Gina Lollobrigida hil da

Gina Lollobrigida hil da –

Luigina Lollobrigida 1927an jaio zen Subiacon, Erromako eskualdean, eta Italiako hiriburuan zendu da gaur, 95 urte zituela. Zinemak eman zion ospea, eta hainbat jarduera artistiko jorratu zituen.

Gina Lollobrigida hil da Pintura eta eskultura ikasketak burutu zituen Lollobrigidak gaztetan, opera abeslari izatea amesten zuen bitartean. Etxeko egoera ekonomiko larriak behartuta, ordea, estra lanak egin zituen fotonobeletan, Cinecittá estudioetan.

“Lollo” goitizenarekin ezagutzen zuten emakumea agudo hasi zen nabarmentzen edertasun lehiaketetan eta moda desfileetan, modelo gisa. Italiar zineman paper txikiak jokatzen hasi, eta nazioarteko arreta bereganatu zuen. 1953an egin zuen debuta Hollywooden, zer eta John Hustonek zuzendutako “Beat the Devil” filmean, Humphrey Bogart eta Jennifer Jones izarrekin batera. Bi urte geroago Robert Z. Leonarden “La donna Piú bella del mondo” filmean parte hartu zuen Vittorio Gassmanekin. Italiako zinemako David de Donatello, eratu berria zen sari nagusia irabazi zuen lan honengatik; beste bi ere irabaziko zituen bere ibilbidean.

Gina Lollobrigidak zineman izan zuen distiraren aldiak hamabost urte inguru iraun zuen, 1950eko hamarkadaren erdialdetik 70eko hamarkadaren hasiera arte. Tarte horretan “Trapecio” (1956), “Salomon eta Sabako erregina” (1958), “Never so Few” (1959), “Venus inperial” (1962), “Woman of Straw” (1964), “Buona Sera” (1968) eta beste makina bat ekoizpenetan parte hartu zuen, arrakasta eta dirdira handiko antzezleak lagun zituela: Burt Lancaster, Tony Curtis, Yul Brynner, Frank Sinatra, Sean Connery…

Hollywooden arrakasta handia izan zuen arren, Gina ez zen inoiz Oscar sarietarako hautagai izan, baina haren ospearen adierazgarri da Billy Wilderri “The Apartment” filmagatik zuzendaritza onenaren saria emateko aukeratu zutela, Oscar sarien hirugarren zeremonian (1961).

Zinemaz gain, artearekiko interesa agertu zuen Lollobrigidak, eskulturarakoa eta argazkilaritzarakoa, batez ere. Argazkilari-karrera arrakastatsua izan zuen zinemagintza baztertzen hasi zenean -argazki liburu bat baino gehiago plazaratu zuen-, eta Paul Newman, Audrey Hepburn, Salvador Dali eta besteren argazkiak egin zituen, baita Fidel Castro elkarrizketatu ere.

Telebistarako egin zituen lanen artean, bakarra aipatuko dugu, 80ko hamarkadan “Falcon Crest” telesail ospetsuan parte hartzeko AEBetako pantailetara itzuli zenekoa.

Jada zahartzaroan zela, eta Italiako politikarako grina ere agertu zuen Lollobrigidak. Iaz, berbarako, sistemaren aurkako alderbi baten ordezkari gisa hauteskundeetara aurkeztuko zela iragarri zuen, “soilik eztabaidan aritzen diren eta inora iristen ez diren politikariez nazkatuta zegoela-eta”. Aparte, ezkontza aferak eta pilatu zuen diruagatik ondorengoen arteko ika-mikak ere izan ditu, azken urteetan.

Gina Lollobrigida hil da