Galiziak estatutu berria behar duela aldarrikatu du BNG-k
“Nazio bat, eta kito, abizenik gabe”. Modu horretan definitu zuen atzo Galizia Guillerme Vázquez BNG-ko bozeramaile nazionalak, “Dia da Patria” (Galiziako egun nazionala) zela eta Galiziarentzat autogobernu gehiago eskatzeko Compostelan deitutako manifestazioaren amaiera ekitaldian. Galiziak etorkizunik izango badu, “bere burua gobernatzeko gaitasuna badu bakarrik” izango dela gaineratu zuen, eta Konstituzioan “nazioak kabitzen ez badira” beste konstituzio bat edo beste “estatu eredu” bat lortu beharko direla.
Manifestazioan parte hartu zuten milaka lagunen aurrean (20.000 antolatzaileen arabera), Guillerme Vázquezek adierazi zuen Galiziarrek ez diotela “nazioari, hizkuntzari edo konpetentziei uko egiten”. Honen harira, Galiziak “primerako” estatutu berri baten beharra duela aldarrikatu zuen Vázquezek, eta “Galizia bigarren mailan mantentzeko asmoa dutenek (…) herri hau salduko” dutela eta “Galiziako herriari azalpenak eman beharko” dizkiotela gaineratu zuen.