Nazionalismo espainolista-konstituzionalista

Nazionalismo espainolista-konstituzionalista –

Juan Carlos Moreno Cabrera madrildarra -Filosofia eta Letretan doktorea eta Linguistika Orokorreko katedratikoa Madrileko Unibertsitate Autonomoan-, ez da ezezaguna gurean, izan behar lukeen bezain ezaguna ez bada ere, bereziki gaztelaniaren supremazismoa (euskara, katalana, galegoarekiko…) sutsuki eta ahoan bilorik gabe salatzeagatik. Lehenbizi, katalanez argitaratu den Determinació nacional saiakerarekin (gaztelaniatik itzulia), arlo hertsiki politikora iragan da, linguistikoa alde batera utzi gabe. Guztioi gomendatzen dizuet liburua, bereziki gure politikariei.

Nazionalismo espainolista-konstituzionalista

Abiatzen da esanez katalan herriak 2017ko urriaren 1ean burututako autodeterminazio erreferenduma gertakari garrantzitsu eta esanguratsuenetako bat izango dela Europa garaikideko historian. Espainiako estatuko goi instantziek, Estatuko Buruzagitza barne (monarka), onarturiko eta Espainiako gobernuak eragindako biolentziaren aurka, eta Estatuko agintariek erreferenduma eragozteko egindako saiakera legal eta ilegal guztien aurka halaber, egun hartan katalan herri antolatu eta solidarioak modu baketsu eta zibikoan aurrera eramatea lortu zuen Europa garaikideko prozesu demokratiko esanguratsuenetako bat. Askatasun eta demokraziaren aldeko borrokan, katalan herriaren garaipentzat jo behar da urriaren 1eko erreferenduma.

Saiakerara etorrita, idatzi du aztertzeko zergatik debekatu zuen Espainiako Gobernuak erreferenduma, eta zergatik eratorri den handik errepresio itzela. Berak pisuzko arrazoietan oinarriturik defendatzen duen tesia da Espainiako estatuan eta espainiar esparruko instituzio politiko, ekonomiko eta mediatikoetan badagoela ideologia nagusi bat, zeina nacionalisme espanyolista izendatzen duen, honako postulatu negazionista honetan oinarritzen dena: nazio espainiarraren esentziak ezinbestean inplikatzen du nazio izaera ukatzea Galiziari, Euskal Herriari eta Kataluniari.

Laburbildurik, saiakeraren lehen zatian defendatzen eta arrazoitzen du nazionalismo espainolistaren ideia funtsezko hori nazionalismo konstituzionalaren esparrura iragan dela 1978ko Konstituzioaren bigarren artikuluaren bitartez -militar frankistek Konstituzioaren gurasoei inposatua eta haiek txintik esan gabe onartua zetorren tokitik zetorrelako-, non modu erabatekoan ezartzen den nazio espainolaren hautsezintasun eta zatiezintasuna. Bigarren zatian, enplegatzen da erakusten nola jardun politiko eta judizial asko, eta hedabide nagusien analisi gehienak, nazionalismo espainolistaren postulatu negazionista horrek baldintzatuak dauden, eta, beraz, nola etnozida den; eta, azkenik, hirugarren partean aztertzen du nola nazionalismo espainolista horixe bera den Espainiako Konstituzioaren hirugarren artikulua -espainiar hizkuntzak Estatuan duen eginkizuna arautzen du- interpretatzeko oinarria, eta, horrenbestez, nazioen artean hierarkiak dauden bezala, haien hizkuntzen artean ere bai: euskarak, galizierak eta katalanak beti gaztelaniari azpiraturik egon behar dute -hizkuntza propioak menpekoak eta hizkuntza amankomuna menderatzailea-, beti elebitasun desorekatuan, 1978ko Konstituzioa aldatu ezean.

Gauzak horrela laburturik, ematen du saiakera hori ez dela izango inoren barruak mugitzeko gai, baina ez da hala: abertzaletasun izpi bat duen inor ez du apatiko eta axolagabe utziko. Ideia esanguratsu batzuetara etorririk, Moreno Cabreraren arabera, alderdi konstituzionalisten ideologia espainolista argia da: nazio espainiarra baino ez dago. Haiek proposatzen dutena da lehen mailako nazioak egotea, menderatzaileak, eta bigarren mailako nazioak, menpekoak, hala nola katalana. Horrek segitzen du izaten: “etnocèntric, etnocida i excloent i totalment fora dels paràmetres autènticament democràtics i igualitaristes que han d´oposar-se a tots els tipus de supremacisme i racisme”. Horregatik, konstituzionalismo espainolista negazionista (supremazista eta arrazista) Katalunia nazioa ez delako ideian kokatzen da, zeren egiaz nazioa dela ametitzera iritsiko balitz, askoz nabarmenago hautemango lirateke euren posizionamendu supremazistak.

Nazionalismo espainolistak izaera oldarkorra, negazionista eta etnozida du, eta horren mamia ideia honetan datza: espainiar nazioaren ideia erabat bateraezina da Galizia, Euskal Herria eta Katalunia nazio burujabe aitortzearekin. Espainiar naziokoak diren pertsona askok duten arazo larria da doktrinatuak izan direla, bereziki hezkuntza, hedabide eta alderdi politikoen aldetik, bere burua nazionalismo espainiartzat ageri duen nazionalismo espainolistan. Hori oso garbi gelditu zen 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren aurretik eta ondotik gertatu zen bandera espainiarren eztanda exhibizionistan. Madrilen milaka bandera espainiar zabaldu ziren balkoietan. Oso esanguratsua da: autodeterminazio erreferendum baketsu bat egitea Katalunian mehatxu gisa ikusi zuen espainiar askok. Hori, dio, Moreno Cabrera madrildarrak, egiaz, nazionalismo ekintza iraingarri bat izan zen Katalunia nazio burujabe gisa aitortzearen aurkakoa, eta gobernua katalan herriaren aurka hartzeko zorian zen neurri antidemokratikoen aldekoa.

Konklusio moduan dio katedratiko madrildarrak katalanen borondate subiranista sendoa eta egonkorra dela eta izaera baketsu eta demokratiko ezbaiezina duela. Ez dago instituzio politiko, judizial edo polizialik katalan nazioaren borondate subiranista suntsi dezakeenik: “És una qüestió de la més pura democràcia i d´apoderament d´un poble sotmès per un imperialisme nacionalista que disposa de molts mitjans al seu abast però que mai podrà doblegar la voluntat del poble català.” Horrek ez du esan nahi Espainiako instituzio espainolistek kalte handia ezin egin diezaiekeenik eta desesperazio handia ere ekar ez diezaiekeenik, eta ez du esan nahi halaber ez dutela konturik eman beharrik izango benetan demokratikoak diren instituzioen aurrean -egungo Europar Batasun politikoa ezaguturik, ez da sinesteko erraza baina beste instantzia batzuek ere salatu dute Jordi Cuixart-i Ho tornarem a fer liburuan irakurri diodanez; esaterako, Nazio Batuen Erakundearen Atxiloketa Arbitrarioen Lan-taldeak-, beraren asmo etnozida eta prozedura antidemokratiko eta biolentoena.

Gorago adierazitako tesia berretsiz amaitzen du saiakera: Espainiako estatuaren instituzioek Kataluniako autodeterminazio erreferendum baketsuaren aurrean hartutako jarrera errepresibo eta biolentoaren azalpen bat da nazionalismo espainolista: ideologia erradikala, negazionista eta baztertzailea, zeinaren postulatu funtsezko bat den herri galegoa, euskalduna edo katalana ez direla egun, ez direla iraganean izan, eta ez direla inoiz etorkizunean nazio burujabe gisa aitortuak izango, zeren eta horraino iristea lortuz gero, horrek nazio espainiarraren desagertzea ekarriko bailuke aipatutako ideologiaren arabera.

Juan Carlos Moreno: “Kolonialismo mentala, hiztunei beren hizkuntzak ezertarako balio ez duela sinestaraztea da”

Nazionalismo espainolista-konstituzionalista
Nazionalismo espainolista-konstituzionalista
Nazionalismo espainolista-konstituzionalista
Pako Sudupe

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

16 pentsamendu “Nazionalismo espainolista-konstituzionalista”-ri buruz

  • Pako Sudupe

    Zuzeu-k Moreno Cabrerari egindako elkarrizketa ere gomendatzen dizuet. Eta halaber, “Errores y horrores del españolismo lingüístico”. Buruan oharkabean sartuak ditugun hainbat uste oker baztertzeko lagungarri ona. Gaztelania eta ingelesa hain garrantzizkoak al dira?, non?, zertarako? Kantitatea da dena? Orduan mandarin txinera garrantzizkoena?
    Donemiliaga Kukulako (San Millan de la Cogolla) Glosas Emilianenses famatuak; gaztelaniaren sorrera markatzen omen…Gezurra. Glosa horiek -Menendez Pidal eta Lapesa eminentzien arabera- erromantze nafar-aragoiarrean idatzi ziren eta ez Gaztelako erromantzean.

  • Ezagutzen nituen Moreno Cabreraren mintzaldiak eta izkribuak, baina ez nuen horiei buruzko analisia eta iritzia, hain garbiki (eta euskara ederrean) emana ikusi, zurea ikusi arte. Zorionak!
    Artetik errateko Espainiaren partez Frantzia ematen ahal da, ehunetik ehunean, batere hutsik egiteko beldurrik gabe. Frantzia 1792z geroztik, “république une et indivisible” da eta bertan ez da lekurik, frantsesarentzat ez bada. Frantziaren xedea, Iraultzaz geroztik, frantsesa ez diren bertze hizkuntza guziak eraustea eta desegitea. Helburu hori kasik lortua dute..
    Milesker berriro Patxi

  • Pako Sudupe

    Mila bat esker Joxemiel.

  • Pako Sudupe

    Egun ere, Joxemiel, Espainian, PSOE eta Unidas Podemos-en arteko ezin konponduaren atzean bi zera sumatzen ditut, eta horietatik garrantzizkoena afera nazionala.
    1. PSOEren inguruko enpresaburuen arbuioa Podemos-ekin koalizio gobernua osatzeari.
    2. Katalunia. Afera horretan dudarik gabe PSOEk eskuak libre nahi ditu PP-Ciudadanos eta Vox-ekin bat egiteko.

  • Pako Sudupe

    Europar Batasunak eta Europako Banku Zentralak Espainiako presidente Sanchezi eman diezazkiokeen gomendioak ahaztu gabe.

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-09-06 12:30

    Bai Joxemiel frantziak kasik lortua du euskara desageraraztea. Jada erabat lortua duelarik aspaldidanik flamandarrarekin
    Ez da sekulan ahantzi behar gure lurraldemugak ere aspaldi danik desagerarazi zituela. Iraultzaz geroztik Lapurdi, nafarro behera edo xuberoa ofizialki ez dira existitzen.
    Azken momentuan, espero ez ginuenean, laur hogei hamarkadako urteetarik goiti Estatu frantziarra hasi da dirua emaiten euskal erakunde kulturalei.
    Izan ere, denbora horretan, ETAren et IKren kontrako errepresio gogorra eremaiten zuen. Bere betiko helburua den mendren abandonatu gabe, “carotte et du bâton”politikaren izenean, opari batzu egin behar izan zituen bazterrak baretu eta lokararazteko, eta, denbora berean, irudi etnozido baten arriskua ekiditeko mundu iritziaren aurrean. Politika horrek lortu du kolaborazio gogo optimista bat sortuz gure lerroetan.
    Bainan euskal erakunde kulturaleen finantziatzioa perilean egonen da beti. Estatu frantziarrak goaitatzen du eguna nun eten ahalko duen argudiatuz ahalegin dela euskara salbatzen bainan alferretan? Gainera asimilazioak anartean bere lana egin izana gatik, protesta kategorial zenbaitez aparte egun horretan ez da erreziztentzia handirik gertatuko.

  • Pako Sudupe

    Jakin-mina. Zergatik argitaratu ote du J.C. Moreno Cabrerak berak gaztelaniaz idatzitako liburua katalanera itzulia? 1. Ez duelako argitaletxe espainolik aurkitu. 2. Keinu bat katalan hizkuntza eta kulturari. 3. Biak batera.
    Voliana Edicions. 2019. Argentona (Mataro ondoan, Bartzelonatik 30 km ingurura). Liburua Donostian badago eskuragai.

  • Nik, hala ere, ez ditut ikusten abertzaletasun espainiarrean nazionalismoaren ezaugarri behinenetako batzuk: biktimismoa eta supremazismoa, zeinak oso presente baitaude nazionalismo katalan eta euskaldunean.

  • Pako Sudupe

    Biktimismoa ez egotea gisa da. Bi artikulu hauek giltzarri dira Moreno Cabreraren arrazoibidean:
    Artículo 2
    La Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española, patria común e indivisible de todos los españoles, y reconoce y garantiza el derecho a la autonomía de las nacionalidades y regiones que la integran y la solidaridad entre todas ellas.
    Artículo 3
    1. El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla.

    2. Las demás lenguas españolas serán también oficiales en las respectivas Comunidades Autónomas de acuerdo con sus Estatutos.
    Eta, jakina, hori Konstituzio Auzitegiak interpretatzen dituen moduan(31/2010), eta 2017ko urriaren 1eko guztia, eta Euskal Herrian jasan duguna.

  • Apretak, nazionalismo espainiarran ez duzula ikusten zer???
    Hori baino nazionalismo supremazistagorik nekez…

  • Biktimismorik ez duzula ikusten? Legenda beltza Espainiaren kontra sortu eta oraindik ere indarrean dagoela ez al duzu entzun. Estrasburgon juizio bat galdu duela, Evok hau esan duela, Colonen monumentua eratsi dutela… baita baita fútbol partida bat ebatsi diotela ez dakit zein Espainiako talderi… Ez duzula biktimismorik ezagutu? Zer esan Marokoko gerran Anualen eta beste hainbat tokitan izandako desastreez? Edo Kubakoaz?
    Biktimismorik ez, Alprete?

  • Barkatu Alprete ez, Alpretak jarri nahi nuen

  • Eta supremazismoa? Espainiar anitzi ez zaie iduritzen euskara hizkuntza denik ere, zaunka egiten dugula ez al diezu entzun eta irakurri?
    Lotsaemangarria, Alpretak, lotsaemangarria… supremazismoa aipatzea ere!

  • Pako Sudupe

    Biktimismo historiko espainol ikaragarria (1898). 36ko gerraren ondotik, triunfalismoa. Eta ETAren porrotaren ondotik ere bai: triunfalismoa eta mendeku gosea.

  • Halarik ere, neronek errranen nizuke euskaldun, ez nahas vascoekin, gehien gehienok, eta katalan gehienok, ez nahas katalan erroldatuekin, eta ez nahas euskadikoak, hau da, euskaldunal tipulinak balira bezala hazten den lur alorra, nafarrekin, hau da, baskoiek sortutako euskal estatua, izan dugun bakarra eta gure kideek lagunduta espainarrek eratitsi zutena, los vascos, beren lurraldean %40 ere ez direnak, eta Apretak bezalako, zer? babu, zerri garbiak, ez baita gauza bera txerria eta zerria, zerri garbia are gutxiago. zakurraren ipurdira bidali beharrekoak, eta hala.

  • Euskal estatuak: Baskoniako Dukerria, Bizkaia Iruñera batu baino lehen, Gipuzkoa, Bizkaia ta Araba Gaztelarekin erregea partekatuz baina estaduak ziren, Karlistadetan hainbat urtez, EH osoak bozkatu zuen euskal konstituzioaren alde estadua sortzeko ta Espainiak atzera bota zuen, 36an Bizkaia ta Gipuzkoa hilabete batzuk.. Ta Nafarro osoa handiena baina euskal baino gehiago. Nafarroa osoa diot.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude