Ezin amore eman
Ezin amore eman –
Normala den bezala, egun hauetan asko idatzi da Palestinan gertatzen ari denaz. Zeren eta, bai, ahots ugarik azpimarratu duten bezala, hildakoak israeldarrak izan diren unean jarri da mundua hara begira, eta horrek, inplizituki, erranahi asko dauzka.
Geurean bat baino gehiago dira Israel egiten ari den triskantza zuritzen dabiltzanak, anti-heroi rolean bertan goxo. Gehiago dira, zorionez, burugabekeria hau salatzen duten ahotsak. Lerro hauei dagokienez, gatazka honen berezitasun bakar batean zentratu nahi nuke: palestinarren errenditzeko aukera faltaz.
Munduan menperatu eta menperatzaileen artean izan diren gatazketan, baita hauek doilorrenak izan direnean ere, aterabide bat izan ohi da unibertso paralelo batean: menperatu, okupatu, kolonizatu… utzi zure armak eta izan gure inperio proiektu zoragarri honen parte, eta hala egitea erabakiko bazenu honatx alfonbra gorria. Aljeriar maite hori, nola ez duzula frantsesa izan nahi, nehoiz existitu den pribilejiorik handiena izanda? Utzi zure pitokeriak alde batera, Irlandako feniar burugabea, eta jarraitu Union Jackaren baitan. Euskaldunak, kataluniarrak, galiziarrak… Espainiak unibertsaltasunean batzen gaitu, izan espainiar eta ahaztu zure lokalismoak.
Baina palestinarrak, zeharo akituko balira ere ez daukate aukera hori. Ezin dira errenditu. Ezin dute amore eman. Israelek ez die tokirik uzten bere proiektu sionistaren baitan, eta beraz, bi irtenbide soilik eskaintzen zaizkie: ospa, edo hil.
Elkarrizketarako deiak zabaldu dira lau haizetara, eta bihotzez diot ulertzen ditudala, gatazka hau ere mahai baten bueltan hitz eginda konpondu beharko baita noizbait. Baina era berean, aitortu behar da, txolin samarra ere sentiarazten nautela. Nola sentitzen naizen ulertzeko gertuagoko adibide bat ekarri nahi nuke gogora… Sentitzen naiz… Podemoseko bat Katalunian.
- Erreferenduma bai, baina adostua.
- Adostua norekin, pitxin, parean dagoen inork ez badu herri honen erabakitze eskubidea onartzen?
Elkarrizketa, norekin? Israelen aurpegi ultrarenarekin? Palestinarrak azpi-gizakiak, animaliak direla diotenekin?
Sionismoa faxismoa da, sionismoa nazismoa da. Beste guztien gainetik dagoen herri edo arraza bat direla sentitzen dute, eta ondorioz, era horretan jokatu. Agintari instituzionalek palestinarrak animaliak direla adierazi dute, denak garbitu behar direla, Gazan ez dagoela errugaberik… Bi milioi eta erdi gizakiri janaria, ura, energia, sendagaiak, dena kendu diete, eta aldi berean mota guztietako lehergailuekin bonbardatu inongo bereizmenik egin gabe (tartean nazioarteko legeek debekatzen duten fosforo zuriarekin). Pasabide humanitorio bat zabaldu omen zuten atzo… Gazan diren atzerritarrak bertatik atera ahal izateko. Gainontzekoak izorra daitezela, palestinar jaio izanagatik.
Era berean, gertatzen ari denak euskaldunak zehazki, baina europarrak orohar, birkokatu behar gaitu, inor galdurik bazen. Nola da posible zuzenean emititzen ari den genozidio baten lekukoak izaten ari garen bitartean Europak palestinarrei giza laguntza eten nahi izatea (eta erabaki horrekiko desadostasuna adierazi duten bakarrak Irlanda eta estatu espainiarra izan dira?)… Era berean Israeli ematen dion babesa indartzen? Ba hori da Europa. Eta nola da posible Eibar futbol taldeko jarraitzaile bat estadiotik kanporatu izana Palestinako bandera erakusteagatik? Ba hori ere bada Euskal Herria.
Espero dezagun egunen batean elkarrizketarako abagune aproposa sortzea, non, nahiz eta denen gustukoa ez izan, 1967ko mugak errespetatu, Palestinak estatu propioa izan eta bere hiriburua Jerusalem ekialdean izango duen. Aterabide hori ez da palestinar askoren eszenatoki gogokoena izango, baina haiek gatazkari irtenbide politiko bat eskaintzen diote aspalditik, sionismoak ez bezala.