteles, Hipokrates… eta beste zenbait izen eta izan haundi eman diguna.

Syriza, Tsipras, Varufakis… Greziako izen berriak. Nork ezagutzen ditu? Nondik ezagutu ditugu?

Aspaldi honetan, edo, agian, ez hain aspaldian, ezagutzen ari garen izenak dira. Egunero, telebistan, irratian edo aldizkarietan agertzen dira. Gehienetan, gaiztoak bezala azaltzen dizkigute; Europako agintariek Greziari “lagundu” nahi, eta hauek “laguntza” onartu nahi ez dutenak dira.

Europak, Europako kapitalismoak hobeto esanda, urtetan zapaldu du Grezia. Greziak, herri pobre izanik, laguntza behar izan du: ez dauka petroleorik, ez urrerik, ezta diamanterik ere; daukan bakarra, eta erruz, gainera, kapitalista basatiak dira, eta Ipar Europako kapitalismoak, Greziakoarekin bat eginik, “laguntza” eman dio; laguntza pozoitua, ordea. Bertako kapitalismoarentzat onuragarri, baina herria gero eta zorpetuago, eta gero eta pobreago utzi duena.

Herria, ordea, noizbait, jaikitzen da; badaki esaten nahikoa da! Eta esan egin zuen orain dela hilabete batzuek egindako hauteskundeetan. Hortik datoz lehen aipaturiko izen berri horiek.

Dena dela, eta honetara etorri nahi nuen, Ipar Europako kapitalismoak Greziakoarekin bat egin duen bitartean, Europako ezkerrak, Europan ezkerrarik baldin badago, bakarrik utzi du Greziakoa; ez da kapaz izan Greziako ezkertiarrak zabaldu duten bandera hartu, eta gainontzeko Europara zabaltzeko.

Euskal Herrian ere, ez gara kapaz izan bandera hori astintzeko, eta euren borrokarekin bat gatozela esateko. Gurean ere, ez al da ezkerrik gelditzen?