Gaua
Gaua
Bombino abeslari tuarega
.
Desagertu da berriz ere eguzki erregea, zerumugaren lerro amaigabearen atzean… gorri.
Suaren ingurura bildu dira familiak, oihal dantza zalapartatsu artean.
Haurrek, biluzik, buruko ileak harro, jolasean jarraitu nahi dute, eta gupidarik gabe egiten diete tira isatsetik, musker buru urdin errukarriei.
Hortzik gabeko irribarre gozoa da amona eskeletoa, hondarrean eserita.
Makal datoz ahuntz talde mamuak, hauts artean, buruak makur.
Iritsi dira dromedarioak, basamortuak bizitzari ezarri dion melodian kulunkatuz, mantso… etxerantz.
Eder da ilargi betea zeruaren erdian.
Haraxeago, tiro hotsaren oihartzuna entzun da, gaua urratuz… bortxaz.