Ametsen sailkapena

Ametsen sailkapena

Duela pare bat urte, zientzietako edo letretako batxilergoa hautatzekotan nintzela, gaur egungo gizarteak egunerokotasunean egiten duen bereizkeria batez ohartu nintzen eta bi urte gogoetan eman ondoren, gaurkoan publikoki salatzea erabakia hartu dut.

Ametsen sailkapenaGarai hartan, gaur egun lez, izugarri gustatzen zitzaidan irakurtzea eta egun erdia ematen nuen zentzurik gabeko poemak idazten. Ikasketetan ere ondo nindoan eta nire bizitzako erabakirik garrantzitsuenetako bat hartzerakoan nire buruari galdetu nion: zientziak edo letrak? Nire albokoengana jo nuen, ohikoena denez, iritzi bila, eta denek erantzun bera eman zidaten: “Horrelako notekin, nola joango zara letretatik? Hobe duzu zientzietatik joan, agian mediku izan zaitezke, ez litzaizuke gustatuko?”.

Ez pentsa gaizki ikusten zutenik nire denbora irakurtzen edo idazten pasatzea, ez, baina hori zen arazoa: nire ingurukoek denbora-pasa gisa ikusten zituzten nire afizioak, eta ez lanbide, bizibide gisa. Horretarako hobe nuen medikuntza.

Zorionez, jakin nuen nire burua eta nire desioak entzuten, jakin nuen hausnartzen, eta berandu baino lehen letretako batxilergoaren aukerako karratutxoan egin nuen ixa.

Kontua da, jadanik hainbeste defektu dituen gizarte honetan, badela beste bereizkeria handi bat: letretako afizio eta ofizioak ez dira serio hartzen, guraso gutxik animatzen dituzte beraien seme-alabak idazle edo margolari izatera, baino denek harro esaten dute beraien seme-alabek mediku edo fisikari izatea erabaki dutela.

Letretako batxilergoan nengoela, hainbat aldiz jasan ditut mintzeko nahirik gabeko zirikak, baina batez ere duela hiru urte nire klasean zegoen mutil batekin izandako elkarrizketa dut gogoan: ea zer erabaki nuen galdetu zidan eta nik, nire erabakiarekin pozik, letretatik nindoala adierazi nion; bera zur eta lur geratu zen eta hala adierazi zidan hurrengo galdera eginez: “Baina zuk nota onak ateratzen zenituen eta! Nolatan joan zara letretatik?”

Noski, arazo hau ez da beste askorekin alderagarria eta gehienok ez zarete ados egongo nire iritziarekin, baina uste dut nire egoeran egon diren guztiek jasan izan dutela noizbait harridura eta mespretxuzko begiradaren bat, etorkizun oparoago bat ez dutelako aukeratu eta gure pasio eta desioei jarraitzea erabaki dugulako.

Nik harro esan nuen hasieratik, eta harro esaten jarraitu nuen, bederatziko media izanik ere letretatik nindoala, literatura ikasi nahi nuela, idazle izan nahi nuela, baina gogor borrokatu behar izan nuen inguruko iritzien aurka, gogor borrokatu behar izaten du idazleak, margolariak edo musikariak inguruko ahotsak isilarazi eta bere bihotzaren taupadak entzuteko, gizartearen korrontearen aurka igeri egin behar izaten du estereotipoak eta aurreiritziak puzkatzeko. Eta ez luke hala izan behar.

Mediku izateak, fisikari izateak, sukaldari izateak, idazle izateak, irakasle izateak… Ofizio guztiek prestigio eta miresmen berdina izan beharko lukete, inteligentziaren araberako bereizketarik jasan gabe, aurreiritzien aurka borroka eginez, arraro edo zorotzat inor hartu gabe. Denek eduki beharko genuke gure ametsak gauzatzeko laguntza.

Ametsen sailkapena
erabakia, letrak

3 pentsamendu “Ametsen sailkapena”-ri buruz

  • Josu Lavin

    Uste dut lettretacoa amaitutacoan, eta possiblea baçaiçu, sciencietacoren bat eguin ceneçaqueela. Ossotassun bicaina lor ceneçaque.

  • joseba garcia 2017-06-25 10:30

    Esklabu handienek ikasketa eta lan bikainak dituzte. Pelota handienak dira. Eta ez, lan guztiek ez dute prestigioa, baina guri zer axola zaigu? Noiztik da ona esklabu ona izatea, esklabu ez izatea ordez?

    Guztiak zuri esaten obeditzeko.
    http://i.imgur.com/54yt4ur.gif

  • Zurean jarraitu, gaur egun daukagun panoramarekin ustez hautu zuzena egin dutenek ere soldata ziztrin batekin edo atzerrian bukatzeko aukera asko dauzkate. Norbere buruaren jabe izatea gauza ederra da, sakrifizio handagoa eskatzen duen arren

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude