Foucault gaur egun. Soslaigintza

Foucault gaur egun. Soslaigintza –

Kalean dabil gaur egun bizi-bizirik Foucaulten eragina. Ideiez hornitu ditu ez soilik mugimendu gay eta sadomasokistak; feministek, lesbiarrek eta queer aktibistek ere erabiltzen dute, eta oro har LGTB+ mugimenduek, baita etsaiturik dabiltzanek ere.

Foucault gaur egun. SoslaigintzaAisa gainditu badu ere eremu akademikoa, garrantzitsua izaten jarraitzen du, Filosofian ez ezik, Literatur Kritikan, Genero Ikasketetan eta Ikasketa Subalternoetan ere, batik bat AEBetan Foucaulten obraz egin den interpretazio eta erabileraren bitartez. Presoen, etorkinen eta eroen duintasunaren aldeko borroketan ere usu ageri dira Foucaulten aipamenak. Hain zuzen, 2009an The Times-ek jakinarazi zuen munduko aipatuena dela Foucault, giza zientzietako pentsalarien artean.

Eragina izan du, halaber, Zuzenbidearen Historian eta Probidentzia-Estatuari buruzko hausnarketan, François Ewalden bitartez.

Collège de Franceko azkeneko ikastaroetan zinikoei buruz irakatsitakoek haien inguruko ikerketa serioak abiarazi zituzten Frantzian, 80ko hamarraldira arte ez baitzuten deus ere. Aitzindari izan zen, orobat, antzinateko etikari eta bizitzeko arteei buruzko hausnarketei dagokienez, 90eko hamarraldiko Frantzian uholde bilakatuko zirenak; oraindik ez du atertu.

Zabaldu zituen bideen artean, boterearen metamorfosi berrien ingurukoak dira beharbada interesgarrienetakoak: Antoinette Rouvroy batek, esaterako, detektatu eta azaldu du Big Brother tankerako kontroletik Big Datan oinarrituriko profilage edo soslaigintzara igaro garela: gaur egun, interneteko gure jarduerak geure soslaia irudikatzea ahalbidetzen dio GAFAM delakoari (Google, Amazon, Facebook, Apple, Microsoft), eta horrek, besteak beste, gugan kontsumitzeko desira eta desira-gaiak artifizialki bideratu eta elikatzeko boterea ematen dio.

Botere-molde bien arteko aldea: Anaia Nagusiaren sasoiko gizarte kontrolatzaileen artean baziren Anaiak, norbaitek kontrolatzen gintuen. Orain, berriz, algoritmo inpertsonal eta anonimoak dabiltza gure izaera eta bizimoduak bideratzen, edo, bestela esanda, gure kontsumoa erabakitzen, zeren eta, martxa honetan, botere-molde berrien arabera, gure bizitzan kontsumiturikoaren historialak adieraziko baitu erarik zintzoenean gure egia, hau da, gure mundualdian egin dugunaren eta izan garenaren funtsa.

Foucault gaur egun. Soslaigintza

Zer duzu buruan “Foucault gaur egun. Soslaigintza”-ri buruz