Gianis Varufakis: “gazteek ez dute esperantza faltsu gehiagorik nahi”
Gianis Varufakisen liburu berria argitaratu dute frantsesez: Un autre monde est possible (Flammarion, 2015). Horren harira Les Inrockuptibles aldizkarian elkarrizketa egin diote. Hona hemen pasarte batzuk.
Belaunaldi gazteei zuzentzen zaie zure liburua. Gizartea aldatzeko modurik dutela uste al duzu?
Gaur inspiratzen nauena zera da, gazte hauek kalera ateratzen eta orain dela urte gutxi arte beraientzat hitz potolo bat besterik ez zen politikarekiko interesa erakusten ikustea. Gazteek ez dute ilusio faltsu gehiagorik nahi, zer egin daitekeen eta zer ez esan diezaieten nahi dute. Beraiengan esperantza sortzen lagundu du azken urte hauetan Syrizarekin Grezian egin dugunak.
Alexis Tsiprasek hirugarren memoranduma sinatu ostean Syrizarekin bat egin zuten gazteen %80ak alde egin du…
Ulertzen ditut, alde egin dut nik ere. Gazteak salduta sentitu dira eta arrazoi dute. Jendearen %62ak bozkatu zuen “ez” erreferendumean, asko da, eta ulertzen dut hirugarren memorandumaren sinatzeak desilusionatu izana. Greziarrek Tsiprasen alde bozkatu dute zuek 1988an Mitterranden alde edo 2002an Chiracen alde bozkatu zenutenean bezala, uste sendorik gabe, behartuta zinetelako.
Ba al dago Tsipras eta Mitterranden arteko antzekotasunik?
Ibilbide antzekoa dute, uste dut Tsiprasek Mitterranden ibilbidea izan nahiko lukeela. Mitterrandek bezala, Tsiprasek ongi egin nahi zuen berealdiko esperantza sortuarazi ostean. Abentura berdina bizi izan dute. 1981ean, ezkerreko erreformak egin nahi zituelarik gainontzeko Europarekin eta batez ere Alemaniarekin egin zuen estropezu Mitterrandek. Berdina gertatu zaio Tsiprasi troikarekin. Guzti honek esan nahi duena da Europan ezin dela bakarrik aritu, aldaketa lortu nahi bada, herrialdeak beraien artean koordinatu behar dira.
70. hamarkada amaiera eta 80. hamarkada hasierako Ingalaterran egin zenituen ikasketak. Zer ikasi zenuen Europan austeritatearen hasierak markatutako garai horretaz…
Sakonki markatu ninduen garaia izan zen eta baita politikoki oso serioski hezi ninduena. Hasieran, Thatcherren etorrera Ingalaterrako ezkerrarentzat ongarria izango zela pentsatzen nuen. ez zen hala izan, kontrakoa, izan ere: 1. ikasgaia… Hala ere, austeritate politikak eginez Thatcherrek sakrifizioen prezioan langabezia gutxitzea lortuko zuela esaten nion neure buruari. Justu kontrakoa izan zen, langabezia handitu egin zen: 2. ikasgaia… 3. ikasgaia, langile klasea zatitzen ikusi nuen: alde batean lanean jarraitzea lortu zutenak, lanpostuak mantentzeko edozertarako prest zeudenak; eta beste aldean lana galdu eta erradikalizatutakoak. Azkenik, 4. ikasgaia, herrialde bateko zerbitzu publikoak bata bestearen ondoren ahultzen ikusi nituen, Erresuma Batuaren indarrik handienetako bat ziren arren. Laburbilduz, orain dela urte batzuk Europa osoan gertatzen ari dena ikusi nuen garaia baino lehen…