Gerra danbor hotsak Europako Batasunean

Gerra danbor hotsak Europako Batasunean –

Asier Blas Mendoza, ARGIAn.


Urtebete pasa da Mendebaldeari Ukrainako gerra okertu zitzaionetik. Xakean esaten da jokalari bat zugzwang posizioan dagoela egin dezakeen edozein mugimenduk kaltetuko badu. Mugimendurik egin beharko ez balu berdinketa lortuko luke, baina bere txanda bada, bereak egin du.

Gerra danbor hotsak Europako Batasunean
Arg: ds-grafikdesign

2024an Ukrainak gerra fronteari eutsiko balio, Bruselak ez luke mugimendurik egin nahiko. Baina Kievek ez du eusteko gaitasunik, ez gutxienez Ukrainak gizon eta arma eskasiarekin jarraitzen duen bitartean. Horregatik, Mendebaldeari fitxa mugitzea baizik ez zaio geratzen: kapitulazio kutsua duten negoziazioetara joaz, edo frontearen lerroa kolapsatu ahala gerran eskalatuz.

EBko politikari eta gobernu gehienen adierazpenei kasu egiten badiegu, badirudi Errusiaren kontrako gerra inoiz baino gertuago dagoela. Posibilitate honekin bonbardatzen gaituzte hedabideek egunero: normaldu dezagun gerra agertokia eta gastu militarraren igoera AEBen mesedetan. Hautua eskalatzea da. Emmanuel Macron-ek garbi adierazi du errusiar armadak aurrera egiten jarraituko balu Ukrainara soldaduak bidaltzeko prest egongo litzatekeela. Mugimendu hori ere, baina, Brusela dagoen zugzwang posizioagatik, galtzailea da. EBk bizi duen krisi sozioekonomikoari galera humanoa eta materiala erantsi beharko litzaizkioke. Ez aipatzeagatik gerra nuklear posible baten agertokia. Halere, badirudi ez duela axola, izan ere, EB tematuta dago bere interesen kontrako erabakiak hartzen. Baina hori nola izan da posible? AEBek Europan duten hegemonia kulturalari esker.

Mendebaldea pribilegioak galtzen ari den une honetan, Europako gizartea kulturalki inoiz baino kolonizatuago ageri da Washingtonekiko

Superpotentzia baten hegemonia eraikitzeko prozesuetan lau dimentsiok jarduten dute: ekonomikoa, militarra, politiko-diplomatikoa eta kulturala. Lehenengo biek hegemonia materiala segurtatzen dute. Eraikuntzaren oinarria eta motorra ekonomikoa da, horren gainean indartze militarra dator. Halere, epe ertain eta luzean hegemoniari eusteko dimentsio politiko-diplomatikoa garatu behar da. Nagusitasun politiko eta diplomatikoa nagusitasun ekonomiko eta militarraren azken adierazpena da, subalternoek menpeko egoera onartzen dute pragmatismoagatik. Halere, ahal duten heinean autonomia bilatzen dute. Horregatik, EBk autonomia estrategikoaren beharraz hitz egiten zuen edo Washingtonek, besteak beste, Merkel eta Hollande espiatzen zituen, ustezko aliatuen artean intentsitate baxuko gerra ekonomiko bat zegoelako.

Epe luzean menperatuak otzan mantentzeko beharrezkoa da hegemoniaren dimentsio kulturala garatzea. AEBek hasieratik ondo jakin dute indar finantzarioa hegemonia kulturala eraikitzeko baliatzen: ikus-entzunezkoen industrian, hedabideetan, unibertsitateetan, GKEetan eta, oro har, beste herrialdeetako burmuin eta etorkizuneko eliteen kooptazioa eginda. XXI. mende hasieran AEBen gainbehera ekonomikoa hasi zenean, hegemonia kulturalaren gailurrera iritsi ziren.

Mende berriak aurrera egin ahala, iparramerikar nagusitasun kulturala higatzen hasi zen periferietan; aldiz, piztiaren bihotzean, Josep Borrellek lorategia deitzen duen horretan, indartzen jarraitu zuen. Horregatik, Mendebaldea pribilegioak galtzen ari den une honetan, Europako gizartea kulturalki inoiz baino kolonizatuago ageri da Washingtonekiko. Disonantzia kognitiboaren tamaina hain da handia, Europa kaltetuz AEBen interesen esanetara ari garela onartu baino nahiago dugula esatea demokrazia, feminismoa, ekologismoa, giza eskubideak, adierazpen askatasuna edo nazioarteko legedia defendatzen ditugula gerrak bultzatuz, gerrak eginez, edota genozidioak babestuz.

Gerra danbor hotsak Europako Batasunean  Gerra danbor hotsak Europako Batasunean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude