Faxismoaren aurpegi berriak
Faxismoaren aurpegi berriak –
Eider Agirrek Urola Kostako Hitzan.
Eskuinaren diskurtsoa badirudi geroz eta txoko gehiagotara heltzen dela. Azkenaldian, diskurtso batzuek hartu duten presentziarekin kezkatu egiten naiz. Adibide batzuk botatzearren, harrigarriak dira azken hilabeteetan Voxek egin dituen adierazpenak –zeinetan indarkeria matxista beraren existentzia ere ukatzen duten–, Desokupa bezalako talde faxisten zabalpena edota Frente Obrero bezalako taldeek publikoki etorkinen aurkako jarrera guztiz faxistak zabaltzea. Faxismoaren gorakada nabarmena ikusten dut inguruan, sare sozialetan, telebistan… Eta gehien larritzen nauena diskurtso horiek gazteengan duten eragina da, geroz eta jende gehiagorengana zabaltzen ari baita eskuin muturra.
Ez da kasualitatea azken urteetako testuinguruan faxismoaren gorakada ematea. Gure bizitzak txartzen ari diren momentuan eta instituzioen promes faltsuen aurrean, eskuin muturrak zabalpenerako testuinguru egokia bilatu izan du. Eta gaur egun ere, azken urteetako bizitzen pobretzearen eta politikarekiko desatxikipenaren harira ere zabaldu dira ideia faxistak. Horren adierazle ditugu Vox bezalako alderdiek duten geroz eta indar handiagoa edota Europan dugun panorama, geroz eta presentzia instituzional handiagoa baitute talde faxistek. Baina, noski, ezin dugu faxismoaren gorakada maila instituzionalean bakarrik neurtu, kulturalki nabarmen zabalduta dagoen eta talde ezberdin ugarik bultzatzen duten ideologia bezala ulertu behar dugu.
Faxismoak, beraz, zabalpenerako testuinguru egokia du garai hauetan: bizi dugun krisiaren aurrean, egoeraren konplexutasuna aztertu beharrean, langile klaseko sektore ezberdinen aurka kokatzen du bere jarduna faxismoak. Horrela, gaur egun etorkinek lana kentzen digutenaren edota emakumearen zapalkuntza existitzen ez denaren ideiak zabaltzen dira, nolabait kolektibo horiek arazoaren errudun seinalatuz. Egoera konplexuei aterabide sinpleegiak, agian? Gure bizitzen okertzearen ardura sistema ustel hau seinalatzeko erabili beharrean, pobreenen aurkako gerra aldarrikatzen dute. Irrazionalitatea, horixe da faxismoaren oinarrian dagoena.
Horren aurrean, faxismoaren aurkako botoa eskatu izan da, botoak faxismoa gaindituko balu bezala. Argi dago ezkerra gobernuan egoteak ez duela faxismoarekin amaitzen, azken lau urteetan faxismoak izan duen gorakada nabarmena ikusi besterik ez dago. Are gehiago, azken urteetan hartu diren neurri ugarik ez al dute ideia faxistak zabaltzeko testuinguru aproposa ezartzen? Lapurreta txikien aurkako legeak, okupazioaren aurkako legeak… Lege guzti horiek pobreen aurkako neurriak dira, zeinak datorren etorkizun gordinaren aurrean posizioak itxi nahi dituzten. Bizi eredu pobre bat normalizatu nahi da, eta pobrezia horretatik atera nahi duen oro kriminalizatu. Eta noski, neurri autoritario horiek kulturalki onartzeko, adibidez, okupazioaren aurkako jardun mediatikoa edota Desokupa bezalako taldeen lana bultzatzen dute.
Elektoralismoaren zirkuak botoak lortzeko gerra dakar, eta alderdi politikoen diskurtsoa ere aldatzen da, husten da. Diskurtso iraultzaile batek lekua galtzen du. Egoera honek, despolitizazioa bultzatzeaz haratago, konpetentzian oinarritutako ideologia zabaltzeko bide ematen du. Eta konpetentziaren ondorioak bizitzen ari gara: albokoa zapaltzea, alegia, gure arazoen errudun ‘menak’, transak edota emakumeak direla zabalduz. Horregatik, argi dago faxismoa ez dela boto bidez gainditzen, faxismoa ideologikoki eta kaletik konbatitzen da. Inork ez daki zer datorren, baina faxismoaren gorakadak jarraitzen badu, argi izan antolakuntza iraultzailerako oztopoak besterik ez ditugula izango, eta inoiz baino indartsuago dagokigula faxismoa gaurtik eta hemendik borrokatzea.
Faxismoaren aurpegi berriak
Frente Obrero faxista???? Arazo oso larria “aurrerakoien” diskurtsoetatik kanpo dagoen denari faxismoa deitzea da. Azkenean faxismoaren esanahia desitxuratu dute, eta jendeak euren dogmetatik kanpo dagoen zerbait desberdina bilatzen du.
Faxista ez dakit. Euskaldunen aurkakoa bai, etnozida, espainola erabat. Kolonialistak.
Espaniar sutsuak bai, eta euren herriaren defentsa bizia egiten dutenak, ere. Horrelako bat Euskal Herri “berri” honetan faltan botatzen da. Asko emaitzarekin harriturik egongo lirateke.
Beharrik GKSko akonplejatuak ditugula Euskal Herria salbatzeko
Euskal panorama politikoari kiratsa dario. Asimilazio estrategiaren menpe gaude.
Nabari da geroz eta gutxiago dakigula zer den berez faxismoa. Bigarren Mundu Gerraz geroztik edozertarako erabiltzen da ditxosozko terminoa. Enetzako eskuinak ezkerreko edozeri “komunismo” deitzearen parekoa da eskuineko edozeri ezkerretik “faxismo” deitzea. Espektru oso zabal bat dago ezker mutur-muturrekoaren eta eskuin mutur-muturrekoaren artean, baldin eta dikotomia honek oraindik zerbaiterako balio badigu, gauzak egitan nahas-mahas eginda baitaude.