Osasun mentala irakaskuntzan

Osasun mentala irakaskuntzan –

Osasun mentalaren gaia, azken urteetan, eztabaida sozialaren erdigunean kokatu da. Hainbat faktoreren artean nabarmendu daitezke, batetik, pandemia, bere hasierako isolamenduarekin, eta gero horren ondorioak, besteak beste lan ziurgabetasun ekonomikoaren egoera edo harreman sozialen murrizketak. Bestetik, gizakiok errutinaren barnean sartzen ditugun esperientzia estresagarriak. Horrek guztiak gizakion osasun mentalaren kalitatean eragin negatiboa izatea lortu du, bereziki gazteen artean. Unicef-ek “Nire burua: haurren osasun mentala sustatu, babestu eta zaindu” izeneko txostenean argitaratutako ikerketaren arabera, 10 eta 19 urte bitarteko nerabeen %13k baino gehiagok buru-nahasmendua diagnostikatua dute, eta Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, diagnostikatutako osasun mentaleko nahasmendu horien artean antsietatea eta depresioa dira nagusiak.

Osasun mentala irakaskuntzan

Eskolak zeregin garrantzitsua du ikasleen ongizatea eta osasun mentala bermatzeko. Adingabeek tristura, frustrazioa, beldurra eta emozioak kudeatzeko zailtasuna helarazten dizkigute irakasleoi eta sentimendu horiek adierazten dituztenean ez dira behar bezala lagunduta sentitzen. Nahiz eta azken urteotan gai hau ikastetxeetan sarritan lantzen den, eskolak oraindik ez daude guztiz prestatuta oso ugaritua dagoen afera berri honi aurre egiteko. Horrenbestez, eskolei eta, oro har, hezkuntza-komunitateari baliabideak eta prestakuntza eman behar zaizkie, ikasleen osasun mentaleko gaitz horiek goiz detektatu ahal izateko eta eraginkortasunez kudeatzeko. Izan ere, irakasleok ez dugu berariazko prestakuntzarik ikasleriaren ondoez mentalak hautemateko eta ongitasunez bideratzeko. Horretarako, Unescok proposatzen ditu hainbat ideia: ikastetxeetan osasun mentaleko erreferentziazko figura bat ezartzea ikasleek beren ezinegonak adierazteko eta irakasleei aholkuak emateko egoera ondo kudeatzeko. Nabarmentzen da ere ikastegietan prestakuntza eta prebentziozko programa espezifikoak diseinatzea, eskolan osasun mentala naturalizatzeko eta beldurrik gabe landu eta hitz egiteko.

Unescoren ustez, eskolek ongizate-planak diseinatu behar dituzte, ingurune osasuntsuak eta seguruak eskaintzen laguntzeko, ikasleen osasun mentala zaintzeko kalitatezko babes-faktorea izan dadin. Ongizate-plan on batek hainbat funtsezko elementu izan behar ditu. Garrantzitsuena mundu guztiak errespetua, zaintza eta gainerako hezkuntza-komunitatearen balorazioa sentituko dituen ingurune bat sortzea da, zainketa-loturen sentimendu bat sortzeko. Nabarmentzen da ere nor bere emozioez, beharrez eta joerez jabetzea ezinbestekoa dela; hau da, ikasleei emozioak kudeatzen lagundu beharra dago, beraien jokabidearen erregulazioan, estresaren kudeaketa ona edota frustrazioarekiko erresistentzia lortzeko. Horren bidez, bizitzako erronkei hobeto aurre egiten lagunduko dieten gaitasun emozionalak garatuko dituzte, ongizate pertsonala bermatzeko eta sufrimendua sortzen duten sentimenduei aurre egiteko.

Laburbilduz, haur eta nerabeen osasun mental ona bermatzea da hezkuntza erakundeek gaur egun duten erronka handienetako bat. Osasun fisiko egokia sustatzeko ohitura osasungarriak hartzea azpimarratzen den bezala, haurtzaroan eta nerabezaroan osasun mental ona garatzeko prebentzio ikaskuntza eta praktika ezberdinak sustatu beharra dago. Ez da nahikoa diagnostiko eta tratamendu medikoak garatzea. Aitzitik, beharrezkoa da eskolan osasun mentalaren inguruan sortutako egoera desberdinak prebentzio-logika batetik lantzea hezkuntza emozionala etengabe garatzearen bidez.

Osasun mentala irakaskuntzan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude