Euskara ezagutzeko murgiltze eredua

Euskara ezagutzeko murgiltze eredua –

Hezkuntzak sakoneko aldaketa behar du. EAEn, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian burujabetzan oinarritutako hezkuntza ereduarekin amesten dugu; Frantzia eta Espainarengandik burujabe, kapitalaren interesengandik burujabe. Egungo eredua urrun da hortik, horregatik, trantsizioak beharko ditugu bestelako eskola bat eraikiko badugu. Abiapuntu bakoitzeko trantsizio bana beharko dugu, egokiak diren elementuak indartuta eta desegokiak iraulita.

Euskara eta Euskal Herria ardatz izango dituen eskola publikorantz abiatu nahi dugu. Kohesiorako elementu batzuk eskola guztietan izango dituen eta tokian tokiko aniztasunari autonomiaz helduko dion euskal eskola publikorako trantsizioak nahi ditugu. Estatuen helburu homogeneizatzailetik askatuko den eskola behar dugu, enpresen beharrak baino ikasleen autonomia zein zentzu kritikoa elikatuko dituena. Sareen aniztasunetik, eskola publikoen aniztasunera bideratuko den eskola, segregaziotik kohesiorako bidea egingo duena. Eta, noski, langileen lan baldintza egokien bitartez kalitatezkoa eta erabat doakoa izango den eskola nahi dugu; jaiotza tasaren jaitsiera ratioak hobetzeko probestuko duena, esaterako. Badakigu hori dena ez dagoela jasotzerik egungo Hezkuntza Lege batean, baina norabide horri ekin nahi diogu.

EAEn jadanik eztabaida irekita dago eta hizkuntzen harira hartutako lehen posizioek ardura sortu digute. Hizkuntzen ezagutzaren bitartez gizartearen kohesioa bermatu, eta ikasleen aniztasunari erantzungo dien eskola hori zelan egituratu nahi dugu EAEn? Eskolak soilik ezin ditu euskal hiztunon eskubideak bermatu (beste edozein gaitan ere eskolak modu isolatuan mirakulurik egiterik ez duen bezala). Baina eskolarik gabe ezinezkoa izango da gure haurrek euskaraz bizi ahal izatea, ezta euskararen ezagutza egokia izatea ere, ez D ereduan, are gutxiago B ereduan eta inolaz ere ez A ereduan. Gaztelaniaren ezagutza egoki hori erabat bermatuta dago, eskolaz kanpo gaztelaniaren erabateko hegemoniak hori ziurtatzen baitu, gurasoek hautatzeko eskubiderik gabe. Hego Euskal Herriko herri euskaldunenean ere, haurrek gaztelania ezagutuko dute. Estatuan egindako ebaluazio ezberdinek erakusten dute EAEko haurrek gaztelania modu egokian jasotzen dutela, batez beste estatuko beste autonomi erkidegoetan baino hobeto.

Euskararen ezagutza orokortu ezean euskaraz bizitzeko eskubiderik gabe jarraituko dugu. Gizartea bi egoera zeharo ezberdinetan banatuko da: euskara ezagutzen duten eta ez dutenen artean, eta horrek zuzenean erasotzen du kohesioa. Egoera zuzendu nahi ez duenak euskara gatazka esparru izatea sustatuko du, gatazkarik nahi ez izatearen truke euskaldunok gure eskubideei modu baketsuan uko egitea espero ez badu behintzat.

Hainbat gaitan hezkuntza ereduaren eztabaida posible izango dela dirudi, dialektikoki behintzat hori adierazten dute arduradunek; ikustekoa izango da ondoren egia den. Hizkuntzaren gaia azaltzean, ordea, Jokin Bildarratz Sailburuak gatazka ekidin behar dela dio, edo eskolen autonomia aitzakia hartuta, tokian tokiko hizkuntzen presentzia aldagarria izatea defendatzen du.

Podemosek publiko egin duen proposamena are kezkagarriagoa da, hiru hizkuntza irakas hizkuntza izan daitezkeela defendatzen dute, tokiaren arabera hizkuntza bakoitzak pisu gehiago edo gutxiago izateko aukerarekin. Nafarroan horri PAI deitu zaio eta ingelesa irakasteko ustezko asmoarekin, euskara zokoratzeko estrategia izan da. Ingelesa hobeto ezagutzeko balio izan omen duen eredua, gainera, ikuspegi pedagogiko batetik, eragin kaltegarri nabaria izan du ikasketa prozesuetan.

Guk argi dugu. Tolosan zein Barakaldon euskara ezagutzeko aukera eskaintzen duen eredu bakarra euskara hutsezko irakas eredua da, beste hizkuntzak ikasgai moduan izango dituena, eta baliabide gehigarriak euskara egoera soziolinguistiko okerragoan dagoen eremueta. Irakas orduez gain, eskola jarduera guztiak euskaraz eskainiko dituen eskola ere nahi dugu. Ezagutza formala eskaintzeaz gain, euskararekin lotura emozionala sortzeko programak nahi ditugu. Behar bereziak dituzten ikasleentzako laguntza ere exijitzen dugu, bereziki atzerritik etorritako haurrei euskara ikasteko aukera eskaintzeko. Euskarazko murgiltze eredua nahi dugu, horrek bakarrik bermatzen baitu euskara zein gaztelania ezagutzeko aukera. Euskararen kasuan, murgiltzeak ez du ezagutza bermatzen (esan dugu eskolak ezin duela berak bakarrik mirakulurik egin), baina aukera bai eskaintzen du.

ELArekin batera beste hainbat eragilek eskatu dugu euskarazko irakas eredu bakarra (Kontseiluak, LABek, STEILASek, EHIGEk, EHIZEk, Ikastolen Elkarteak zein Kristau Eskolak, besteak beste). Hau da, hezkuntza komunitatearen gehiengo zabal batek euskararen gaian trantsizioa nola egin nahi dugun adierazi dugu. Eskolen edo hezkuntza komunitateen autonomian sinisten duenak, argi izan behar du hezkuntza komunitatearen gehiengoa autodeterminatu dela. Orain hori hezkuntza lege berrian legeztatzea besterik ez dago, inongo gatazkarik gabe.

Miren Zubizarreta eta Pello Igeregi

Euskara ezagutzeko murgiltze eredua  Euskara ezagutzeko murgiltze eredua  Euskara ezagutzeko murgiltze eredua  Euskara ezagutzeko murgiltze eredua

EAEko administrazio orokorreko ELAren arduraduna

ELAko euskara arduraduna