Frankok Garoña ireki zuenekoa (NO-DO)
Frankok Garoña ireki zuenekoa
“Garoñako zentral nuklearra berriz irekitzea onetsi du CSNk” irakurri berri dugu Berrian, “zentralean egin beharreko inbertsioak egiten badira lanean jarrai dezakeela argudiatu duten botoak gailendu” ei dira-eta.
Berriro irekiz gero, 2031. urte arteko baimena izango zuela-eta, Euskal Herriko erakunde eta eragile gehienek protesta egin eta zentrala behin betiko ixteko eskatu dute -gogoratu, esaterako, Gasteizetik 50 km. eskasetara dagoela-, berriro ere.
Medina del Pomarreko (Burgos) Garoña zentral nuklearra 2009an itxiko zela adostu zuten hasieran, baimenak luzatu eta luzatu, 2013ra arte Nuclenorrek martxan mantendu bazuen ere. Ordurako lanean zegoen Espainiako zentral nuklearrik zaharrena zen; ekoizpen nuklearraren %6,5 eta argindar ekoizpenaren %1,5 baino ez zuen ematen, baina erabat amortizatua zegoenez, urtero 250 milioiko mozkinak, atera kontuak!
Garoña joan den mendeko 70eko hamarkada hasieran ireki zen, edo zuen, Francok. Horrela jaso zuen gertaera 1971ko irailaren 20ko Nodoak -gazteleraz dago, baina lasai, audiorik gabe ere ulertzen da-.
Beldurra ematen zuen lehen, eta beldurra ematen du orain.