Amillubi, Lurra Taupaka

Amillubi –

Testua: Amillubiko Talde Eragilea

Orain hiru hamarkada Biolurrek eredu ekologikoaren aldeko apustua egin zuen, norabide nagusiena beste bat bazen ere, baserritar eta herritar batzuk, beste lurralde batzuetan geratzen ari zenarekin inspiratuta, batu eta aurrera begirako bestelako ekoizpen eta kontsumo eredu baten aldeko bidea irekitzeari ekin zioten. Lurra, pertsonak, animaliak eta komunitatea zaintzeko helburuz.

Biolur irabazi asmorik gabeko elkartea da. Egun, 330 bazkide ditu, ekoizle, herritar, kooperatiba, udal eta eragile anitzez osatua, eta, beraz, izaera kolektiboa du. 1993 urteaz geroztik, jendarteari elikagai osasuntsuak bermatzeko eta tokiko elikagaietan oinarritutako sistema iraunkorrak eraikitzeko -ekoizpenetik hasi eta kontsumorainoko katean- lanean gabiltza. Ibilbide horretan, ekoizpen ereduari lotutako alderdiak lehen lerrora ekarri ditugu, elkarlanean ikasten, eta nekazaritza eta abeltzaintza agroekologikoa eta iraunkorra sustatzea gure helburu nagusia izanik.

Orain, 30 urte beranduago, eta bizi dugun krisi ekosozialari aurre egiteko asmoz Biolurrek berriro ere mahai gainean jarri nahi izan du bere proposamena, Amillubi proiektua, hastapeneko ardatz berdinetan oinarrituz, agroekologiatik eta kolektibotik komunitatea eta lurra zainduko duen egitasmoa.

Amillubi
Argazkiak: Dani Blanco / ARGIA

BAINA, ZERTAN DATZA AMILLUBI?

Fisikoki Amillibia baserria (toponimiaren araberako izena errespetatuz) eta loturiko lur eremua Zestoako udalerrian dago, Urola ibaiak Iraetan sortzen duen meandro naturalean kokatuta. Zehazki 25.000m-ko nekazal eremua, 15.000m-ko belardi naturalak eta 5 hektarea baso osatua.

Balio agroekologiko handiko eremua da, bai agronomikoki dituen ezaugarriengatik (besteak beste, lurraren ezaugarriak, biodibertsitate handiko eremua edo eremu laua izatea lanerako), baita ere elikagaien ekoizpen anitzerako ematen dituen aukerengatik (ortugintza, frutagintza, eta abar).Gainera, basogintza zein nekazaritza eredu ekologikoak eta iraunkorrak sortzeko  ezinbesteko baliabide naturalez osatua dago (ura, egutera, basoa…)  krisi klimatikoaren aurrean lurrari lotutako elikagaiak zein arnas gune sozio-ekologikoak sortzeko eremu interesgarria bihurtuz.

AMILLUBI egitasmoaren kokapenak ere garrantzi berezia hartzen du Eusko Jaurlaritzako Visesa enpresa publikoaren 26 hektareako nekazaritza lur eremuaren alboan dagoelako, aurrera begira proiektua hedatzeko aukera esanguratsuak eskainiz Horretaz gain, proiektuaren garapenerako interesgarri eta baliagarria izango den mugikortasunari begira, kokapen estrategikoa du, erraztasun logistikoak eskaintzen dituelako, bai herritarrei elikagaien eskuragarri jartzeko baita ere ekoizleentzat bertan garatu ahal diren bitarteko logistikoak eskuratzen laguntzeko; adibidez: elikagaik Gipuzkoako kontsumo elkarte desberdinetan banatzeko, hornikuntza unitate bat sortzeko Amillubin bertan edota eraldaketa gune bat ekoizleentzat.

Ezaugarri guzti hauek egiten dute Amillubi elikadura burujabetzaren bidean eremu estrategiko.

Baina Amillubi Lurra Taupaka hori baino gehiago da. Etorkizunari esperantzaz, ilusioz, emozioz, arduraz, txikitasunetik eta kolektiboan erantzun nahi dion proiektua da. Eusten gaituen lurra ondasun kolektibo izateko bokazioa du, guztion eskubide soziala den elikadura osasuntsua ekoizteko helburua duena. Bide horretan, eta Lurzaindia inspirazio eta iparrorratz izanda, Amillubi Euskal Herriko hegoaldeko-Lurzaindia izateko lehenengo hazia izan nahi du. Horrekin, sektorearen egoera ikusarazten jarraitu eta zaharkituta edota bioteknologian oinarritutako elikadura sistema eredu zapaltzailearen aurrean alternatiba eraikitzeko beharra aldarrikatu nahi du, gizarteak eraikuntza kolektibo horretan izan dezaken konpromezuarekin atxikitzeko aukera emanaz.

Jabegotza eta funtzionamenduari begira, hastapenetan formula ezberdinak mahi gainean jarri baziren ere, proiektuaren lidergoa Biolur elkartearena izatea erabaki zen, elkarteak kolektibotasunari dagokionez eta lurra elikadura sortzeko izango denaren bermea eskaintzen duelako. Dena den, Amillubi egitasmoa aurrera ateratzeko, ezinbestekoa den sarearen babesa azpimarratu behar da. Biolur elkarteko kide zirenez gain, Amillubi aukera estrategikotzat ikusten duten hainbat eragile publiko-pribatu eta sozialekin lankidetzan ari gara. Aurrerantzean emango diren urratsek eta prozesuek esango dute zein antolaketa eta formula juridikoa den egokiena gure egitasmoa iraunkorra izan dadin, baina edonola ikuspegi komunitarioa eta herri onura izango du ardatz

AMILLUBI, LURRA OINARRI

Egungo testuinguruan, non nekazaritzarako lurretan 80.400 hektarea galdu diren  1990 eta 2018 urte bitartean, artifizializaturiko azalera bikoiztuz eta elikadura sistemaren krisi orokortuan kokatutako lehen sektorearen errelebo falta larriaren aurrean, Biolurretik Amillubirekin aukera errealak mahai gainean jarri nahi ditugu, gure txikitasunetik baina arduraz eta erantzukizunez, eta elkarteak beti izan duen izaeratik, ekitetik.

Proiektua 2023ko abenduaren batean jendarteratu bada ere, ia bi urteko ibilbidea egin dugu eta hurrengo hilabeteetan ere hainbat urrats eta fasez osatutako duten ibilbide orria dugu, prozesu bat izaten ari delako, prozesu bizia. Zentzu horretan, Amillubiren baitan gauzatuko diren proiektu zehatzen garapena diseinu fasean dago. Baina, gauzatu daitezkeen proiektu horiek ez dira hutsetik sortzen, izan ere, Biolurren 30 urteko eskarmentu oparoak eta baserritarren errealitateak hainbat behar identifikatzeko gaitasuna eman digu. Era berean, lankidetzan aritzen garen eragile eta proiektu erreferenteak ere lehentasunak markatzeko lagungarri dira.

Lehen unean, epe laburrean, bi ekimen multzo aktibatuko dira:

  • Jendarteratzeko eta diru bilketarako lagungarriak izan daitezkeen lehen ekoizpenak egitea, auzolanaren filosofiatik (babarruna, artoa,…);
  • Biolurreko ekoizleen lantaldeen eskura jarri (okinen taldearen gari herrikoien probak, esperimentaziorako ekimenak,…)

Bigarren fase batean, epe ertain eta luzean, proiektua gidatzen ari den Amillubi Talde Eragileko kideok esku artean dugun proiektu posibleen mapa lantzen ari gara, lan lerro ezberdinak martxan jarri eta proiektu zehatzak egikaritzeko helburuz.

  1. Labore estentsiboak, abeltzaintza eta fruta ekoizteko aukera. Azpimarratu behar da egun Euskadik frutagintzan duen menpekotasuna, eta horien ekoizpen eta kontsumo jasangarria sustatzeko AMILLUBIko eremuaren ezaugarri teknikoek eskaintzen duten aukera.
  2. Ekoizpen anitzetan, lehen sektoreko belaunaldi-erreleboa lantzeko Trebalekua izatea, hau da, lehen sektorean jarduteko proiektu berrien ekintzailetzarako probalekua izatea.
  3. Elikagaien ekoizpenerako oinarrizkoak diren baliabide amankomunak sortu eta lantzea. Izan ere, ekoizleen jarduera bideragarria egiteko baldintzak sortzeko bidean, hainbat ekoizpen elementuren eskuragarritasuna eta partekatzea lagungarria da; adibidez, Baratzezaintzarako mintegi kolektiboa, elikagaien merkaturatzerako gune logistikoa garatzeko aukera, edo eta, makineriaren gune amankomunatua sortzea.
  4. Ikerketa eta esperimentaziorako gune finkoa sortzea, elikadura eta nekazaritzako beharrei zuzenean erantzuteko, eragile akademiko eta sozialak elkarrizketan eta lanean jarriko dituena.
  5. Elikadura eta ekoizpen ekologikoaren jakintza sortuko duen gunea izanik, dibulgazio zein hezkuntzarako espazioak eta baliabideak sortzea.
  6. AMILLUBI eskuratuta, eta estrategia gisa, beharrezko egitura ekonomiko eta soziala sortzea, AMILLUBItik harago, euskal herriko leku desberdinetan erabiltzen ez diren landa lurrak berreskuratzeko eta nekazaritza proiektuen esku jartzeko.

 

ETORKIZUN ERALDATZAILEA ETA DESIRAGARRIAK EGIKARITZEN

Amillubiren ibilbidea beraz, hasi besterik ez da egin. Maiz, krisi klimatikoa sentsazionalismotik eta alarmismotik jorratzen da, askotan beldurra eta blokeoa sortuz. Elikadura sistemaren testuinguruan, egoeraren kudeaketa eta soluziobideak bioteknologia eta elikagai sintetikoen norabidetik bideratzeko proposamenak ikusten ari gara, baliabideak eta etekinak esku gutxitan utziz eta are zaurgarriagoa eginez lurra oinarri dituzten elikadura iraunkorreko ekoizle eta proiektuen bizigarritasuna.

Biolurrek hiru hamarkada luzean egin duen lana eta irakaspenak oinarri hartuta, eta eraiki duen ekoizleen eta lankidetza sareaz baliatuz, Amillubi egitasmoarekin egingo dugu aurrera, etorkizun ederra irudikatuz eta amestuz. Amestea baita etorkizun eraldatzaile eta desiragarriak egi bihurtzeko lehen pasua, bizitza bizigarri eta iraunkorren bidean.

Amillubiko metro karratu bat lur babestu nahi duzu? Animatu, zabaldu, gerturatu! Biolurrera edota www.amillubi.eus

Amillubi  Amillubi  Amillubi  Amillubi

Eraldaketa fabrika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude