Fedroren bidea

Platonen errepublikara iristeko bide bat baino gehiago dira. Nik gogoko dudana ez da oso ezaguna: Fedroren bidea. “Edertasunaren bidea” ere deitzen zaio. Baina bere izen zuzenena “idazkeraren bidea” litzateke agian. Idazkera da, hain zuzen, bide honen protagonista nagusia.

Platonek poetak egotzi zituen bere errepublikatik. Hori, Platonen lotsarako, ezaguna da. Baina jarrera horren zentzua ez da hain ezaguna. Gehienak “Errepublika” liburuan geratzen dira eta han agertzen diren arrazoiekin. Arrazoi horiek Egiarekin zerikusi dute. “Fedro” dialogoan, berriz, beste arrazoi mota agertzen dira, Edertasunarekin loturik. Edertasun horrek  inspirazioa – goi arnasa – ekartzen du. Errepublikan filosofo logiko-diskurtsiboa agertzen da; egiak argitzen duen filosofoa. “Fedro” dialogoan, berriz, filosofo idazlea agertzen da; inspirazio, goi arnasaren filosofoa;edertasunak erakartzen duen filosofo igartzailea.

Zein zen Platonen kezka nagusia? Ezaguna da Platonen ametsa: Errepublika ideala. Baina horretarako lege berriak ziren  beharrezkoak. Eta lege berri horiek idazteko, idazkera berria ezinbestekoa zen, idazkera zaharra guztiz ustelduta zegoen eta.  Hortik zetorkion Platoni idazkerari buruzko jakin mina; horregatik idazkera bere kezka nagusia bihurtu zen. Izan ere, idazkera berri bat eskuratu behar zuen. Ez paperetan gordetzen dena – Fedrori esango dion bezala -, baizik eta gogoan grabatzen den idazkera.

Platonek bizi zuen egoera eta gurea antzekoa da. Atenas, haren hiria, krisialdi gorrian zegoen. “Legeak eta ohiturak aldatu behar ditugu”, eskatzen zen. Platonen diagnostikoa zorrotzagoa zen: idazkera bera, zeinekin legeak idazten ziren, ustelduta zegoen. Idazkera berri baten bila abiatzea proposatzen zuen Platonek. Horretarako hiritarren artean onenak aukeratu nahi zituen, idazkera berri hori eskuratzera joateko asmoz. Gure jendartean ere, legeak baino gehiago idazkera bera dago ustelduta. Gogoan grabatzen den idazkera ahaztuz, memoria mekanikoan gordetzen den idazkeran baino ez gara murgiltzen; jende sena galdu duen idazkeran, alegia. Gu ere abiatu beharko genuke idazkera berriaren bila, jendartea birsortzera behartuta gaude eta. Eszeptiko baten erara esanda: pauso mantsoz baina tinkoz amildegira hurbiltzen ari gara.

Baina, nork daki zein den gogozko idazkera hori? Nola joaten da zinezko idazkeraren iturburura? Nork ezagutzen du bide hori?

 

 

 

 

FILOSOFO OHIA