«Frantziaren neokolonialismoari ez: Laurent Gbagbo babestearen arrazoia»

«Alassane Ouattarak Frantziako indar militarrei bere herrialdean, bere anaien aurka, hauteskunde ondoko liskar batengatik esku hartzeko eskatu diola, eta esku-hartze horren ondorioz, asmo kolonialisten arrastoek zikindutako lurrean hilotzak zabaldu direla ikusita, afrikarrek arrazoi handiz diote sufritzeko arrazoi sakonak daudela», adierazi du Mbiamany-N’tchoreretek, Gaboneko Giza Eskubideen Fronte Nazionala alderdiaren sortzaile izan zenak. Haren arabera, Frantziak Boli Kostako aberastasunak –kakaoa eta petrolioa– kontrolatu nahia da erasoaldi militarraren atzean dagoen arrazoi bakarra.

Laurent Gbagbo presidentearen jarraitzaile asko ere ezadostasun politikoak konpontzeko indar militarra erabiltzearen aldekoak direla idatzi du Mbiamany-N’tchoreretek, baina alde batek zein besteak beretzat jotzen duten garaipena defendatzeko beste bide batzuk erabili behar direla nabarmendu du. «Gatazka politikoak konpontzeko hirugarren alderdi bat parte hartzera bultzatu duten esku-hartze militarren desabantailak argi geratu izan dira, bereziki Korean, Vietnamen, Txinan, eta abar». Bere ustez, Frantziaren esku-hartzeak lortuko duen bakarra zera da, « herrialdeko bizitza politikoak funtzionatzeko, berau antolatzeko eta jende guztiak parte hartzeko bolikostarrek elkarren artean hitz egiteko daukaten beharra atzeratzea».   

Mbiamany-N’tchorereten arabera, nazioarteak Gbagbo agintetik kendu nahi izateko arrazoia da hark herritarrei garapen eredu propioa proposatzea, Mendebaldeko politikak alde batera utzita. Patrice Lumumba Kongoko Errepublika Demokratikoko lehen ministro izandakoaren eta Thomas Sankara Burkina Fasoko presidente izandakoaren kasuak gogorarazi ditu. Biak hil egin zituzten, agintean zeudela, itxuraz, nazioartekoaren ezkutuko babesarekin.

Mbiamany-N’tchoreretek Mendebaldearen jokabidea salatu du, baita zenbait afrikarrek hura babestea ere: «Mendebaldeak herrien askatasun eskubideei buruz hitz egitea eta, aldi berean, gu, gure kideen konplizitatearekin, jazartzea eta esklabo gisa erabiltzea dakarren diskurtso bikoitza salatzen dugu [..]. Gabongo Auzitegi Konstituzionalak irabazletzat jo duelako, eta herrialdearen subiranotasuna babesteko, Ali Bongo presidente aukeratu gisa onartzea, eta, aldiz, nazioartekoak bere haututzat jotzen duenaren alde egiteko, Boli Kostako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena errefusatzea dakarren lengoaia bikoitza salatzen dugu».

Horregatik, afrikarrei erabakiak beren kabuz hartzeko deia egin die: «Zuei, nire anai-arreba afrikarrei, ez al zaizue gogaikarria iruditzen Alassane Ouattara nazioarteko komunitateak onartutako presidentea dela entzutea? [..] Noiz utziko diozue etxean esklabo izateari?».

Laurent Gbagbo urtetan irakasle gisa eta sindikalgintzan aritu zen, orduko gobernuaren aurka protesta egiteagatik zenbait aldiz atxilotu eta jazarri zuten, Frantzian erbesteratu zen eta, handik itzulita, 1990ean hauteskundeetan parte hartu zuen, alderdi bakarreko sistema bertan behera gelditu zenean. Mendebaldearen arabera, 80ko hamarkadatik aurrera, jarrera politikoa aldatu eta Ivorité delako politika bultzatu du; hau da, biztanleriaren zati bat, oposizioko hainbat buruzagi barne, kanpotartzat jo eta baztertu du. Gbagbok dio, berriz, aldatu dena zera dela, nazioartekoak berari begiratzeko erabiltzen dituen betaurrekoak.

Iazko azaroko presidentetzarako hauteskundeetan, Hauteskunde Batzordeak Alassane Ouattara jo zuen garailetzat –botoen % 54 lortu zituen, batzordearen arabera–, baina Gbagboren alderdiak helegitea jarri ondoren, Auzitegi Konstituzionalak zenbait barrutitako emaitzak baliogabetu eta Gbagbori eman zion garaipena –botoen % 51 lortu zituen, Auzitegiaren arabera–. Ondorioz, liskarrak piztu ziren. Nazioarteak, Afrikako Batasuna eta ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomi Erkidegoa barne hartuta, Gbagbori agintea uzteko exijitu dio. 

Ouattararen milizien erasoetatik ihes egindako bolikostarrak, herrialdeko mendebaldean dagoen Duekoue herrian, eliza katolikoaren giza laguntza jasotzen, urtarrilean

Irudia | Ouattararen milizien erasoetatik ihes egindako bolikostarrak, herrialdeko mendebaldean dagoen Duekoue herrian, eliza katolikoaren giza laguntza jasotzen, urtarrilean | Zehaztu gabeko ekintzaile bat | Creative Commons By SA

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...