Getxo Jazz, jotzen lehena

Getxo Jazz jaialdia Euskal Herriko jazz festibaletan lehena izaten da, baita txikiena ere, jada 39. edizioa badu ere aurtengoa; datorren uztailaren 1etik 5era entzungo dena.

Jaialdiak bi oholtza nagusi ditu, lehiaketa eta izar handien bisita jasotzen dituen Biotz Alai plazakoa eta Algortako Geltokia plazak hartzen duen “Hirugarren milurtekoa”; azken hau doakoa eta batipat euskal musikariek zapaltzen dutena (19.00etan).

“Hirugarren milurtekoa” izeneko atalean, Jazzing Band (asteazkenez), Victor de Diego Trío (ostegunez), Onna Project (ostiralez), Philippe Lemm Trio (larunbatez) eta Euskadiko Ikasleen Jazz Orchestra -hogei musikaritik gorako banda, Josetxo Silguerok Gorriti eta Iñigo Ibaibarriagak gidatua- (igandez) taldeek joko dute.

Victor de Diego hirukoteak “The Song is You” jotzen du zuzenean -besteak beste Dave Brubeck, Art Blakey eta Frank Sinatrak jotzen zuten Jerome Kern-en estandarra-, orain bi urte Bartzelonako Euskal Etxean.

.

Victor de Diego bilbotarra eskarmentu handiko jazz musikaria da, orain dela asko Bartzelonaratu zena, besteak beste Juan de Diego (anaia tronpeta jolea) eta Gorka Benitez (saxofoi jolea) lagunekin batera -Musikene aurreko garaietan-.

De Diegok bere azken argitalpena, “Tribute”, aurkeztuko du Getxon hirukotean -uztailak 2, osteguna-, Jordi Gaspar (kontrabaxuan) eta Gonzalo del Val (baterian) lagun dituela; Monk, Porter edo bilbotarrak maiteen duen Coltrane-ren konposaketak joko dituzte.

Elie Dufour (pianoa), Yann Phayphet (kontrabaxua) eta Marc Michel (bateria) jazz hirukote klasikoak osatzen du EYM Trio frantziar taldea. Bideoan, “Le lours de Kuala Lumpur” jotzen dute, aurten eta zuzenean, London-eko Royal Academy of Music-en.

.

Getxo Jazz jaialdiaren ezaugarrietako bat -batzuen ustez galtzen ari dena-, europar jazzari eskaini izan dion arreta da; horren lekuko dugu Talde Lehiaketa.

Biotz Alai plazako oholtzak, eta izar handien hitzordua baino lehen, Europako jazz talde gazte bat jasoko du egunero (21.00etan):

  • Federico Nathan Quintet (Alemania-Uruguay), asteazkenez.
  • Maciek Wojciezzuk Quintet (Polonia), ostegunez.
  • Grzegorz Wlodarczyk Quintet (Polonia), ostiralez.
  • EYM Trio (Frantzia), larunbatez.

Bozketa bidez lauetan bikainena aukeratu eta txapeldunak berriro jotzen du igandean, jaialdia itxi baino lehen. Aparte, eta plazako emanaldien ostean The Piper´s Irish Puben jam session-ak izaten direnez -Three One taldearekin aurten, uztailaren 2tik 4ra-, ohikoa izaten da lau taldeetako kideak nahasian jotzen entzutea, gauerditik aurrera.

 

Izar nagusiak

Avishai Cohen (The Trumpeter) Pariseko Djam etxearekin egin zuen elkarrizketaren atarian -hemen duzue ikusgai-, “Safety Land” jotzen hirukotean  eta etxeko egongelan (edo musika gelan), kontrabaxua eta bateria lagun.

.

Biotz Alai plazan 21.00etatik aurrera (Talde Lehiaketa +); bost kontzertuetarako abonoa, 65 eurotan:

  • Avishai Cohen Trio (10 euro)
  • Nettwork (Stanley Jordan – Cyrus Chestnut – Charnett Moffett – Jeff “Tain” Watts) (12 euro)
  • Joe Lovano Quartet (15 euro)
  • The Stanley Clarke band (23 euro)
  • Madeleine Peyroux (20 euro)

Aurtengo jaialdia, izar handiei dagokienez, Avishai Cohen israeldarrak irekiko du (uztailak 1, asteazkena). Ez kontrabaxu joleak baina, tronpeta joleak baino; marka da gero, nazioartean bi jazz musikari israeldar nabarmendu eta biak izen berekoak izatea!

Bebop eta post-bop soinuetan hezia -besteak beste Boston eta New York-en-, Avishai Cohen (1978, Tel Aviv) egungo tronpeta jolerik esanguratsuenetakoa da. 46. Jazzaldian Tears For 3 egitasmoan jo zuen Trinitate plazan, 2011n, Enrico Rava italiarrarekin eta Dave Douglas estatubatuarrarekin batera; hiru tronpeta jole bikain elkarrekin.

2002ko “The Trumpet Player” debutetik sei lan zituen argitaratuak, eta “Triveni” egitasmo hirukoitzeko azkena, “Dark Nights”, aurkeztera dator Getxora, Yoni Zelnik (kontrabaxuan) eta Justin Brownekin (bateria) batera.

Joe Lovano maisua Trinitate Plazan (2009 Jazzaldia, uztailak 24), “Us Five” jotzen ezohiko formazioan; James Weidman pianoan, gerora plazan bakarlari ezagutuko genuen Esperanza Spalding kontrabaxuan, eta bi bateriarekin! (Otis Brown eta Francisco Mela).

.

Lau musikari birtuosok osatzen duen banda da Nettwork (uztailak 2, osteguna), Charnett Moffett kontrabaxu joleak gidatzen duena (Wynton Marsalis, McCoy Tyner eta Ornette Coleman-ekin jo izan du, askoren artean), seguruenera kide ezagunena Stanley Jordan tapping-aren maisua bada ere. Jeff “Tain” Watts, adituen ustez egungo bateria jole bikainenetakoak eta etorkizun oparoa aurreikusten zaion Casimir Liberski piano jole belgiarrak osatzen du laukotea.

Baina zalantzarik gabe, aurtengo Getxo Jazz jaialdiak ostiralean, uztailak 3, jasoko du aurtengo izarrik handiena, Joe Lovano saxofoi jolea.

Saxo tenor bikaina da Lovano, gurean sarri jo izan duena -Donostian zoragarri Hank Jones-ekin, azken hau zendu baino lehen; gogoratzen?-. Blue Note etxean “From the Soul” (1994) argitaratu zuen gizonak laukotean joko du Getxon, Lawrence Fields (pianoan), Linda Oh korearra (kontrabaxuan) eta Joey Baron (baterian) lagun dituela.

 2009an, Lovanok Jazzaldian jo zuen urte berean, Madeleine Peyroux ere gurean izan genuen, Gasteizko jaialdian jo baitzuen uztailaren 17an, Mendizorrotzako kiroldegian -bideoan, “Instead” jotzen duzue ikusgai-.

.

Larunbatean, uztailak 4, Stanley Clarke baxu jolea helduko da Getxora, laukotean hau ere.

Clarke soul eta rock doinuetan trebea da, eta Chick Coreak gidatzen duen Return to Forever taldeko baxu jolea, jazz fusioan aitzindaria. Gurean Beka Gochiashvili-k (pianoan), Cameron Graves-ek (teklatuetan) eta Michael Mitchell-ek (baterian) lagunduko dute.

Getxoko jaialdiak beti aurkeztu ohi du emakume bat oholtza gainean, eta bost eguneko egitarauan nekez faltako da abeslariren bat. Aurten, uztailaren 5ean, igandez, Madeleine Peyroux.

Ella Fitzgerald, Edith Piaf eta Billie Holiday (askotan alderatu izan da honekin) kantarien eragina duen Peyroux estatubatuarrak Pariseko kaleetan jotzen lortu zuen eskarmentua, 2006ko “Dreamland” debut lanarekin eta derrepentean ezagun egin baino lehen. Kasik hamar urte geroago arrakasten bilduma bat aurkeztera dator hirukotean, Jon Herington (gitarra) eta Barak Mori (baxua) musikariekin batera, bateriarik gabe!

Getxo Jazz, jotzen lehena

ZUZEUko erredakzio kide