Gdansketik Danzigera, eta buelta, oroimenaren (eta narrazioaren) bidetik

Gdansketik Danzigera –

Gdansketik Danzigera, eta buelta, oroimenaren (eta narrazioaren) bidetik

(Argazkia: Adam Jones, CC-BY-SA 2.0)

Stockholmeko Wikimaniatik bueltan, lagun bidaideak eta biok bagenuen gogoa 80ko hamarkadan Lech Walesak eta Jaruzelsky jeneralak talka egin zuten hiria bisitatzeko, Gdansk (Polonia), ea zer berri (eta zer zahar), eta halaxe heldu ginen ferryan 80ko grebek astindutako ontziolen bokalean barrena. Gdansk, Danzig zaharra, berritxuratua ageri da osoki egun, Londreseko ibai inguruaren, Bilboko ibai inguruaren, Donostiaren… antzeratsu, bere noria eta guzti. Atzean (edo hiri kanpoaldean) geratu da gerratik ateratako Gdansk urratu eta zantarraren aztarna.

Poloniar narrazioaren hirian

Poloniarrek ahalegin berezia jarri dute oroimenari lotutako museoak antolatzen: II. Mundu Gerrako Museoa, galanta inondik ere, edo Solidarnosc Museoa. Oroimena diot, baina gehiago da narrazioa, gaztelaniatik autopistaz sartuta errelato deitzen ari dena, Eneko Bidegainek adierazi izan duen bezala.

2016tik, Westerplatte museo irekia estreinatu dute Gdansken, erdi-erdian sobietar estiloko oroitarri erraldoi harrigarria duela; II. Mundu Gerra hasi zen lekutzat hartzen da, poloniarren harrogarri, bertan armadak jarri zuen erresistentzia dela eta. Solidarnosc Museoak bisita gidatu interesgarriak, eta oso politikoak, antolatzen ditu hirian barrena, eta guztiz urririk, dohainik, free.

Poloniar homogeneoa

Gidariak bere azalpenean argitu zigunez, hala da hiria egun. Hizkera berezitasunik beharbada? Ez, haren iritzian. Gdansk (Danzig) hiria, aldiz, biziki alemaniarra zen II. Mundu Gerra aurretik, biztanleriaren % 15 izan ezik: poloniarrak. Tartean ziren ere juduak eta beste gutxiengo batzuk ere noski. Danzig Hiri Librean Alemaniako beste edozein hiritan baino boto gehiago jaso zituzten naziek; kinka gaiztoan geratu ziren gutxiengoak.

Gerrak, ordea, buelta eman zion egoerari: 1939ko garaileak hondamendian amildu ziren 1945ean sobietarrek hiria hartu zutenean eta, behin barruan zirela, hiriari guztiz su eman ziotenean. Herritar alemaniarrak trumilka sartu ziren itsasontzietan mendebaldera ihesi. Denok ezagutzen dugu Titanic, baina iheslariz betetako MV Wilhelm Gustloff itsasontziak 10.000 pertsonatik gora zeramatzan, gehienak herritarrak, tartean militar batzuk ere, eta sobietar torpedo batek hondoratu zuen Baltiko itsaso hotzean. Haietako mila baino gutxiago besterik ez ziren salbatu.

Hildako horiekin batera, ehun milakak ihes egin edo bota zituzten sobietar agintari berriek beren lurraldeetatik, garbiketa etniko peto-petoan. Oder-Neisse ibaien mendebaldera, edo mendebalderago, finkatu ziren ihes egindakoak. Günter Grass Danzig-Gdanskeko seme eta alemaniar idazleak alemaniar historiako atal ilun hori ekarri zuen gogora, eta bere barruan eraman zuen trauma. Gerra osteko alemaniar herritarren ihesaren eta kanporaketaren auzia atera zuenean, kritikatua izan zen, eskuin muturrari hegalak ematen ari zelakoan. Gai hau tabua da Alemanian.

Muturreko nazionalismoak

Pixka bat mendebalderago, Alemania ekialdeko Saxonian eta Brandenburgon, hizpidea jarri dute eskuin muturrak hauteskundeetan lortutako emaitzek, % 24 eta 28 inguru, hala kontatzen du Berriako albisteak. Beste alderdiek, ordea, uko egin diote AfD alderdi horrekin gobernu koalizioak egiteari, Espainiako kasuan ez bezala. Espainian muturreko nazionalismo kolpistak irabazi zuen gerra, Alemanian ez bezala, eta zama hori barru-barruan daramate alemaniarrek, baita guk ere.

Gurean, Gerra Zibileko desagerrarazien gaia, kolpista garaileen probetxurako, oroimenetik lurperatua izan zen, eta ahanzturaren bertuteak aldarrikatzen dituzte haien ondorengoek ere. Alemanian, galtzaileen ondorengoek (hedaduraz, alemaniarrek) erru gogor batek astinduta barneratu dute ahanztura.  Are, gerra ondoko alemaniar herritarren kanporaketak gogora ekartzen dituen edonork nazionalismoaren (zehazkiago, nazien aldeko izatearen) estigma eramango du bizkarrean iltzatuta.

Egia ezkutatuaren jabetza

Munichen, aireportuan saltzen diren liburuetako batean, hiru orrialde eskaintzen zaizkio II. Mundu Gerrako juduen patuari Alemaniako historia laburbilduan (alemanez). Zenbat orrialde, ordea, Alemaniako garbiketa etniko horien gainean? Hitz bat ere ez. Alemaniako eskuin muturrak badu hutsune horretatik zer edan aurrerantzean ere. Memoriari bizkarra emanez urratu den lorratzean, egia-erdi hori ari da handitzen. Bai, eskuin muturreko alderdien altzoan.

Gdansketik Danzigera – Gdansketik Danzigera, eta buelta, oroimenaren (eta narrazioaren) bidetik

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea

Zer duzu buruan “Gdansketik Danzigera, eta buelta, oroimenaren (eta narrazioaren) bidetik”-ri buruz

  • Mila esker artikuluagatik.
    Egiak aurpegi ugari du eta ongi dago gogoan izatea. Era berean , oso gutxitan aipatzen da Dresde eta beste hiri alemaniarren bonbardaketa basatiak.