Gerra “humanitarioak” berriro

Gerra “humanitarioak” berriro –

Asier Blasek, Argia aldizkariko Bazterrak nahasten blogean.

Azkenean Errusiak erasotu egin du Ukraina eta ez da edonolako erasoa. Amerikako Estatu Batuak zuzen zegoen? Edo gu hemen azaldu genuen autobete den profezia da? Bata ala bestea izan, erasoaren arduraduna Putin eta bere gobernua dira. Baina lau hilabeteren ondoren ikusi dugu Gerra Hotzean ez bezala, oraingoan AEBen negoziaziorako gogoak ez direla garai batekoak. Washington eta Moskuren artean ez da egon benetako negoziazio bat, oiloaren jokoan egon dira eta askok pentsatzen genuenaren kontra Kremlinak esku-hartze militar handi bat hasi du.

Gerra “humanitarioak” berriro
Argazkia: CNN.

Baina hemen berritasuna ez da esku-hartzea bakarrik, baizik eta modua. Posibilitateen artean aipatzen genuen Georgian, 2008ko gerran gertaturikoa errepikatzea zegoela, hau da, Ukrainak Donbassen kontra eskala handiko eraso bat hasiko balu, erantzuna Errusiatik azkar etorriko litzateke, Ukrainako armadaren kontrako erasoekin, instalakuntza militarrak suntsituz eta portu eta aireportu klabeak kontrolatuz. Gutxi gorabehera hori da gertatzen ari dena da. Behin operazio hori bukatu zuela Georgian, Errusiar armada erretiratu egin zen, hori bai, Hego Osetiak eta Abjasiak kontrolatzen zituzten lurralde eremuak zabalduta.

Oraingoan, aldiz, prozedura bestelakoa izan da. Tristea den une historiko horietako bat bizi dugu, hain zuzen ere, 1999an NATOk Jugoslavia erasotu zuen une antzekoa da gaur bizitzen ari garena. Orduan Mendebaldea eta bereziki AEBek polo bakarreko mundu hartan boterez hordituta nazioarteko legediaren haustura oso garrantzitsu bat egiteko erabakia hartu zuen eta ez ezkutuan, normalean egiten diren moduan horrelakoak, baizik eta aurpegia emanez era harroputzean. Errusiak berdina egin du. Kremlinak eta bereziki Putinek boterez hordituta eta harropuzkeriaz beteta, nazioarteko politikan jokalari zuhurra zen Errusiaren portaera aldatu egin du, erreaktiboa izatetik proaktiboa izatera. NATOren gerra “prebentiboen” eta “humanitarioen” doktrinak besarkatu eta erasoari ekin dio. Orain hobeto ulertzen da Scholz Lehen Ministro alemanarekin emaniko prentsaurrekoan 1999ko Jugoslaviako erasoari eginiko erreferentzia. Aitzakia zazpi urtez luzatu den Donbaseko gerra eta drama humanitarioa. Hemen dago arriskua, nazioarteko legedia oso urratua zegoena, Putinek hartu duen erabaki honekin erabat lurperatuta dago. Eraso militarren inguruko nazioarteko legediaren amaiera hori 1999an hasi zen, trantsizio luze bat izan da, erdi bizirik zegoen, batzuetan funtzionatzen zuen eta beste batzuetan ez; gaurtik aurrera esan genezake mundu hori amaitu dela eta potentzien arteko harremanetan indartsuenaren legea baino ez dela nagusituko.

Baina buelta gaitezen Ukrainara. Kremlinak abiatu duen operazioa ez da bakarrik gerra “humanitarioen” atal berri bat protagonista berri batekin. Ez, arrisku gehiago daude. Ukraina ez da Georgia, hor paperean irudikatu zuten operazioa gutxi-asko era perfektuan atera zitzaien. Baina Ukraina handiagoa da eta erresistentzia handiagoa topa dezakete. Ukrainar armadaren baliabide militarrak kontrolpean hartu edota neutralizatzeko operazio militarra omen da eta ez omen du zibilen kontrako erasorik egingo; gogoratu dezagun 1999an NATOk Jugoslavia erosotu zuenean, zubiak, garraiobideak, telebista, erietxeak eta, oro har, zibilak erosotu zituela nagusiki. Ikusiko dugu zer gertatzen den Ukrainan, baina errusiarrek paperean dutena ateratzen ez bazaie, zer egingo dute? Gerra irabazteko potentzial handia dute bai, baina erresistentzia badago errusiar armadak azkenean bere eskuak odolez asko zikinduko ditu. Era berean baja militar ugari izan ditzake horrek sor diezaiokeen arazoarekin etxean.

Gerrak nola hasten dira jakitea batzuetan ez da erraza, baina garbi dagoena da ez dagoela jakiterik nola bukatuko diren. Gainera, Errusiak Mendebaldetik kanpo zuen ospe diplomatikoa eztandarazi berri du. Azken asteetan, krisiaren gorakadan gustura sartu den arren eta ultimatumak eman dituen arren, beti baztertu du Ukrainaren eskala handiko okupazio militarra. Oraindik esan ahal izango dute Georgiako 2008ko operazioaren antzeko zerbait baino ez dela, gutxi-asko horrela aurkeztu dute, baina nork sinetsiko die azken asteetan esandakoaren ostean? Aurreko asteetan bi hipotesi nagusiez hitz egiten genuen gerra agertokian, Errusiak Donetsk eta Lugansk kontrolatzen dituzten lurraldeak segurtatzeko operazio militarra edo behin hori eginda, kontrola zabaltzea Donbass osora, Ukrainak kontrolatzen dituen lurraldeak hartuz. Eraso militarra hasi dutenean Donbass osoa kontrolatzeko operazio bat bezala aurkeztu dute, baina, gauden puntuan egonda, lehenengo hipotesia baztertuta eta bigarrena Kremlinaren ahotan egonik, ezinbestean bazterrean zegoen hipotesi baten protagonismo berria azpimarratu behar da: gerra garatu ahala Errusiak ez badu lortzen nahi duena, antza Donbass osoa kontrolatu eta Ukrainako estatus neutrala segurtatzea, orduan oso posible da Errusiak Donbassari eskualde honetakoak ez diren lurraldeak anexionatzea.

Hain zuzen ere, hipotesi hau, Heinz Brill Alemaniako armadako erreserbako teniente koronela eta Alemaniako Armada Federalaren Ikerketa eta Prestakuntza Bulegoko aholkulari ohia, 2009an aurkeztu zuen Austriako aldizkari militar batean argitaratutako artikulu batean, non azaltzen zuen NATOren ekialderako zabalkundeak Ukraina NATO eta Errusiaren artean banatzera eramango zuela. Orduan sinesgaitza iruditu zitzaidan hipotesia, baina garbi dago militarren errealismoa bezalakorik ez dagoela nazioarteko harremanak interpretatzeko.

Azkenik, guzti honetan sorpresaz harrapatu gaitu askori Kremlinaren ekiteko moduagatik, proaktibo bezala aipatu agertu izaganatik. Batez ere, bazirudielako azken hilabeteetako krisi gorakadaren narratiban Kremlina irabazle izaten ari zela eta, hain justu, erabaki honek Moskuren sinesgarritasun guztia hondoratu eta AEB sinesgarritasuna berriztatu egiten duelako. Baina ez da hori bakarrik, NATO kohesionatu egingo da eta Errusiak erabaki honekin herrialde postsobietarretan duen irudia asko higatuko da. Ez aipatzeagatik Ukrainan bide ez militarretatik eragiteko gaitasuna izateari uko egiten diola betirako.

Guzti honetan baina, badirudi Putinek zeresan handia duela, Donetsk eta Luhansk errepubliketako aintzatestea iragartzeko hitzaldian normalean erabiltzen ez duen moduko tonu eta irudi zakarra erakutsi zuen. Formak ez zituen zaindu eta haserre zegoela adierazi zuen, diskurtso nazionalista eta antikomunista gogorra garantzen zuen bitartean. Horregatik, guzti honetan, badirudi, Errusiaren azken urteetako deribak gauza asko azaldu ditzakeela. Errusia inoiz demokrazia izan ez bada ere, geroz eta autoritarioagoa egiten joan da. Hau azaltzeko aldagai desberdinak erabili daitezke, horietako bat da Putin 20 urte baino gehiago daramatzala boterean, agintariak boterean urte luzez aritzen direnean hasieran zituzten trebeziak herdoildu egiten zaizkie eta errealitatearen ikuskera gero eta desitxuratuagoa garatzen hasten dira, botereaz horditurik edo. Horregatik, ez dira kontziente hartzen dituzten erabakiez; ez da bihar edo etzi izango, baina operazio militarra ez bada ateratzen Kremlinak planifikatu bezala, etxean, Errusian, Putini gauzak maldagora jarri dakizkioke epe ertainean. Ikusiko dugu.

Gerra “humanitarioak” berriro Gerra “humanitarioak” berriro

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.