«Gizakiek eragindako bi hondamendi: Japonia eta Libia»
Japoniari dagokionez, zientzialarien jokabidea gogor kritikatu du John Galtung adituak. Berak adierazi duenez, eraikinak eta erreaktore nuklearrak, neurri batean, lurrikarei aurre egiteko prestatuta zeuden, baina ez halako astinduei aurre egiteko. Bestalde, adituei arduragabekeriaz jokatzea leporatu die: «Energia zentral horietako gehienak hondartzan kokatzen dituzte, orain inoiz baino gehiago, zentralak hozteko itsasoko ura erraz eskuratzearren. Zain dagoen uholde-olatuari izena –tsunami– jarri zion herrialdean. (..) Tsunamia barrualderantz sartu eta 10 kilometrotara zabaldu zen. Poliki sartuta, bidean zegoen guztia hautsi, hil eta bota zuen. (..) Hala ere, tsunamiak ezagutzen zituzten eta energia nuklearraren aldeko sutsuei ‘EZ EZAZUE EGIN!’ oihukatu, deiadar egin, ez zieten zientzialariek arduragabekeria kriminalez jokatu zuten».
Garai batean, Galtung kimika eta fisika ikaslea izan zen eta, dionez, badaki adituek «naturaren misterioak argitzeko gaitasun handia» daukatela. Horregatik, ohartarazpenik ez egitea onartezintzat jotzen du. Dena den, hori ere espero zuen. «1973an petrolioaren prezioak goia jo zuenean, 1989an Gerra Hotza amaitu zenean, eta 2001eko irailaren 11n New Yorken eta Washingtonen eraikin batzuei eraso zietenean ‘inork ezin zuen halakorik aurreikusi’ esamoldea erabili zuten estatuburu eta ‘segurtasuneko aditu’ guztiengandik bezain gogoeta gutxi espero nuen beraiengandik. Horiek guztiak erraz aurreikusteko modukoak ziren».
«Dirua aurreztu eta sortu beharra zegoen. Energia nuklearra ekoizteko planten ezkutupean, arma nuklearrak egin daitezke. Belatz japoniarrek, Japonia normalizatzeko modu honekin ahoa ur bihurtzen zitzaiela, Ipar Korearekiko gatazkari gori-gori eutsi zioten. Capital, Westinghouse eta General Electric 1979an Three Mile Islanden [AEBak] izan zen hondamendian nahastuta egon ondoren, Japoniako Gobernuak merkataritza soberakina murrizteko eskatu al zien? Dena dela, zientzialariek izen ona eta boterea daukate».
Gantungen ustez, japoniarrek suspertzeko ahalmen handia daukate eta berreraikuntzak ekonomia bizkortuko du, baloreak epe laburrean saldu eta berriz erosten dituzten «finantzetako hienak Japoniako baloreen merkatutik aparte uzten baldin badituzte». Hala ere, Txernobilgoaren pareko katastroferik berriz gerta ez dadin, energia nuklearra geldiarazteko eskatu du. «Zentral nuklear guztiak ixteko bezainbesteko jakintza daukagu. Badago alternatibarik».
Libian bakea inposatzeko indarra
Lurrikaren ondoren tsunamia gertatzea bezain ohikoa da Nazio Batuen Erakundea (NBE) Ingalaterraren, AEBen eta Frantziaren interesen alde erabiltzea, «aitzakia humanitarioekin edo gabe». Libiari erasoz, Israelek, Ingalaterrak eta Frantziak 1956ean Egiptoren aurka egin zuten gerra berregin dute, baina Israel kenduta, eta AEBak zein NBEko Segurtasun Kontseiluko zazpi kide gehituta. Galtungen iritziz, Muammar Gadafi presidentearen indarrei aurre egiteko «arrazoi sendoak» daude, baina «Libiako egoera diktadura bortitz baten aurkako matxinada soiltzat jotzen dutenak lurrikaren ondoren tsunamirik gertatuko ez dela pentsatzen dutenak bezalakoak dira». «Bahrainen hegan egin ezin daitekeen eremu bat ezartzea historikoa izango zen, zer esanik ez Gazan duela bi urte egin izan balitz. Baina NBE ez dago horretarako eginda; are gutxiago gaur egun».
Afrikako Batasuna eta Liga Arabiarra isilik geratzea, Libia bi erakundeetako kide nagusietako bat izanik, gehiegizkotzat jo du. «Hasieratik, beren burua bitartekari izateko eskain zezaketen eta, eskaintza baztertua izan balitz, Libiara bake indar bat, ez ‘bakea inposatzeko’ indar bat, lurrez, itsasoz edo airez sartzeko baimena eman zezaketen». Hala ere, ikasteko aukera izango dutela nabarmendu du. «Hurrengoan hobeto egin ezazue. Aukera asko izango dituzue».
Bukatzeko, NBEko Segurtasun Kontseiluaren 1973 ebazpenaren aurrean abstenitu ziren bost kideei ez dutela nahikoa egin esan die Gantungek; Errusia, Txina, India, Brasil eta Alemaniari, hain zuzen. «Egon zaitezte historiaren aldean. Horrek zera esan nahi du: arabiarrak Mendebalde-Europa-AEB-Israelen dominaziotik eta desoreka-miseria eta autokrazia handiagoak sortzen dituen ekonomiatik askatzea babesten dutenen aldean».