George RR Martin eta Marteri buruzko zientzia fikzioa
Aste honetan Marteri buruzko berri garrantzitsu bat zabaldu NASAk eta berriro piztu da (benetan inoiz itzali ez den) planeta gorriarekiko interes bizia. Games of Thrones telesailaren sortzaile izateagatik egin da ezagun George RR Martin. Nola lotu Marte eta George RR Martin? Berak hartu du lana, hona hemen idazleak Marteri buruzko zientzia fikzioaz idatzitako testuaren laburpen bat. Ingelesez dakienak The Guardian atarian irakur dezake.
Behin batean, Marte izeneko planeta bat zegoen, hondar gorriko, kanalez eta etengabeko abenturaz betetako mundu bat. Ondo oroitzen dut, haurra nintzelarik askotan joan bainintzen bertara. Nire familiak ez zuen inoiz diru askorik eduki. Ez genuen autorik, ez genuen inoiz beste lekurik asko ikusi. Nire mundua etxea eta eskola artean zeuden bost etxe sailak ziren.
Baina ez zuen inoiz garrantzia handirik izan, beste mundu batzuk bainituen. Lehenik komikien eta gero sakelako liburuen irakurle porrokatua, urrunera bidaiatu nuen gogokoen nuen aulkian kiribilduta orriak pasatuz.
Marte.
Uste dut hazten ari nintzela Martera New Yorkera baino sarriago joan nintzela, Manhattanera joateko autobusez 45 minutu eta 15 cents bakarrik behar banituen ere.
Barnetik eta kanpotik ezagutzen nuen Marte. Planeta mortu bat, lehorra eta hotza eta gorria (noski), milaka zibilizazio hazten eta erortzen ikusia. Piztia arraro eta basatien, haize xuxurlatzaileen, mendi altuen, kanalek zeharkatutako hondar gorrizko itsaso zabalen eta kantoi guztietan misterioa eta abentura ezkutuan zeuden portzelanazko hiri zaharren lurraldea zen Marte.
Lurtarrok beti izan dugu Marterekiko nolabaiteko lilura. Planeta originaletako bat izan zen, Merkurio, Venus, Jupiter eta Saturnorekin batera bost alderraietariko bat, antzinaroko faboritoak. Marte gorria zen, bere kolorea, odolaren eta suaren kolorea begi hutsean ere ikus zezaketen. Planeta honen inguruan gerora egingo ziren aurkikuntzek are interesgarriagoa egingo zuten. Baina benetan Giovanni Schiaparelli astronomo italiarraren adierazpenek egonkortu zuten mitoa: planetaren azalean “kanalak” ikusi zituen. 1877. urtean kanal artifizialak jende gehienaren gogoan zeuden eta Schiaparellik canali idatzi bazuen ere, kanal naturalak, channels beharrean canals gisa itzuli zuten, kanal artifizialak, norbaitek egin zituelako hipotesiari ateak zabalduz.
Ordutik aurrera hainbat istorio asmatuko ziren Marteren eta martetarren inguruan. HG Wellsek martetarrak ekarri zituen eta ondorengo batzuek Martera eraman gintuzten. [Jatorrizkoan Martinek adibide andana jartzen du]. Nire haurtzaroko Marte idazle ezberdinen artean sortutako amalgama bat zen.
Marte Zaharraren amaiera Marinerekin etorri zen. Mariner 9 izan zen Marteren orbitara heldu zen lehen satelite artifiziala. Marinerren aurkikuntzek mundu osoko zientzialariak hunkitu zituzten, inguruko planeten izateari buruzko informazio zehatza emanez. Baina zientzia fikzio idazle eta irakurleentzat desilusioa izan zen. Hori ez zen nahi genuen Marte.
Puristek eta muturreko ZiFi jarraitzaileek esan dezakete Marte zaharreko istorioak ez direla “benetako zientzia fikzioa”. Baina nik istorio deitzen diet eta istorio guztiak bezala irudimenean dituzte sustraiak. Funtsean, ez dut uste “erreala” izateak “cool” izatea baino askoz gehiago inporta duenik.